euskaraespañol

VI. Ikasleen Biltzarrean emandako zortzi sarietatik zazpi emakumezko ikasleentzat izan ziren

Ekimenaren helburua da ikasleak Garapen Jasangarriaren Helburuekin lotutako GRALa idaztera animatzea eta sari-banaketa Zientzia Astearen baitan egin zuten

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/16

Sarien banaketa Zientziaren Astearen baitan egin zen. | Argazkia: Fernando Gómez, UPV/EHU.

Azaroaren 9an, ostegunean, Ikasleen VI. Biltzarrak Garapen Jasangarriaren Helburuei (GJH) buruzko Gradu Amaierako Lanekin (GRAL) lotutako azken edizioko sariak banatu zizkien ikasle irabazleei. Aurtengoan, berritasun gisa, Biltzarrak Zientzia Astearen baitan banatu ditu sariak.

“Gure Gradu Amaierako Lanek (GRAL) mundua aldatzeko balio dute” lelopean, Ikasleen Biltzarrak aurtengo edizioan ere karrera-amaierako beren ikerketak Nazio Batuek diseinatutako GJHetakoren baten ikuspegiaren arabera bideratzera animatu ditu ikasleak. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatzen dituen helburu berberak dira horiek.

Konpromiso Sozialeko eta Transferentziako zuzendariaren, David Hoyosen, hitzetan, “ikasleek gertuen duten esparruarekiko konexiotik abiatuta mundua eraldatzen lagundu dute haien GRALekin: aipagarria da haien lanak inguruko errealitate sozioekonomikoarekin nola lotu dituzten, bertatik abiatuta, tokitik, globala den hori eraldatzeko. Gainera, beste behin, prozesua zuzentzen ari direnak batez ere emakumezkoak direla nabarmendu nahiko nuke”.

Seigarren ediziora arlo zientifiko guztietako 99 proposamen aurkeztu dira (41 gradu ezberdin) eta, parte-hartzeari dagokionez, beste behin, nagusi izan dira emakumeak (68 emakumezko eta 31 gizonezko).

Batzorde zientifikoak, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak izendatutakoak, saio tematikoetara joandako publikoarekin batera saritu zituen zortzi Gradu Amaierako Lan. Ardatz bakoitzeko (pertsonak, planeta, oparotasuna eta bakea-aliantzak) 300 eta 150 euroko sari bana jaso zituzten.

Sari-banaketa Zientzia Astearen barruan egin zuten eta Guillermo Quindós, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak, eta David Hoyosek, Konpromiso eta Inpaktu Sozialeko zuzendariak, eman zituzten.

Hauek izan ziren ikasle sarituak:

Vitoria Da Silva De Lima

Ardatza: Bakea eta aliantzak. Lehen saria

GrAL: “Cuestiones de criminología e inmigración: la prostitución en Bizkaia, un estudio piloto

Gradua: Kriminologia

Vitoria Da Silva De Lima

Vitoriak ondorioztatutakoaren arabera, prostituzioari buruzko eztabaidak gai hauetara mugatzen ziren: alderatutako zuzenbidea, ikuspegi kuantitatiboak (zenbat emakumek jarduten duen horretan eta non), abolizioa bai ala ez... baina sekula ez emakumeen beharrak edo proiektu akademikoetan haien partaidetza kontuan hartuta. Horregatik, elkarrizketa sakonak egin zizkien protagonista batzuei eta, hortik abiatuta, haien bizitzetako historiak jaso zituen. “Ondorioak fenomenoa bezain askotarikoak dira: ez dago haien artean posizionamendu komun bakar bat ere, ezin dezakegun kolektiboez hitz egin eta ez dute konponbidea zein izan daitekeen erabakitzeko garaian ere iritzi bera: abolitu edo legeztatu. Bestalde, ezin dezakegu prostituziora jotzen duen gizonezkoaren profila ere zehaztu, azterketa guztien erdigunea eskaintza baita”.

Ikasle honek eztabaida tradizionaletatik aldendu eta planteamendu hau egitea proposatzen du: “zer behar dute prostituzioan jarraitu nahi duten emakumeek? Eta, atera nahiko balute, nola lagundu?”. Vitoriaren hitzetan: “Lanari feminista abolizionista baten ikuspegitik ekin nion eta, amaitu nuenean ulertu nuen ezin naitekeela emakume akademikoak ematen didan pribilegioarekin etorri, zer egin behar duten esanez”.

