Edateko ura tratatzeko instalazio eramangarrien fabrikazioa, Think Big 2022 enpresa-ideiarik onena
Lehiaketaren helburua Bizkaiko UPV/EHUko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzea da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/07/26
Aurten, 15 hautagaitza aurkeztu dira, eta horietatik, Ceata Ingeniería SL izan da irabazlea, eta 2.500 euroko saria jaso du. Proiektuak edateko ura tratatzeko instalazio eramangarriak (PTAPP) garatzen ditu.
Jon Ander Maña Iglesias Ceata Ingeniería S.L. enpresa irabazlearen administratzaileak honela definitu du enpresa: «Edateko ur eramangarria tratatzeko instalazio hauen garapen propioan dihardugu, kudeaketa jasangarria, edangarritasun eraginkorra eta kalitate-arau zorrotzenak betetzeko gai dena bermatzeko, eta edateko uraren eskuragarritasun geografikoari erantzuteko, beharrezkoa den lekuetan».
Think Big enpresa-ideien lehiaketa bat da, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzea helburu duena. Horrela, ikasleak animatzen dira beren ezagutza eta esperientzia profesionalak aplika ditzaten, merkataritzaren aldetik bideragarriak diren zerbitzuak eta produktuak garatzeko asmoz.
Bigarren saria 1.500 eurokoa da, eta ‘GenomAbs' proiekturako izan da: Antigorputz monoklonalekin egindako terapietarako prebentzio pertsonalizazioko zerbitzua. Azterketa genomikoak egiten ditu, paziente bakoitzaren aurre-joera genetikoak ebaluatzeko, terapia jakin batzuk eraginkorrak izan daitezen.
Era berean, hirugarren bi sari daude, 800 euro bakoitzarentzat, eta honako hauek izan dira irabazleak: «Gura» proiektua (Surf taulak diseinatu eta fabrikatzea CFD teknologian oinarrituta, haien errendimendu hidrodinamikoa hobetzeko, fabrikazio gehigarria eta oinarri biologikoko materialak askoz ere modu ekologikoagoan eta jasangarriagoan txertatuz, taula birziklagarriak eta iraunkorragoak sortuz.) eta ‘Order Superfast’ '(Ostalaritzako establezimenduetarako APP pertsonalizatua, menu digital esklusibo baterako sarbidea duena, eskaerak eta ordainketak modu seguruan egiteko, QR kode bat irakurriz.).
Hiru akzesit
Halaber, 300 euroko hiru akzesit banatu dira "Zinnia Ediciones", "I Link to Print" eta "Virtual Space" proiektuetarako. 2022ko edizio honetan, guztira, 26 pertsonak (8 emakume eta 18 gizon) egindako 15 proiektu aurkeztu dira. Lehiaketa ZITEKek antolatu du eta epaimahaia UPV/EHUko, BEAZeko (Bizkaian ekonomia sustatzeko eta berrikuntza sustatzeko sozietate publikoa) eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatu dute. Proiektuak baloratzeko orduan, honako hauek hartu dira kontuan: ideiaren berrikuntza eta originaltasuna eta garapena, bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa, irtenbidea eta lehiarako abantaila, proiektuaren eskalagarritasun-maila, gizartean eta ingurumenean duen eragina eta GJHekiko lotura, eta ekintzailearen konpromisoa.