Eva Ferreira: «Euskal Herriko Unibertsitatea gure herriaren gizartea eta lurraldea egituratzen duen eragile bat da»
UPV/EHUk ikasturte berriaren hasiera ospatu du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/09/13
Irailaren13an, Gasteizko Letren Fakultatean, UPV/EHUren 2023-2024 ikasturtearen irekiera ekitaldi nagusia egin da. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela, euskal erakundeen eta sare sozioekonomikoaren ordezkaritza zabala bildu da.
Bere hitzaldian, errektoreak hizpide izan ditu euskal unibertsitate publikoak ikasturte honetarako ezarri dituen helburu nagusiak. Besteak beste: lankidetza areagotzea gizartearekin eta enpresekin, urtean gutxienez 15 spin-off sortzea, fakultate eta eskola guztiek diziplina anitzeko prestakuntza proiektuetan parte hartzea, EHU2030 agenda unibertsitate jarduera osoan txertatzea, eta nazioarteko presentzia indartzea, ENLIGHT aliantzaren bidez eta Bordelekin mugaz gaindiko campusaren bidez. Digitalizazioa izango da beste desafio handi bat, Open Science Euskadi egitasmoaren ildoan.
Errektoreak nabarmendu du ere UPV/EHUri egungo gizartean dagokion zeregina, bai eta haren konpromisoa ere, pertsona guztien ongizatearekin eta aurrerabidearekin: “Aliantzak egin behar ditugu eta zubiak eraiki behar ditugu, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren gure euskal sareak sortzen duen jakintzaren artxipelagoa konektatzeko. Galderak gero eta konplexuagoak dira, eta erantzunetan arrakasta handiagoa izango dugu baldin eta ondo aprobetxatzen baditugu eragile guztien arteko aliantzak. UPV/EHUren zeregina da, sare horren eragile egituratzaile gisa”. Beste ekimen batzuk ere aipatu ditu, Itsasgunea eta Mobility Lab, gizarte-erronkei erantzuteko eta unibertsitatea-gizartea lankidetzarako adibide zehatzak bezala.
Gainera, errektoreak balio berezia eman dio euskal unibertsitate publikoak erdietsi duen nazioarteko proiekzioari: “Nazioartera begira, ENLIGHT aliantza eta Bordeleko unibertsitatearekin sortu dugun mugaz gaindiko campusa dira emaitza bikainak eman dituzten egitasmo sendoak, eta horregatik da garrantzitsua mantentzea Shanghaiko rankingean dugun posizio bikaina. Hobera egin dezakegu? Dudarik gabe, eta zinez uste dut euskal unibertsitate publikoa hobetzea dela gure herriaren erronketako bat”.
“Urrats interesgarrienak ezagutzaren abangoardian, Garapen Jasangarrirako Helburuei ekiteko gakoak… horiek denak etorriko dira -eta dagoeneko badatoz- diziplinarteko taldeen eta sektoreen arteko esperientzien bitartez, talde homogeneoek garatutako lanetatik haratago. Horregatik, tematuta gaude Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako egitasmo multidiziplinarrak bultzatzearekin, prestakuntzan, ikerketan eta transferentzian. Eta horregatik, apustu egiten dugu gure ikerguneen alde, hainbat talderen lana bateratzeko tresna gisa eta aurre egiteko era askotako jakintzak behar dituzten desafioei”.
Bere hitzetan, Eva Ferreira errektoreak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, bere konfiantzagatik eta lanagatik, eta bereziki, Hezkuntza Sailari, legedian aldaketa asko izan diren urte batean. Eskerrak eman dizkie ere unibertsitateko langile guztiei, egin duten lanagatik eta aldaketetara egokitzeko erakutsi duten gaitasunagatik. Bereziki nabarmendu du 2023-2026 Unibertsitate Planaren garrantzia, martxan dauden egitasmoen arrakasta bermatzeko eta are handinahiagoak izango diren beste batzuei ekiteko lanabes gisa.
Bere hitzaldian, lehendakariak euskal unibertsitate publikoaren zeregin garrantzitsua nabarmendu du: “Unibertsitatearen lana eta euskal gizarteari eta Europari egindako ekarpena nazioartean askotan goraipatu da. Eta bat egiten dut horrekin. Aurten ere, gure Unibertsitateak balorazio erreferentziala lortu du Shangaiko rankingean, munduko 500 onenen artean kokatuz. Berriro diot, munduko 500 unibertsitaterik onenen artean kokatuta dago. Oso harro gaude.