María Ochandorena Alba

Ardatza: Bakea eta aliantzak. Bigarren saria

GrAL: “Animalien aurkako tratu txarrei emandako erantzun kriminologikoak: Zigor Neurri Alternatiboen (MPA) eremuan esku hartzeko proposamena

Gradua: Kriminologia

María Ochandorena Alba

Etxeko animaliek jabetza soil izatetik, familiako kide izatera igaro dira, baina oraindik ere tratu txarren biktimak izaten dira. Maríak tratu txarrak jasandako animalien egoeraren inguruan kriminologian eta biktimologian dagoen literatura aztertu du bere GRALean. Animalien ongizateari buruzko lege berria onartu baino lehentxeago amaitu zuen bere lana eta, ondorioz, ezin izan zituen lanean berritasunak gehitu. Ikerlanak nabarmendu duenez, herritarrek animalientzako babes handiagoa eskatzen dute eta, aldi berean, araua urratzen dutenentzako zigor gogorragoak ere bai. Era berean, egoera horri aurre egiteko proposamenen zerrenda bat prestatu du; izan ere, orain arte indarrean zeuden legeek zehapen arinak jarri dituzte eta, ondorioz, erasotzaileak zigorrik gabe geratzen ziren. Ildo horretatik, Ochandorenak horrelako delituei erantzuteko eta, era berean, delitua egin dutenak berriz heztea eta gizarteratzea erraztuko luketen programak sortzea proposatu du. Horrekin lotuta, animalien bizitza ezagutzeko lehen hurbilketa ahalbidetuko duten ekimenak bideratu beharko lirateke. Era berean, honako hauek proposatu ditu: gaitasun pertsonalak lantzea, gertaeren gaineko erantzukizuna hartzea (batzuek ez dute delitutzat jotzen), eta jokabide prosoziala eta enpatia izatea animaliekiko errespetuaren bidez.

Marina Cantabrana Lacuesta

Ardatza: Pertsonak. Lehen saria

GrAL: “Más allá del riesgo el embarazo y la maternidad adolescente como estrategia biográfica ante situaciones de vulnerabilidad social y afectiva

Gradua: Psikologia

Marina Cantabrana Lacuesta

Marinak lankidetzako praktikak egin zituen Nikaraguan. Han, nerabe asko nahita haurdun geratzen zirela ikusi zuen. Horregatik, bere GRALean “nerabeen amatasun horri lotuta zer faktore dauden eta horiek zer ondorio izan ditzaketen” aztertzea erabaki zuen. Cantabranak ondorioztatu zuenez, faktore fisikoez gain, badaude beste indibidual batzuk ere: afektiboa (familian topatu ez zuen maitasun edo haurtzarorik eza), autoestimua edo nortasunaren garapena, besteak beste.

Gainera, egileak adierazi duenez, erabaki horretan eragina izan dezaketen beste faktore batzuk ere badaude: familiakoak, gizarte mailakoak edo bikotearenak. Marinak nabarmendutakoaren arabera, haurdun geratzeko pizgarri garrantzitsu bat osatzen dute haien bizitza-aukera mugatuek eta “ama bihurtzen direnean lortzen duten rol-aldaketak. Izan ere, une horretan, haien iritzia aintzat hartzen da eta familiaz zaintzeko gai diren emakume arduratsutzat jotzen dituzte”, azaldu du.

Bistakoak dira erabaki horiek sortzen dituzten arazoak: gazte horien aukerak mugatuta geratuko dira eta horietako bat izango da, adibidez, prestakuntzaren garapenarekin lotutakoa. Hori guztia, ordea, haien artean sendotuta dauden balio sozialei kontrajarrita dago. Izan ere, haien arabera, amatasuna da emakumearen helburu nagusia.

