euskaraespañol

Gaurko irudia

Euskal Herriko Unibertsitatearen 2021-2022 ikasturtearen irekiera ekitaldia egin da

Eva Ferreira: “Unibertsitate bat proiektu kolektiboa da, eta lan horren onura soziala, ekarpen indibidualen batura baino handiagoa”

Errektoreak apustu egin du esparru arauemaile egokiago eta eraginkorrago baten alde

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/15

Ezkerretik eskumara, Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzarretako presidentea; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua; Iñigo Urkullu lehendakaria; Eva Ferreira errektorea; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Denis Itxaso, Gobernuko ordezkaria, eta Albert Fert Nobel saria. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Gaur, Gipuzkoako campuseko Carlos Santamaria Zentroan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) 2021-2022 ikasturtearen irekiera ekitaldia egin da. Lehendakaria buru izan duen ekitaldiak ordezkaritza instituzional zabala bildu du, baita euskal sare sozioekonomikoko ordezkaritza esanguratsua ere.

Bere hitzetan, Eva Ferreira errektoreak positiboki baloratu du aurreko ikasturtea, eta eskerrak eman dizkie unibertsitateko kide guztiei ikasturtea ahalik eta baldintzarik onenetan burutzeko egin duten ahaleginagatik: “Gure unibertsitateko pertsona guztiek ahalegin ikaragarria egin dute, eta eskerrak eman behar dizkiet egin duten lan handiagatik”. Gainera, nabarmendu egin du bere garaian erabaki ona izan zela % 75eko batez besteko presentzialtasuna mantentzea irakaskuntza jardueran, oreka egoki bat bilatuta baliabide telematikoak erabiltzearen eta lan presentzialaren artean: “Joan den ikasturteko gure lorpenik handienetakoa izan da online plataformak erabiltzearen eta presentzialtasuna ahalik eta mailarik gorenean mantentzearen artean lortu dugun oreka”. Orain hasten den ikasturtearen helburua izango da presentzialtasun maila berberaz hastea eta % 100era zabaltzen saiatzea, baldin eta osasun egoera hobetzen bada.

Errektoreak adierazi du albiste ona dela unibertsitate publikoak Shanghaiko rankingeko 400 unibertsitate onenen artean jarraitzea. “Euskal Herriko Unibertsitatea erakunde sendo bat da, eta etengabeko bilakaeran dago. Euskal herritar gehienek unibertsitate honetan ikasi dute edo ikasten dute, eta munduko unibertsitate hoberenen % 2aren multzoan gaude. Azken batean, gure herriko goi mailako prestakuntzaren eta ikerkuntzaren motor nagusia gara. Gure unibertsitate publikoa funtsezko erakundea da Euskal Herriaren kanpo proiekzioan, nazioarteko eta diziplinez gaindiko aliantzei esker”.

Errektoreak hizpide izan ditu ere pandemian unibertsitateko kideek hedabideetan egin duten dibulgazio zientifikoko lana eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektuan eginiko urratsak. Eraikin berriaren tramitazioak aurrera jarraitzen du, eta seguruenik ikasturte honetan bertan hasiko dira lanak. Halaber, esan du garrantzitsua dela, adierazle teknologikoez gainera, gizarte adierazleak ere sartzea unibertsitate ebaluazioan: Technology Readiness Level-etik Societal Readiness Level-era igarotzea. Esther Dufluo Nobel sariduna aipatuta, Eva Ferreirak adierazi du unibertsitate baten dimentsio soziala ebaluatu behar dugula "sendagai berri baten ondorioen zehaztasun berarekin".

Bestetik, errektoreak azpimarratu du pertsonen gaikuntza hobetzeak unibertsitatean duen balioa, baliabide ekonomikoak areagotzetik eta teknologian eginiko inbertsiotik harago, eta lanaren eredu kolaboratibo baten alde agertu da: “Unibertsitateak onura kualifikatu bat transmititzen dio gizarteari, eta onura hori ekarpen espezifikoen batura baino askoz handiagoa da”. Hitzaldiaren amaieran, berriro ere nabarmendu du esparru arauemaile egoki eta eraginkorrago bat lortzeko premia: “Ez dauka zentzurik errazagoa izatea euro publiko bat erakunde pribatu batean erabiltzea euro pribatu bat erakunde publiko batean erabiltzea baino –adierazi du–. Kontu ematea, noski; gardentasuna kudeaketan, ere bai; emaitzak hobetzea, zalantzarik gabe. Baina berriro esan nahi dut: edo kapazak gara legeek unibertsitate publikoen lana uler dezaten, eta lan hori erraz dezaten, edo gure arrakastan ito gaitezke. Horregatik, gure zeregina ulertzea eta laguntzea eskatzen diet gure erakundeei, lege esparru berriak norabide hori har dezan”.

