UPV/EHUko Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Sailean egindako azterlan batean Europako Ikerketa Esparrua (EEI) delakoan sakondu dute, eta ikertzaileen, ezagutzaren eta teknologien zirkulazio askeak Europar Batasunaren garapen ekonomikorako eta sozialerako duen garrantzia azpimarratu du.
Europako Ikerketa Esparruak herrialdeei eraginkorragoak izaten laguntzen die elkarrekin jardunez
UPV/EHUko azterlan batek Europako Batasuneko I+G politika aztertu du
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/17
Ana Arizaga Batiz ikertzaileak Europako Ikerketa Esparruaren merkatua aztertu du, Europar Batasunean dagoen ikerketa-politika hobeto ulertzeko. “Europako Batasuneko I+Gko politika nola sortu zen, nola garatzen ari den eta datorren hamarkadan norantz doan ulertzea izan da helburua”, adierazi du Ana Arizaga Batizek.
“Europar Batasunaren integrazio-prozesuaren lorpen handienetako bat barne-merkatu bat lortzea da. Merkatu horretan, estatuen arteko merkataritza-oztopoak ezabatu dira, eta herritarrak, salgaiak eta zerbitzuak Europako mugen barruan askatasunez mugi daitezke. Testuinguru horretan, Europako Ikerketa Esparruak (EEI) lorpen hori ikerketaren eta ezagutzaren eremura eraman nahi du; ikerkuntzarako eta berrikuntzarako mugarik gabeko barne-merkatu bakarra sortu nahi du, ikertzaileak, ezagutza zientifikoak, teknologiak eta berrikuntza askatasunez zirkulatzea sustatuko dituena, eta halaber, Europako industria lehiakorragoa bultzatuko duena. Europako Ikerketa Esparruak eraginkorragoak izaten laguntzen die herrialdeei, beren ikerketa-politikak eta -programak bateratzen baitituzte”, adierazi du ikerketaren egileak.
Lan honetan aztertutako datu-multzoari esker, “ikusi dugu Europako Ikerketa Esparruak ez duela helmuga zehatzik, ezta helburu zehatzik ere; izan ere, dinamismo handiagoa eta malgutasun handiagoa izateko planteatu da. Une bakoitzeko agenda politikora eta ibilbide politikoaren orrira egokitu behar den proiektua da. Etengabe aldatzen den zerbait da, eta ez da inoiz guztiz osatzen, baina, aldi berean, eragin handia du Europan I+G egiteko moduan”, azaldu du Ana Arizaga Batizek. Gainera, “hurrengo hamarkadan zenbait erronka eta arazo interesgarri izango direla aurreikusten dugu: I+Gren arloan egiten diren jarduerak ez dira nahikoak izango, beste esparru politiko batzuekin integratutako eta koordinatutako jarduerak beharko dira, hala nola hezkuntza eta industria, ezagutza hezkuntza-sisteman ere sortzen baita, eta edozein ikerketaren emaitzak merkatura iritsi behar dira ekonomia eta gizarte-ongizate bihur dadin”, gehitu du Arizaga Batizek.
Lanaren egilearen arabera, “datu horiek guztiak aztertuta, Europako Ikerketa Esparruak 2021-2030 hamarkadan izan dezakeen bilakaeraren ezaugarri eta joera nagusiak aurreratzen lagundu nahi da. Ikus daitekeenez, Europako Ikerketa Esparrua oso presente dago oraindik, ez agian 2000. urtean proiektua abiarazi zeneko pisu estrategiko berarekin, baina gaur egun premiazkoa da ikerketa emaitza ekonomiko eta sozialak lortzeko”.
Informazio osagarria
Ikerlan hau Ana Arizaga Batizek egindako doktore-tesiaren barruan kokatzen da ('El Espacio Europeo de Investigación y la quinta libertad. La libre circulación de investigadores, conocimiento y tecnologías. La política de I+D en la Unión Europea'). UPV/EHUko Administrazio, Konstituzio eta Zuzenbidearen Filosofia saileko irakaslea den Juan Ignacio Ugartemendia Eceizabarrenak zuzendu du tesia. Ana Arizaga Batiz Tekniker Fundazioan ari da lanean gaur egun.