'Lezetxiki, Neardentalen lurraldea' erakusketa ikusgai
Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroak erakusketa antolatu du, Alvaro Arrizabalaga (UPV/EHU) eta María José Iriarte (Ikerbasque) komisario dituela
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/12/17
Erakusketan, Gordailuan zeuden 60 pieza jarri dira ikusgai; horien artean, besteak beste, hartzen garezur osoak, makako baten baraila, neanderthalek egindako harrizko tresnak eta haiek erabilitako maskorrak, horietako batzuk Mediterraneokoak. Erakusketa apirilaren 9ra arte ikusgai egongo da Arrasateko Kulturaten eta Arrasateko Udalaren, Arrasate Zientzia Elkartearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza izan du.
Euskal Herrian aurkitutako giza hezurrik zaharrenen erreplikak ere egongo dira (humero bat eta bi hortz). Atapuercako hezurren leizean aurkitutako hezurduren oso antzekoak dira. Inguruko beste aztarnategi batzuetako fauna garrantzitsua ere ikusi ahal izango da erakusketan. Lezetxikiko aztarnategia erabat babestuta dago Kulturako sailburuordearen 2021eko irailaren 6ko Ebazpenaren bidez, babes bereziko kultura ondasun deklaratu baitzen, zona arkeologikoaren kategorian, eta garrantzi handia du euskal historiaurrea ezagutzeko.
Neandertalak Euskal Herrian
Neandertalak 100.000 urtez baino gehiagoz bizi izan ziren Euskal Herrian, eta era guztietako klimak ezagutu zituzten, bai gaur egungoen antzekoak (epelak eta hezeak), eta bai askoz estadialagoak (hotzak eta lehorrak). Horren ondorioz, haitzuloak ez ezik (Lezetxiki, esaterako), harpe harritsuak (Axlor) eta aire zabaleko kanpalekuak (Mugarduia iparraldea) ere erabili zituzten. Lehenengoek neandertalei buruzko askoz informazio gehiago ematen digute, batetik, harpeetan eta kanpamentuetan aztarna arkeologikoak okerrago kontserbatzen direlako eta, bestetik, horietan zailagoa delako era horretako aztarnak aurkitzea.
Gainera, Kantauriar isurialdeko altitude baxuko tokiak erabiltzeaz gain, mediterranear isurialdean ere ibili ziren, besteak beste, Urbasan (900 m) eta Treviñon (700-800 m), silex azaleratzeak ustiatzeko. Toki horietako batzuk silex tailerrak izan ziren (Murba).
Klima eta ingurumena. Landaretza
Lurraldean gertatzen diren klima aldaketek paisaiaren aldaketa ziklikoak ekartzen dituzte. Diziplina arkeologikoen bidez, arkeologia mailetan fosilizatu diren landare hondarrak berreskuratu, zehaztu eta interpretatzen dira. Adibidez, Arrasateko bi aztarnategiren (Labeko Koba eta Lezetxiki) analisi palinologikoei esker, badakigu azken glaziar aldiaren barruan klimaren hobealdi faseak (estadioartekoak) egon zirela, eta litekeena dela zuhaitz espezie hostogalkor gutxi batzuk egotea (hurritzak, haritzak, baita gaztainondoak ere). Etapa hotzenetan oso zuhaitz gutxi zeuden (batez ere pinuak eta/edo ipuruak). Zuhaitz estalki txiki hori dela eta, egur gutxi zegoen eskuragarri. Labeko Koban horren adibide on bat dugu. Arrasaten, duela 41.000 urte, hotz ikaragarria egiten zuen, eta ia ez zegoen zuhaitzik inguruan. Hori zela eta, egurrik ezean, bisonteen hezur birrinduak erabiltzen zituzten erregai gisa.
Hartzak, bizikidetza zaila
Hartzek lozorroan edo hibernatzen igarotzen dituzte hilabete batzuk urtero. Udaberrian, udan eta udazkenaren zati batean gainelikatu egiten dira negua igaro ahal izateko; fase horretan, ezkutuan egoten dira, eta ez dute ezer jaten. Hibernazio garaia gerturatzen denean, babespeko eremu bat bilatzen dute (normalean kobazuloak), eta udaberriaren hasierara arte lo egoten dira bertan. Lezetxikin hiru hartz espezie bizi izan ziren, eta milaka urtez gizakia handik kanpo bizitzera bultzatu zuten: aurrena, Ursus deningeri; ondoren, Ursus spelaeus (haitzuloetako hartza) eta, horiek desagertu eta gero, Ursus arctos, egungo hartz arrea. Lezetxikiko geruza batzuetan ez da giza jardueraren inolako aztarnarik aurkitu, hartzena besterik ez. Nitxoak edo hartzuloak egiten zituzten, eta, batzuetan, ezin bazuten hibernazioa gainditu lozorroan zeuden bitartean hiltzen ziren, eta aztarnek ez zuten inolako aldaketarik jasaten arkeologoak iritsi arte.
Bizitza eta heriotza
Euskal Herrian neandertalak bizi izan ziren aztarnategi asko ezagutzen ditugun arren, haiei buruzko informazio gehiena Europako edo Ekialde Hurbileko beste eskualde batzuetatik iritsi zaigu. Duela lau hamarkada inguru arte, haien gaitasun teknologiko, kultural eta sozial gehienak gutxietsi egiten ziren; baina, orduan, espezieari buruzko topiko asko sakon berrikusten hasi ziren. Gaur egun, zenbait ehorzketa ezagutzen ditugu, eta horietan argi ikusten da eskaintzak egiten zituztela eta okrea erabiltzen zutela. Era berean, gero eta onartuagoa dago paleontologoen artean hizkuntza konplexua zutela; unibertso sinboliko bat, nahiz eta zaila den zehaztea materia organikoen kontserbazio txarraren ondorioz; eta gure espeziearen antzeko egitura soziologikoa, komunitateko pertsona ahulenak edo desgaitasunen bat dutenak zaintzea barne hartzen duena. Azken finean, ikerketaren arabera, neandertalen portaera eta gure espeziearena oso antzerakoak direla ikusi da.