Hezkuntza fakultateak Euskalit kalitate sarietako hiru finalisten artean, hezkuntza sektoreko berrikuntza atalean
Epaimahaiaren ustez, gure ikastegien proposamena aitzindaria da estatu mailan hezkuntza-berrikuntzan. Ebazpenean nabarmentzen da, halaber, hiruek garatzen duten eredua finkatuta dagoela eta enplegagarritasun-maila handia duela
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2023/01/12
Bizitzan ez dago irakasgairik, konpondu beharreko erronkak baizik. Baieztapen horrekin aurkeztu zuten Euskal Herriko Unibertsitateko hiru hezkuntza fakultateek Euskaliten Quality Innovation Award 2022 kalitate sarietarako proposamena, eta edizio honetako hiru finalisten artean geratzea lortu dute, hezkuntza sektoreko berrikuntzaren atalean. Sariak joan den abenduan banatu ziren Kursaalen (Donostia).
Sarirako proposamena hiru fakultateek elkarrekin aurkeztu zuten: Bilboko Hezkuntza Fakultateak, Gasteizeko Hezkuntza eta Kirol Fakultateak eta Donostiako Filosofia eta Antropologia Fakultateak. Ikastegiek proposamen berritzailea egiten dute graduko irakaskuntzarako, irakasgaien ordez modulu sistema batean oinarritua, eta irakasgaietako gaitasunak diziplinarteko lanean biltzen dituena. Moduluen bidezko sistema honek, foku anitzeko erantzun kolektiboa errazten du asko izanik modulu bakoitzean biltzen diren jakintza arloak.
Euskaliteko epaimahaiak positibotzat jo du proiektua, eta erabakian nabarmendu du graduko ikasketetan sistema modularra sartu duen estatuko lehen unibertsitate publikoa dela, eta ikuspegi hori aitortua dela bai nazioan bai nazioartean.
Era berean, erakundeak azpimarratu du proposamena lanerako sistema bat dela, bezeroei aukera ematen diena gizarte aldakorrak dakartzan erronka berriei aurre egingo dieten profesional gisa prestatzeko, pertsonen koordinazioaren bidez sortua, moduluko diziplinarteko jarduerak diseinatzeko, eta horren bidez, benetako testuinguruetatik hurbil dauden ikaskuntza esperientziak errazteko.
Ildo horretan, Euskalitek bere erabakian azpimarratu du berrikuntza horrek eragin positiboa izan duela hezkuntza maila guztietan, kontuan hartuta ikasleek enplegagarritasun handia lortzen dutela, hain zuzen ere % 100 inguru UPV/EHUko hezkuntzako lau graduetan.
Hiru fakultateek hainbat adierazle zehaztu dituzte proiektuan beren berrikuntza ebaluatzeko: okupazio maila, enplegagarritasuna eta ikasleen gogobetetze orokorra graduan. Tresna horiekin, adierazle guztiek gora egin dutela egiaztatu ahal izan dute hiru fakultateek, eta, ondorioz, gora egin du ere graduetara sartzeko gutxieneko notak.
Hamar urteko ibilbidea eta Unibasqen abala daukan proiektua
i3 (ikaskuntza, ikerketa eta iraunkortasuna) hezkuntzako moduluetan oinarritua, ereduak, 12 urte luzeko ibilbidean, erakutsi du eraginkorra dela Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 10.000 ikasle baino gehiago eta 300 irakasle baino gehiago pasa dira eredu horretatik UPV/EHUko hiru fakultateek eskaintzen dituzten graduetan: Haur Hezkuntzako Graduan, Lehen Hezkuntzako Graduan, Pedagogiako Graduan eta Gizarte Hezkuntzako Graduan.
Hezkuntza eredu horrek Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasq) egiaztapen prozesu guztiak gainditu ditu, agentzia hori izanik graduen eraginkortasuna egiaztatzeaz arduratzen dena, agentziak berak ezarritako kalitate adierazleak oinarri hartuta.
Hiru ikastegietako dekanoak pozik agertu dira aintzatespen horrekin. Ildo horretan, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoak, Urtza Garayk adierazi du “hiru fakultateetako irakasleek egindako lana eta gure Hezkuntza Graduek gizarte jasangarri eta kritikoarekin bat datorren kalitatezko hezkuntza garatzeko duten konpromisoa" aitortzen duela.
Bestalde, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak, Beñat Amenabarrek, hauxe adierazi du: “UPV/EHUko hiru Hezkuntza fakultateentzat oso berri pozgarria izan da Euskalitek emandako aintzatespen hau, azken 12 urteetan gure fakultateetan landu eta garatu den irakaskuntza eredua balioan jartzen duelako. Hasieratik eta gaur egunera arte irakaskuntza eredu hau nola eraiki den da niretzat azpimarragarriena, hain zuzen, irakasle, arlo, sail eta fakultate desberdinek elkarlanean egindakoa izatea. Gaur egun eredua guztiz egonkortuta dago EHUko fakultateetan eta aurrerantzean ere erronka berriei helduko diegu eredua etengabe garatu behar dela sinesten dugulako. Batzuetan kanpotik jasotzen diren aintzatespenak beharrezkoak izaten dira etxe barruan ere jabetu daitezen (gaitezen) egindako lanaren garrantziaz eta balioaz.”
Julio Calleja, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoa, ildo berean aritu zen adierazpenak egitean: “Oso pozik gaude Euskalitek gure 3 fakultateetan garatzen dugun ereduaren aitorpenagatik. Elkarlana da eredu honen oinarri eta ardatz garrantzitsuenetako bat eta aitortza honek elkarlan hori indartuko duelakoan nago, azken urteetan berrikuntzaren bidetik egin dugun moduan horretan jarraitzeko adorea emango digularik.”
Baina, eredu organikoa den aldetik, aipatutako fakultateek iragarri dituzte dagoeneko hobekuntzak, eta metodologia aktibo berriak izango dituzte, hala nola, Erronketan Oinarritutako Ikaskuntza (EOI), eta Garapen Jasangarriaren Helburuetatik (GJH) eratorritako ikuspegiak ezarriko dituzte. Erakutsi dute, bai, arduraz hartzen dutela etengabe eguneratzea eta gizarte errealitate berrietara egokitzea. Laster egiaztatu ahal izango dira berrikuntza horien emaitzak.