2022-2023 ikasturteko memoria akademikoa
Bestetik, erakundearen idazkari nagusi Aitor Zurimendik irakurri du unibertsitateak aurreko ikasturtean eginiko lana biltzen duen memoria. Bere azalpen luze-zabalean nabarmendu du joan den ikasturtean 46.000 ikasle baino gehiago igaro zirela UPV/EHUren ikasgeletatik, eta %21eko hazkundea izan zela ikasle atzerritarren multzoan. Aipagai izan ditu ere EQAR Europako Agentziaren kalitate zigilua lortu duten bi masterrak, eta aitortza hori Europako bi tituluk bakarrik jaso dutela erantsi du. Gainera, 20 ikasgela berri sortu dira unibertsitate-enpresa-gizartea egitasmoaren baitan; tartean, lehenengo bi gizarte ikasgelak (bata Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta bestea Down Sindromearen Fundazioarekin). Era berean, III. Inklusio Planaren ebaluazioa egin da: indarrean dirauen lau urteetan, 5.284 ikaslek jaso dute laguntza. Bestetik, 1.148 ikaslek parte hartu dute elkartasun eta boluntariotza jardueretan, eta martxan jarri da ikasleen eskaerei erantzuteko entzute sarea. Azkenik, idazkari nagusiak esan du euskal unibertsitate publikoak 7,1 milioi euro eskuratu dituela PERTE-Next Generation funtsek finantzatutako lankidetza publiko-pribatuko proiektuetan.
Aniztasuna
Bi izan dira gaurko ekitaldiko ikasgai magistralak. Leire Urkidi geografiako irakaslearen ikasgaiak gaitzat hartu du “Aniztasuna eta biziaren jasangarritasunerako mugak”; aldiz, Iván Igartua filologia eslaviarreko katedraduna “Kaosa eta ordena munduko hizkuntza aniztasunean” gaiaren inguruan mintzatu da.
Urkidi irakasleak hizpide izan du gaur egun batik bat gizakiaren jokabideagatik arriskuan dagoen aniztasun biologiko aberatsa: “Nondik jarraitu ikasten bizitzaren iraunkortasunaren bidean? Erantzunean berriro ere aniztasuna. Alde batetik, aniztasun kulturalak bizitzeko modu ezberdinak daudela azaltzen digu. Ezer idealizatu gabe, naturarekin harreman ezberdinak dituzten kulturetatik ikaspen kritiko baliagarriak atera ditzakegu. Beste aldetik, aniztasun disziplinarra: azaldutako arazoek begirada anitza eta disziplinartekoa behar dute, eta gizarte eta giza zientziak balioestea. Izan ere, bizitzaren iraunkortasunak gure gizatasunaren eta gure jendartearen oinarrizko balioen inguruko hausnarketa sakona proposatzen digu”.
Bere aldetik, Igartua irakasleak aztergai izan du aniztasun kulturala, arriskuan ere dagoena: “Aniztasunean hiritar gisa dugun askatasunaren funtsa dago: hautatzeko aukera, baita hizkuntza-mailan ere. Galdutakoan, ez gara berdinak izango. Aniztasunarekiko konpromisoa espezie gisa dugun erantzukizunaren parte da, eta aniztasunaren etorkizuna gure askatasunaren etorkizuna ere bada neurri handi batean, hizkuntzarekin batera argi eta garbi gizaki gisa bereizten gaituena”.
Bi gogoeta horiek bat etorri dira errektorearen hitzekin: “aniztasuna, mundua ezagutzeko eta hobetzeko eragozpen ez izateaz gain, ezinbestekoa da erantzun asko aurkitzeko: hizkuntza aniztasuna, lurralde aniztasuna, sexu aniztasuna, kulturala, ideologikoa, diziplina zientifikoena… Eta galdera berriak egiten ditugu jakintzak ematen dizkigun adostasunetatik abiatuta”.
Gizarte eta erakunde ordezkaritza zabala
Ekitaldian izan dira Jokin Bildarratz hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Denis Itxaso gobernu ordezkaria, Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea eta Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia. Ekitaldian izan dira ere Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea eta Deusto, UPNA, Tecnum, UNED eta EUNEIZ unibertsitateetako ordezkariak.
Gainera, Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Iñaki Goirizelaia errektore ohiak ere bertaratu dira, bai eta erakunde akademikoen, sare sozioekonomikoaren eta Legebiltzarreko alderdien ordezkari ugari ere.
Dokumentuak
- (Beste leiho bat zabalduko du)Aitor Zurimendi Unibertsitateko idazkari nagusiak egindako 2022-2023 Ikasturteko memoriaren laburpena (pdf ,62,40 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Leire Urkidi Geografiako irakasle agregatuak eskainitako hitzaldia: ‘Aniztasuna eta mugak bizitzaren iraunkortasunerako’ (pdf ,80,67 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Ivan Igartua Eslaviar Filologiako katedradunak eskainitako hitzaldia: ‘Kaosa eta ordena munduko hizkuntza aniztasunean’ (pdf ,454,29 Kb)