euskaraespañol

Eguneko irudia

Mesolitoko sutegi berriak ikertzen ari dira Villenako El Arenal de la Virgen aztarnategian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/10

Ana Polo-Díaz, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile
Ana Polo-Díaz, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Alacanteko, Euskal Herriko, Aarhuseko eta Renneseko unibertsitateetako diziplinarteko lantalde batek egin du azterlana, eta ‘Archaeological and Anthropological Sciences aldizkarian argitaratu berri da. Ikerketa aitzindaria da Europako Mesolitoan, lehen aldiz bateratu dituenez bereizmen handiko arkeologia-analisiko hainbat teknika.

Alacanteko Laguna de Villenaren inguruko duna sistema batean dagoen El Arenal de la Virgen aire zabaleko aztarnategiko sedimentu arkeologikoei buruzko azterlan batek agerian jarri du sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeudela Mesolitoan. ‘Archaeological and Anthropological Sciences’ aldizkarian argitaratu den lan horren helburua da argitzea Europako duna testuinguru erdi idorretako Holozenoaren hastapeneko aztarnategi mesolitikoetan ohikoa den baina gutxi aztertu den giza jardueraren ebidentzia arkeologiko mota baten jatorri antropikoa; alegia, hobiko sutegi edo ‘hearth-pit’ deituena.

“Iberiar Penintsulan lehen aldia da egitura mota horiek xehetasunez aztertzen direla metodologia sistematiko bat aplikatuz, haien eraketa zehazteko eta haien funtzio espezifikoa hobeto ulertzeko, eta aztarnategia okupatu eta utzi ondoren izandako aldaketak ebaluatzeko”, dio Ana Polo-Díaz, Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile, UPV/EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldeko kide (Gizapre) eta artikuluaren lehenengo sinatzaileak. Berritasuna da ikertzaileek diziplinarteko arkeologia zientifikoko metodologia berritzaile bat aplikatu dutela lan hori egiteko, estratigrafia eta testura analisia, lurzoruaren kimika, mikromorfologia, petrografia eta luminiszentzia optikoki estimulatua (OSL) eta termoluminiszentzia (TL) bateratuta.

Lantaldeko kideak izan dira, arestian aipatu dugun Ana Polo-Díaz, Alacanteko Unibertsitateko eta Danimarkako Aarhuseko Unibertsitateko ikertzailea den José Ramón Rabuñal, Frantziako Renneseko Unibertsitateko ikertzailea den Guilaume Gerän, eta UAko Arkeologia eta Ondare Historikoaren Ikerketarako Unibertsitate Institutuko (INAPH) itzal handiko ikertzailea den Javier Fernández López de Pablo.

“Lortutako emaitzek berresten dute ikertutako egituren jatorri antropikoa; egitura horien kronologia bi okupazio fase desberdinekin lotzen da: aspaldikoenak 9.300 eta 9.100 urte arteko antzinatasuna du, eta berrienak 8.700 eta 8.400 urte arteko antzinatasuna”, azaldu du Javier Fernández López de Pablok.

Aurkitutako hondakinak: sutegiak eta labe bat

Okupazio fase zaharrenari dagokionez, aska labe bati legozkiokeen egitura hondarrak aurkitu dira, eta, horrez gain, labe horren errekuntza hondakinak metatzeko eremu bat ere, erabilera puntuala izango zukeena.  Fase berrienari dagokionez, fase zaharrenarekin alderatuta azalera handiagoko jarduera eremuak identifikatu dira, non suaren ebidentziak ez ezik, 200 eta 400 urte bitartean hedatu zen kokaleku baten okupazioaren hondakinak dokumentatu baitira.

Lortutako datuek agerian uzten dute bizigarritasun baldintza klimatikoak egokiak izan zirela Antzinako Holozenoan El Arenal de la Virgen giza kokagunea izan zen denbora tarte espezifikoan. «Ingurumen baldintza horien bereizgarriak izan ziren giroko hezetasuna, tenperatura eta landare estalkia handitu egin zirela, Pleistozenoan eta Holozeno Ertainean, hurrenez hurren, gunea okupatu aurreko eta ondorengo uneetan kausitutako idortasun nabarmenaren aldean», diote artikulugileek.

Ikerketa horren emaitzek bide berriak ireki dituzte Iberiar Penintsulako Historiaurreko azken ehiztari-biltzaileen taldeen aire zabaleko kokalekuak ikertzeko, giza eboluzioan erabakigarria izan zen garai batekoak direnak; hain zuzen ere, azken glaziazio handia amaitu eta gaur egun gauden klima periodoa, Holozenoa, hasi zenekoak.

Argitaratu den azterlana PALEODEM-‘Late Glacial and Postglacial Population History and Cultural Transmission in Iberia’ proiektuaren barruan dago. ERC Consolidator proiektu bat da, Europako Ikerketa Kontseiluak finantzatzen du, eta Javier Fernández López de Pablo, UAko ikertzaileak gidatzen du. Proiektu horren helburua da Europako hego-ekialdeko historiaurreko azken ehiztari-biltzaileen demografian klima inpaktua zein izan zen argitzea, eta ebaluatzea nola eragin zion inpaktu horrek giza talde horien kultura transmisioari.

Erreferentzia bibliografikoa