Ikasturte hasierako hitzaldia, Albert Fert Fisikako Nobel saridunaren eskutik

Albert Fert UPV/EHUko ohorezko irakasle eta Fisikako Nobel saridunak egin du ikasturte hasierako hitzaldia, ‘Passion for sciences and teaching sciences’ izenburupean. Fert bere unibertsitate ikasle garaiko oroitzapenak aipatuz hasi da, eta adierazi du doktoregoko ikasle gazte batek ere ekarpenak egin ditzakeela zientziaren agertoki zabalean. Irakaskuntzarekiko bere pasioarekin batera, gogora ekarri ditu UPV/EHUko ikertzaileekin egin zituen lehenengo kolaborazioak eta unibertsitate honekin duen aspaldiko harremana, azkenean erakundean sartzera bultzatu duena.

María Blanco-Rey irakaslea arduratu da Albert Fert aurkezteaz, Frantziako Zientzien Akademiako kidea eta sariz beteriko karrera akademiko eta ikertzailea duena; besteak beste, Fisikako Nobel saria. Sari hori Peter Grünberg irakasle alemaniarrarekin batera jaso zuen, magnetoerresistentzia erraldoia aurkitzeagatik. Fertek egin zituen fenomeno horren lehen behaketak; gero, ikerketan sakondu eta teorizazio lana egin zuen, bere argitalpenen bidez.

Erakundeen eta gizartearen ordezkaritza zabala

Ikasturtearen irekiera ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkaria, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua. Bertan izan dira ere Jose Mª Guibert eta Bixente Atxa Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak, hurrenez hurren, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko gobernu taldeetako ordezkariak.

Gainera, Manuel Montero, Juan Ignacio Perez Iglesias, Iñaki Goirizelaia eta Nekane Balluerka errektore ohiak ere bertaratu dira, baita mundu akademikoaren, gizartearen eta Eusko Legebiltzarreko alderdien ordezkaritza zabala ere.

2021-2022 ikasturteari buruzko datuak

2021-2022 ikasturtean eskaintzen diren 103 graduetako ia 35.000 ikasleak klasean ari dira dagoeneko. Lehen lauhilekoa UPV/EHUn egingo duten beste unibertsitate batzuetako ikasleak ere heldu dira. Mugikortasun programei esker, Euskal Herriko Unibertsitateak atzerriko edo estatuko 817 ikasle hartuko ditu, eta 2.407 ikasle bidaliko ditu beste erakunde batzuetan ikastera. Datu horiek ikasleen mugikortasunaren berreskurapena islatzen dute; izan ere, pandemia aurreko zifretara gerturatzen ari gara, eta Erasmus eta Sicue programen kasuan dagoeneko hobetu dira.

Graduondoko ikasketetei dagokienez, UPV/EHUk 108 unibertsitate master eskaintzen ditu. Horietariko hamaikak araututako lanbide jakin batzuetan jarduteko bidea ematen dute; zortzi Erasmus Mundus masterrak dira (Europako Batzordeak deialdi oso lehiatsu batean aukeraturiko masterrei eskaintzen die bikaintasun zigilu hori), hiruk prestakuntza duala dute, eta beste bost Amerikako unibertsitateetan emango dira, Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez.

Halaber, UPV/EHUk graduondoko 65 berezko master eta graduondoko ditu aurtengo ikasturtean. Horietariko 12 berri-berriak dira, eta 26 moduluka egin ahal izango dira, ingurunearen prestakuntza beharretara eta ikasleen bitartekoetara hobeto moldatzeko. Hortaz, egitura modularrei esker, kreditu gutxien dituzten programak batuz gero, maila goreneko titulazioak lortu ahal izango ditu ikasleak. Berezko tituluen eta unibertsitate masterren matrikula irekita dago.

Azkenik, doktoregoan jakintza adar guztietako 66 programa eskaintzen dira. Izena emateko epea pasa den astean ireki zen, eta irailaren 30ean itxiko da.

Irakaskuntza, ikerketa eta administrazio eginbeharrak aurrera eramateko, 5.700 irakasle-ikertzaile ditu ikasturteon, eta administrazio eta zerbitzuetako 1.888 langile.

Aurretik adierazi denez, 2020-2021 ikasturtean ezarritako “presentzialtasun egokituaren” ereduari eusten zaio (hau da, jarduera gehienbat presentziala konbinatzen da jarduera telematikoarekin eta ikasleen ikaskuntza autonomorako prestakuntza jarduera ez-presentzialekin). Helburua batez beste % 75eko presentzialtasunarekin jarraitzea da, osasun egoerak % 100era itzultzea ahalbidetzen duen arte. Hortaz, ikasturte honen lehentasunetako bat unibertsitate-komunitatea osatzen duten pertsonen osasuna zaintzen jarraitzea izango da, eta nahitaez bete beharko diren babes orokorreko neurriak berresten dira: jende pilaketak saihestea; maskara erabiltzea; segurtasun tartea mantentzea; ikasgelak ongi aireztatzea; ikasleen mugimendua mugatzea, ahal den neurrian, ikastegien barruan; eta, ezarritako garbitasun eta desinfekzio neurri guztiak aplikatzea. Egoeraren bilakaeraren arabera, ezarritako neurriak moldatzen joango da unibertsitatea.