euskaraespañol

Gaurko irudia

«Ez utzi engainatzen, ezagutu zure zientzia!»

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/27

Jocelyn Bell, Ikasle talde batekin hizketan, topaketa bukatutakoan. Bere eskuman, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa, Fernando Plazaola. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Honoris causa doktore izendatua izateko egun bat falta zenean, Jocelyn Bell Burnell, Nobel saririk gabe geratu zen astrofisikaria, Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleekin elkartu zen, gainezka zegoen paraninfoan. Bere aholkua: “Egin galderak eta ikertu”. Eta batez ere neskei: “Jarraitu horretan”.

Gorputz azalera txikian kabitzen den zientziarako grina handia da, eta grin hori mimoz eta gertutasunez transmititzeak bi aldiz handi egiten du pertsona. Amona bere bilobei bezala zuzendu zitzaien gizonen munduan bidea egin duen emakume zientzialaria, Paraninfoa gainezka bete zuten gazteei. Ez zituen erantzun luzeak eman, baina bai gaiari hertsiki lotuak; tarteka, gainera, bere bizitzako pasadizoren bat oparitzen die gazteei, jakinmina asez. Fisika, ingeniaritza edota matematika ikasten ari diren ikasleek, ordubeteko tartean, zenbait modutara irudikatu ahal izan zuten Bell Burnell: izarren arteko seinaleak aztertzen laborategian orduak eman dituen zientzialari gisa; seme-alabak gaixorik jarri eta lanera joan gabe geratu behar izaten zuen amaren paperean, edota, egun, etxeko jardineko landareen zaintza eta mendizaletasuna zientziarekin uztartzen dituen eta adinean aurrera doan pertsona gisa. Mezu argia eman zien astrofisikariak ikasleei: “Egin galderak eta ikertu”. Aretoan zeuden neska gazteei batez ere: “Jarraitu horretan”.   

«Baliteke ikerketa ongi ordaindua ez izatea, ordu luzez lanean aritu behar izatea; baina pribilegio handia da gauza berriak deskubritzea» 

Fisikari buruzko hitzaldi magistralarekin abiatu zuen topaketa Jocelyn Bell Burnellek, fisika ikasten ari ez zirenei “lasai, ondo joango da” mezu lasaigarria igorriz. Hurbiltasunari keinu egin, eta Donostiako Badiako adibidea jarri zuen lehenik: badiako hondartzetan ageri diren hondar-gainek harreman zuzena dute Santa Klara irlaren bi aldeetan sortzen diren olatu-uhinekin eta haien distantzia-tartearekin. Ondoren, urrunagora jo, eta inkek piramideekin egiten zuten erabileraren azalpen fisikoa ere eman zuen. Komunitatean arazoak zituztenean, gaixotasun edo gudak tarteko, liderrak piramideen aurrean elkartzen zituen herritarrak, eta txaloa jotzen zuen. Piramideak itzultzen zuen oihartzun berezia quetzal txoriaren seinalea zen, eta arazo haiei jarri beharreko konponbide gisa interpretatzen zuen liderrak. Fisikari zor, piramidean eraikitako eskilaren tamainak eta esku-zarta motza jotzeak frekuentzia askoko oihartzun konplexu eta berezia sortzen zuen. “Erabili zure fisika egoki” eta “ez utzi engainatzen, ezagutu zure zientzia!” mezuarekin itxi du hitzaldia Bell Burnellek. 

Emakumeak zientzian 

Ikasleen galderen txanda iritsi zen; ezagun da emakume gisa astrofisikaren bidea urratu izanak sortzen dien jakinmina; ezin oharkabean pasa, pulsarraren lehen irrati-seinalea berak aurkitu arren bere tesiaren ikuskatzaileak, Antony Hewishek, jaso zuela Nobel saria 1974an, lan horregatik. “Britainia Handian ez dago emakume zientzialari askorik, hemen asko ikusten ditut, ongi” esan, eta gogoratu zuen neska bakarra zela Glasgowko Unibertsitatean fisika ikasten aritu zenean: “Anfiteatrora sartu, eta gizonezko guztiak txistuka eta lurra jotzen hasten ziren”. Hemen eta orain, egoera errazagoa izatea opa die gazteei, nahiz eta, aitortu zuenez, “gizonen karrera emakumeena baino garrantzitsuagotzat jotzen da, oraindik”. Amorrua ematen dio haurtzarotik hasita generoaren arabera jostailuekin egiten diren bereizketak: “Teknologia eta ingeniaritzarekin lotutakoak mutilentzat, eta sukaldaritza edo estetikarekin lotutakoak neskentzat. Horrelakoak erosten jarraituz gero, oso zaila izango da gizartea aldatzea. Baina nola aldatu? Nik ez dakit, presioa mantenduz esango nuke”.  

Behin eta berriz errepikatzea 

Ikerketa egin nahi dutenentzat ea gomendiorik bazuen galdetzean, Bell Burnellek ez zuen zalantzarik izan: “Baliteke ez ongi ordaintzea, ordu luzez lanean aritu behar izatea; baina pribilegio handia da gauza berriak deskubritzea. Saiatu” eta batez ere galderak egiteko gonbita egin zien gazteei: “Ulertzen ez dituzun gauzek eramango zaituzte bide berriak zabaltzera”. Gogor lan egitea eta burua lanean izatea da zientzialariaren gomendio nagusia, “ez deskantsatu”, esan zuen, “eta izan iraunkorra; behin errepikatzeak ez du balio, bigarren eta hirugarren aldi batek egon behar du” pultsarraren aurkikuntzarekin hori ezinbestekoa izan zela oroituz, eta “nire gainetik zegoena konbentzitzea, noski” nabarmenduz. Umorerik ere ez zitzaion falta: “Horrelakoetan dena gertatzen da, gainera, ostiral arratsalde batean oporretara zoazenean!”.  

«Planeta ugari topatzen ari gara, baina hobe dugu dugun hau zaintzea» 

Fisikaren garrantziaz galdetuta, “herrialde baten ekonomiak fisikaren beharra du” argi dio, eta gaineratu: “Ahalik eta jende anitzena aritzea fisikan garrantzitsua da, esaterako ez soilik azal zurikoak; gutxiengoen ideia eta begiradak aberasgarriak dira”. Ohartarazpena ere egin zuen Lurretik kanpo bizirik ote dagoen galdetzean: “Planeta ugari topatzen ari gara izarren artean baina hobe dugu dugun hau zaintzea, eta anabasarik ez egitea”. Galderen erantzunekin ordubeteko tarte atsegina amaitutakoan, Paraninfoa hustu ahala gazte hainbat gerturatu zitzaizkion astrofisikariari berarekin selfiak egitera. Neskak gehienak.  

Ekitaldiaren laburpen bat ikusteko, egin klik hementxe.