Fernanda Cándida Esteves

Ardatza: Pertsonak. Bigarren saria

GrAL: “Meritofarsa: historias de inequidad en el acceso de mujeres migrantes y racializadas a los estudios superiores”

Gradua: Psikologia

Fernanda Cándida Esteves

Arrazakeriaren aurkako militantziarekin konprometitua dago Fernanda eta bere GRALak “unibertsitateko arrazismoaren ikuspegia eskaintzea” nahi zuen “emakume horiek bizi dituzten zailtasunak identifikatzeko eta hori konpondu ahal izateko hemen bizi duten egoera zein den jakiteko lehen urrats gisa”. “Zure moduko jenderik ez dagoen toki batera iristen zarenean, toki horretan ez zenukeela egon beharko pentsatzen duzu (azaldu du egileak) eta horixe bera da gaur egun hemen gertatzen ari dena”. Bere hitzetan, “ez dago pertsonen, erreferenteen edo banatutako ezagutzen aniztasunik (izan ere, iparraldeko unibertsitateek erakusten dutena bakarrik hartzen da erreferentziatzat). Ondorioz, zero aniztasuna dago”, amaitu du zorrotz.

Egoera hori zuzentzeko, Fernandak “unibertsitatean arrazakeriaren kontrako protokoloa” idaztea proposatu du. “Izan ere, emakume gisa, badakigu nora joan behar dugun laguntza eskatzera, baina emakume migratzaileak eta arrazionalizatuak gara eta, ondorioz, ez gaude hemen babestuta, ez dakigu nora jo behar dugun, zer sala dezakegun eta zer ezin dezakegun salatu”. Era berean, ikerlariak proposatu du “irakasleei eta ikasleei zuzendutako arrazismoaren aurkako prestakuntzak” martxan jartzea.

Joana Moso Urkia

Ardatza: Planeta. Lehengo saria

GrAL: “Automobilgintza pribatuaren tributazioa, klima-aldaketari aurre egiteko tresna"

Gradua: Zuzenbidea

Joana Moso Urkia

Joanak hemen, Europako beste herrialde batzuetan eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (ELGA) ibilgailuak edukitzeagatik kobratzen den zergaren konparazioa egin zuen. Mosok uste du zergak oker aplikatzen zaizkiela ibilgailuei: "GJHen helburua autoa alferrik ez erabiltzea bada, ez litzateke tasa bat grabatu behar autoa edukitzeagatik, nahiz eta egun osoan aparkatuta eduki, baizik eta autoa erabiltzeagatik". Alternatiba gisa, ikerlariak proposatzen du "zerga bat ezartzea egindako kilometroei, segun eta zein eremutan erabiltzen den kontuan hartuta. Gainera, kilometrajearen gaineko zerga hori ez litzateke ausazkoa izango; aitzitik, kostu handiagoa izango luke " ibilgailua erabiltzen dutenentzat garraio publikoaren eskaintza dagoen eremuetan eta hiriko erdiguneetan; eta txikiagoa, adibidez, landa-eremuetan, non beharrezkoa da ibilgailua erabiltzea mugitzeko, alternatibarik ez dutelako". Joan-etorri horien jarraipena egiteko, teknologia berriak erabiltzea proposatzen du, neurketak eta jarraipena GPS bidez egitea ahalbidetzen dutenak, erabiltzailearen pribatutasuna urratu gabe eta datuak inongo zerbitzaritan utzi gabe ".

Olatz Sainz Pardo

Ardatza: Planeta. Bigarren saria

GrAL: “Cribado de bacterias marinas productoras de compuestos antimicrobianos

Gradua: Biologia

Olatz Sainz Pardo

Konposatu antimikrobianoak (antibiotikoak, adibidez) mikroorganismoak (bakterioak edo onddoak, esate baterako) ugaritzeari aurre egiten dioten agenteak edo substantziak dira.

Infekzio-gaixotasunak eta botikekiko erresistentzia osasun-arretarako arrisku handia dira. Horregatik, beharrezkoa da konposatu antimikrobiano berriak topatzea eta ozeanoak horretarako oso iturri erakargarria dira. 

Ikerlan honekin, ”itsasoko bakterioetan garrantzi klinikoa duten bakterioei eta onddoei aurre egiteko aktibitate antimikrobianoa detektatzeko metodo bat aukeratzen eta optimizatzen saiatu naiz eta, bestetik, jarduera antimikrobiano hori itsasoko bakterioetan bahetu dut”.

