euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal Herriko Unibertsitatea, munduko 150 unibertsitate gazte onenen artean

Times Higher Education aldizkariak argitaratutako ranking berrian, UPV/EHU duela 50 urte baino gutxiago sortutako unibertsitate onenen artean ageri da berriro ere

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/06

UPV/EHUko ikerketa talde bat

Unibertsitate gazteen rankingak (Young University Ranking), garai batean THE 150 Under Rankings deitzen zitzaionak, duela mende erdi baino gutxiago sortutako unibertsitate onenak biltzen ditu, eta Euskal Herriko Unibertsitatea aurreneko 150en artean jarri du beste behin ere. Times Higher Education (THE) aldizkariaren edizio berri honek hainbat berritasun ekarri ditu; esaterako, zerrenda 200etik 250 unibertsitatera handitu du. Metodologia kontu handiz landu dute berriro, eta parametro nagusitzat ezarri dituzte irakaskuntza, ikerkuntza, izen handiko argitalpenetako aipuen adierazlea, nazioarteko ikuspegia eta ezagutzaren transferentziagatik lortutako baliabideak.

                Young University Rankingek prestigio handia du unibertsitate gazteenen lorpenak neurtzeko (50 urtetik beherakoenak), eta mundu osoan erabiltzen da sortu berri diren erakunde akademikoak kalifikatzeko.

Times Higher Education Londresen kokaturiko astekari bat da, The Times egunkariari atxikitakoa, eta Erresuma Batuko nahiz mundu osoko goi mailako hezkuntzari buruzko informazioa argitaratzen du. 1971tik 2008ra bitartean egunkari formatuan argitaratu zen, eta orain aldizkari moduan kaleratzen da.

Iragan hilean, garatzen dituen txostenen edukia eta objektibitateagatik nazioartean horrenbesteko eragina duen CWUR rankinga izan zen UPV/EHU mundu guztiko unibertsitateen artean 359. postuan kokatu zuena. Halaber, ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa  duen Shanghaiko Rankinean munduko 500 unibertsitate onenen artean kokatu da azken sei urteotan UPV/EHU. Hamaika dira soilik lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak Shanghaiko Rankinean.

“Mundu mailako unibertsitate gazteak ebaluatzeko erakusle zorrotza da THE Rankinga”, esan du Nekane Balluerka errektoreak, albistearen harira. “Gure unibertsitatearen izen ona sendotzeaz gain, nazioartean proiektatzen du bere irudia, agertzen garen beste nazioarteko ranking batzuek egiten duten bezalatsu, hala nola Shanghaiko rankinga.  Oso berri positiboa da UPV/EHUrentzat, baina ez dugu triunfalistak izan nahi: hobetzeko aukera dugu eta jakin badakigu hori egin behar dugula. Dena dela, horrelako albisteak norabide onean lan egiteko pizgarriak dira”.