Mugaz Gaindiko Lankidetza bi laborategi berrik matematikaren aplikazioetan eta zementu oinarri duten materialetan ikertuko dute
UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak berritu dute beren hitzarmen markoa, mugaz gaindiko campusaren nazioartekotzea bultzatzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/11/30
UPV/EHUren Gipuzkoako Campusean ospatzen ari da gaur Euskampus-Bordeaux Eguna. Batzarrean UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak sustatzen duten Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campuseko 200 ikertzailek parte hartu dute, hala nola Tecnalia eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) arduradun eta ikertzaileek. Tecnalia eta DIPC dira Euskampus egitasmoan parte hartzen duten beste bi erakundeak.
Euroeskualdeko Bikaintasun Campusaren proiektuaren garapena islatu da batzarrean. 2014an sortua, emaitza ugari izan ditu hezkuntza, ikerketa eta Euskadi eta Akitania Berriko eragileen arteko loturan. Izan ere, lau urteko lehen zikloa bukatuta, Bordeleko Unibertsitateak eta UPV/EHUk berriztatu dute bien arteko hitzarmen markoa. Asmo handiagoak ditu akordio berriak, batez ere aliantzaren nazioartekotzeari dagokiola.
UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkaren iritziz, “Euskampus-Bordeaux Campusa benetako buru-lurralde bihurtzeko bidean dago, ideia eta esperientziak partekatzeko espazio, eta proiektu berriei forma emateko leku. Lurralde originala dela esango nuke, geure-geurea den eta unibertsitate maila gainditu duen eta Euskal Herriko eta Akitaniako gizarteen arteko harreman sozial eta kulturalerako osagai sendo bilakatzeko bidean dagoen lurraldea”.
Gainera, Euskampus-Bordeaux Eguna aprobetxatu da Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi (MGLL) berri bi sortzeko:
- MGLL matematika eta bere aplikazioetan – TRANSMATH, hauen partaidetzarekin: UPV/EHU, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Tecnalia, Bordeleko Unibertsitatea, Centre national de la recherche scientifique (CNRS) eta Bordeleko Institutu Politeknikoa (Bordeaux INP)
- MGLL zementu oinarri duten materialen zientzia eta teknologian – BASKRETE, hauen partaidetzarekin: UPV/EHU, DIPC, Basque Center for Macromolecular Design and Engineering. (POLYMAT), Materialen Fisika Zentroa (CFM), Tecnalia, Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC), Bordeleko Unibertsitatea eta CNRS.
MGLL berri bi horien aurretik beste bi baziren: MGLL fabrikazio aurreratuan – AENIGME, eta Eskala Kuantikoko Fisika eta Kimika Teorikoko MGLL – QuantumChemPhys.
Halaber, Ikerketa Laborategi Bateratu (JRL, ingelesezko siglen arabera, Joint Research Laboratory), berri bat sortzeko akordioa sinatu da, antibiotikoekiko ingurumen-erresistentzia ikertzeko. Horretan arituko dira: UPV/EHU, Neiker-Tecnalia eta Basque Center for Climate Change (BC3). MGLL eta JRL-en arteko ezberdintasuna da bigarren hauetan Euskadiko erakundeek soilik parte hartzen dutela.
Bestalde, Euskampus-Bordeaux Egunean, ikertzaileek beren Ezagutza Guneetan izandako aurrerapenak eta heldu beharreko erronkak ezagutarazi dituzte. Sei gune horiek ezagutza eta berrikuntza ekosistema bat osatzen dute, non unibertsitate munduko, teknologia eta ikerketa zentroetako, bio-osasun institutuetako eta gizarte zibileko eragileek parte hartu eta ikertzen duten. Itsas energia, osasunaren zientzia eta teknologia, 4.0 industria, lurralde osasungarri eta iraunkorrak, material aurreratuak eta eraldaketa digitala dira Ezagutza Guneek lantzen dituzten sei arloak.
Azkenik, doktorego tesiak UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen artean kotutoretzan egiten ari diren ikasle batzuek beren ikerketa proiektuak aurkeztu behar dituzte ‘Nire tesia 180 segundoan’ lehiaketa frantsesaren formatuari jarraikiz. Aurkezpen horietan, ikasle bakoitzak bere doktorego tesiaren lana azaldu behar du gehienez ere hiru minutuan. Ikasleek hilabeteko prestakuntza eta entrenamendua jaso dute formatu zorrotz horretara egokitzeko eta izango duten denbora labur horretan errendimendu handiena lortzeko. Hain zuzen ere, oso gai ezberdinak lantzen ari dira beren tesietan: kutsadura, neurozientziak, material polimerikoak eta nanoelektronika
Euskampus-Bordeaux Campusa
UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak bultzatutako Euroeskualdeko Bikaintasun Campusak unibertsitate mailan oso ondorio garrantzitsuak izan ditu: graduondoko lau titulazio bateratu sortu dira, kotutoretzeko 25 tesi urtean abiatzen dira eta mugaz gaindiko sareak eta ekimenak ezarri dira. Are gehiago, Euskampus-Bordeaux Campusa funtsezko eragile bihurtu da Euskadi-Akitania Berria-Nafarroa Euroeskualdeko Plan Estrategikoa (2014-2020) garatzeko, zeren eta prestakuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren arloan lankidetzan jarduteko esparru komun bat baita, euroeskualdea nazioarteko hedakuntzan oinarritutako eskualde moduan finkatzen laguntzen duena.