Olatzek azaldu duenez, “Lan honen emaitza gisa egiaztatu dugu probak egindako itsasoko bakterioen % 83k erreferentziazko bakterio baten edo gehiagoren hazkundea inhibi dezakeela eta, % 17an, aldiz, aktibitate antifungikoa”.

“Lan honek agerian utzi du antimikrobiano berriak bilatzea ezinbestekoa dela antimikrobianoekiko erresistentziari aurre egiteko eta tratamendu mediko eraginkorretarako sarbidea bermatzeko. Eta, bestetik, behar-beharrezkoa da ikerketak eskuragarri ditugun antimikrobianoekiko mendekotasuna gutxitzen laguntzea eta botika horien erabilera arduratsua bultzatzea”. 

Patrick Lasagabaster Blanco

Ardatza: Oparotasuna. Lehen saria

GrAL: “Arkotxako eremu industrialaren berreskurapen sozio ekonomikoa”

Gradua: Arkitekturaren oinarriak

Patrick Lasagabaster Blanco

Patrickek, hasieran, Zaratamoko auzo honen iragan industriala eta haren kokapen geografikoa aztertu zituen: gainbehera industriala jasan ostean, abandonatutako fabriken ingurunea da. Ikerlariak proposamen integrala egin du auzoaren mugakide diren hiru herriek (Zaratamo, Basauri eta Galdakao) ibaiaren ondoan dagoen gunea leheneratzeko ahalegina egin dezaten gaur egun dituen oztopoak gaindituta: auzoari zerbitzurik ematen ez dion trenbidea, bertara iristeko irteerarik ez duen autobidea eta auzoa isolatzen duten abandonatutako fabrikak. Arkotxak, gainera, desindustrializazioaren eta horren ondorio izan zen despopulazioaren eraginez, muga ekonomikoak ditu eta horrek bistako oztopoak sortzen ditu.

Biziberritzeko, Lasagabasterrek auzoa biziberritzeko ahaleginaren oinarri izango liratekeen bost estrategia proposatu ditu: naturaren, kulturaren, hezkuntzaren, lanaren eta elkarrekiko laguntzaren aldeko apustua egitea. Bere ustez, gainera, proposamen hori antzeko ezaugarriak dituzten Bizkaiko beste ingurune batzuetara estrapola daiteke: abandonu-egoeran dauden eta iragan industriala duten auzoak. Oraingoz, inguruko udalekin harremanetan jarri da ideiaren berri emateko eta proiektua proposatzeko.

Nagore Cebrián García

Ardatza: Oparotasuna. Bigarren saria

GrAL: “Capacitación energética en torno a una instalación fotovoltaica en una comunidad rural en El Salvador

Gradua: Energia Berriztagarrien Ingeniaritza (Eibar)

Nagore Cebrián García

Nagore Mugarik gabeko Ingeniaritza (ISF, gaztelaniaz) GKEra joan zen Lankidetzako praktikak egitera. Ondoren, Santa Martako (El Salvador) landatar komunitatera joan zen. Tutorearekin eta ISFko kideekin batera, gradu-amaierako lana diseinatu zuen koordinatutako bi jarduera-ildotan oinarrituta: alde batetik, tailerrak egin zituen eta, horietan, biztanleek “energiarekin lotutako hainbat alderdi landu zituzten: garrantzia, komunitateko kontsumoari buruzko azterketa, noren esku dagoen eta etorkizunean nola kontsumitzea gustatuko litzaiekeen, adibidez”. GRALaren bigarren zatian, aldiz, Zaca Maltako komunitatean instalazio fotovoltaiko bat diseinatu zuen. “Horri esker, Santa Martako biztanleen eskari elektriko guztia horni zitekeen”, azaldu du. Horren abiapuntua bere ikaskide batek aurrez egindako GRALa izan zen (hark Santa Martako teilatuetako potentzial fotovoltaikoa aztertu zuen). Nagorek azterketa hari jarraipena eman eta instalazio fotovoltaiko horren diseinua egin zuen, teilatu egokienak aukeratuz. Lanaren ondorioz, abian jarri ahal izateko plan estrategiko energetikoa aurrera eramateko ekimena sortu da.