euskaraespañol

Eguneko irudia

Errektorearen eta errektore hautetsiaren adierazpena Euskararen Nazioarteko Egunean

Euskal Herriko Unibertsitatea eta euskara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/03

Eva Ferreira eta Nekane Balluerka.
Eva Ferreira eta Nekane Balluerka. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

1979an Gernikako Estatutua onartu baino ia hamarkada bat lehenago, Euskal Herriko Unibertsitateko kide bilakatuko ginenok hasiak ginen ordurako unibertsitate mailako ikasketetan eta jarduera akademiko guztietan euskara bultzatzen. Jazinto Iturbe kimikariak, euskararen arloko lehenengo errektoreordeak, 1974an euskaraz idatzitako lehen tesina aurkeztu zuenetik, unibertsitatean euskarak egin dituen aurrerapausoak ikusgarriak dira.

Datuen bilakaera aztertzen badugu, inork ez du ezbaian jarriko Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) sortu eta azken lau hamarkadatan euskararen egoerak Unibertsitatean izaniko hobekuntza, ezta Unibertsitatearena berarena ere. Gradu eta graduondoko ikasketak Europako Markora moldatu dira, nazioartekotze prozesu batean murgildurik gaude, ikerketaren arloan aurrerapen handiak egin dira, eta gure gizartean inoiz baino nabariagoa da UPV/EHUren eragina. Arlo horietan guztietan, Unibertsitateak aurrera egin du, bai eta euskararen presentziak ere.  Horren erakusgarri, besteak beste, 2000. urtetik gaur egunera arte graduko derrigorrezko irakasgaien euskarazko eskaintza erdia izatetik ia guztiak (% 98) euskaraz eskaintzera igaro garela, 20 urte hauetan euskaraz buruturiko doktorego tesien kopurua hirukoiztu egin dela (urtero 60 inguru) eta irakasle-ikertzaileen estamentuan euskara eskakizuna duten lanpostuen portzentajea % 25ekoa izatetik %60koa izatera pasatu dela.

Bide horretan, hertsiki akademikoak diren esparruetatik haratago unibertsitateko eremu guztietan euskararen erabilera sustatu da, harreman sozialetarako gune fisiko eta birtualak eratu dira euskaraz, eta hizkuntzaren aktibazioan lagundu nahi duten komunitateko kideentzako aukera berriak zabaldu dira. Alde horretatik, hizkuntza-ohituren aldaketarako estrategien bidez, euskararekiko erantzukizunaren eta jokabideen hausnarketa bultzatuz eta taldean batera lan eginez, euskara erabiltzeko ingurune eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak, sortu dira, honakoak, besteak beste, gogoan izanik:

- Unibertsitate gisa, euskarak gure gizartean duen presentzia eta erabilera sustatzea  gure zereginen artean dagoelako.

- Euskararen hotsa (eta ahotsa) munduaren  hizkuntza-aniztasunaren parte esanguratsu eta preziatua delako.

- Euskararen unibertsitatea ere bagarelako.

- Euskara oraina eta etorkizuna delako.

Euskal Herriko Unibertsitatean euskaraz GEHIAGO, GEHIAGOREKIN, GEHIAGOTAN!!!