Alicia Alonso, Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna, Sara Barja, Ikerbasque Research Associate UPV/EHUn eta Ainhoa Magrach, Ikerbasque Research Professor BC3n, ikertzaileek Hezkuntza Sailaren eta Ikerbasqueren aintzatespena jaso dute Passion for Knowledge (P4K) 2023 zientzia-jaialdiaren irekiera-ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasquek Alicia Alonso eta Sara Barja ikertzaileen lana aitortu dute
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/10/04
Inaugurazio-ekitaldian, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian ospatutakoa, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza, gipuzkoako diputatu nagusia, eta Eneko Goya, hiriko alkatea, izan ziren.
Donostia International Physics Centerrek antolatuta, jaialdi zientifikoaren helburua Euskadiko emakume ikertzaileak ikusaraztea da, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Beraz, ez da hainbeste sari bat, errekonozimendua eta ikusgarritasuna baizik. Horretarako, beren karrera zientifikoaren hiru etapa desberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dira: aurreratua, sendotzea eta etorkizun handikoa.
Alicia Alonso, ikerketa-karreragatiko aintzatespena (Advanced maila), Biokimikan doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Zelula-prozesuetan lipido/proteina elkarrekintzan oinarritzen da bere ikerketa, bereziki autofagiarekin zerikusia dutenetan. International Union for Pure and Applied Biophysics (IUPAB) erakundeko Batzorde Exekutiboko kidea 2008tik 2014ra, eta International Union of Biochemistry and Molecular Biology (IUBMB) erakundeko Batzorde Nazionaleko idazkaria 2010etik 2014ra. 2015eko martxotik COSCE Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioko idazkari nagusia da, eta 2019an berriz hautatu dute kargu horretarako. Aurtengo martxotik Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioko (COSCE) presidenteordea da.
Batzordeak bere ibilbide zientifiko bikaina nabarmentzen du biologia molekularraren arloan, bere lidergo-gaitasuna, nazioartean bere ikerketa-esparruan erreferente izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko zientziarekin duen konpromisoa, bereziki azpimarratuz Biofisika Institutuko, CSIC Zentro Mistoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) lehenengo zuzendaria izan zela.
Sara Barja, emakume ikertzaile gazte batek eginiko ekarpen nabarmen batengatiko aintzatespena (Starting maila), Fisikan doktorea da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gainazalen elektrokimikan oinarritzen da bere ikerketa. ERC Starting grant, European Research Council-ekoa.
Batzordeak bere ikerketa-esparruan egin dituen ekarpen bereziak eta ikertzaile gazte gisa lortu berri dituen lorpenak nabarmendu ditu. Izan ere, ERC Starting Grant bat lortu du, hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile eraginkorragoak eta ekonomikoagoak garatzea helburu duena, itsasoko uretatik elektrolisia aztertuz.
Passion for Knowledge zientzia-jaialdia urriaren 7ra arte ospatuko da. Nagusiki Donostian, Bilbon eta Beasainen egiten diren jardueren programa zabal batek eratzen du.