Ezagutu Euskadiko geologia 2018ko Geolodíarekin
- Ekitaldia
Noiz eta non
Noiztik: 2018/05/12 Noiz arte: 2018/05/13, 09:00 - 20:00
Deskribapena
Maiatzaren 12 eta 13ko asteburuan izango da aurtengo Geolodía. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) geologoak buru-belarri dabiltza Euskal Autonomia Erkidegoko geodibertsitate izugarria ezagutarazteko lanean, eta txango bana antolatu dute EAEko probintzia bakoitzerako, maiatzaren 12 eta 13ko asteburuan egiteko. Txangoak erabat doakoak izango dira, eta, gainera, bertaratzen direnek argazki lehiaketa batean parte hartu ahal izango dute Twitter bidez.
Ba al dago geologoen lana ezagutzeko modu hoberik, haien lantokira joatea baino? Bisita gidatuko lantokiak ez dira izango Unibertsitateko laborategi edo bulegoak, ez, baizik eta geologoek ikertzen benetan denbora gehien ematen duten tokia: landa.
Eta horixe da Geolodíaren helburua, hala geologia nola geologoen lanbidea modurik atsegin eta dibertigarrienean gerturatzea gizarteari, adituek gidaturiko doako txango baten bitartez. Txango horretan edonork parte hartu ahal izango du, eta ingurune geologiko interesgarri bat ezagutuko da. Hala, ibilbide erakargarri baten bidez, partaideek denboran zehar bidaiatuko dute, inguruan daukagun paisaiari “begi geologikoekin” behatzeko.
Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria eta Geolodia 18 Euskadiko koordinatzailea Blanca Martínezen adierazi du antolatzaile guztiek maiatzaren 12 eta 13ko asteburua geologiaren inguruko “zinezko jaia” izatea espero dutela. “Gure gonbidapena luzatzen dizuegu gurekin batera denboran zehar bidaiatzeko, eta Euskadin ezkutaturik ditugun altxor geologiko zoragarriez jabetzeko; ekitaldi honen zabalkundea oinarrizkoa da gure inguruneak duen geodibertsitatea babesteko, ezagutzen ez dena ezin baita zaindu”, adierazi du Blanca Martínezek.
Arabako Geolodía 18, maiatzaren 12an, larunbatean, egingo da, Arabako Bailaretan: “100 milioi urteko bidaia bat proposatzen dizuegu, non ikusiko baitugu, zein prozesu geologikok osatu duten ingurune natural zoragarri horren egungo erliebea”.
Gipuzkoako Geolodía 18 ere maiatzaren 12an izango da, Lasturko haranean. “Geoparkearen aurpegi ezkutua ezagutuko dugu, non koralezko mendiak eta ezkutatutako bailarak aurkituko ditugun. Horrek guztiak eskualdeko herrietako bizitza nola baldintzatu duen ikusiko dugu”.
Azkenik, Bizkaiko Geolodía 18 maiatzaren 12an egingo da, Urkiolako Parke Naturalean. “Hor ikusiko ditugu prozesu bolkanikoek astindutako itsaso tropikalak; hala, milioika urteetan zehar moldatutako paisaia ikusgarriak gozatu ditzakegu orain”.
Eta nola eman dezakezu izena?
“Txango hauetakoren bat egin nahi baduzue, xehetasun guztiak aurkituko dituzue Espainiako Geologia Elkartearen webgunean; han, gainera, probintzia bakoitzeko posterra eta gida deskargatu ahal izango dituzue, eta izena emateko helbide elektronikoak eta harremanetarako pertsonak aurkitu. Bestalde, gugana jo dezakezue Facebooken, baita Twitterren ere, #Geolodía18 traolarekin”.
Geolodíari buruz
Geolodía estatu osoan egiten da, eta urtez urte 10.000 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute, doan. Gainera, 500 geologotik gora borondatez aritzen dira Geolodía antolatzen, geologiaren garrantzia eta euren lana gizarteratzeko helburuz.
Geolodía 2005ean sortu zen, Teruelen, eta 2011. urteaz geroztik aldi berean egiten da estatu osoan. Hamahiru urte hauetan, 50.000 partaidetik gora izan dira denera. Unibertsitate, ikerketa zentro, geoparke, administrazio eta erakunde pribatu ugarik laguntzen dute Geolodía antolatzen. Aurton “Mira lo que pisas” leloa izango du, eta 55 irtenaldi prestatu dira Espainian eta Andorra, Espainiako Geologia Elkarteak (SGE) eta Lurraren Zientziak Irakasteko Espainiako Elkarteak (AEPECT) koordinaturik, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuarekin (IGME) batera. Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak diruz laguntzen du egitasmoa, Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioaren (FECYT) bitartez Espainian, eta Euskadiko Geologoen Elkargo Ofizialaren bitartez Euskadin. Halaber, aurten Repsol eta Parques Nacionales elkarteak ere laguntzen du egitasmoa.