euskaraespañol

Eguneko irudia

Europak bere lehen COFUND proiektua eman dio UPV/EHUri, Fabrikazio Aurreratuaren arloa bultzatzeko

Bordeleko Unibertsitatearekin lankidetzan, eremu horretan kualifikazio handikoak diren doktoratu osteko hamabost ikertzaile kontratatuko dira

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/11

CFAA-ko instalazioak. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak mugaz haraindiko Admire programa zuzentzen du. Programa horretan Bordeleko Unibertsitateak hartzen du parte, eta helburua da ikerkuntzarako eta berrikuntzarako gaitasuna hobetzea, bai eta Akitania Berriko eta Euskadiko eskualdeetako Fabrikazio Aurreratuaren arloko goi mailako kalitateko giza baliabideak ere, zehazki bost ildo estrategiko landuz: materialen eta prozesu aurreratuen taldeak, ekoizpen adimenduneko sistema malgu eta efizienteak, fabrika digital eta konektatua, energia efizientzia eta fabrikazio jasangarria. Europako Batzordeak 1.655.100 € eman dizkio proiektuari (1.103.400,00 € UPV/EHUrako eta 551.700,00 € Bordeleko Unibertsitaterako), doktoratu osteko kualifikazio handiko hamabost ikertzaile (hamar gizonezko eta bost emakumezko) Fabrikazio Aurreratuaren arloan txertatzeko.

Doktoratu osteko ikertzaile hautatuek 36 hilabeteko egonaldia egingo dute, programaren ezarpenak iraungo duen 60 hilabeteetan nazioartean zabalduko diren bi deialdiren bidez, eta Euskal Herriko Unibertsitateko edo Bordeleko Unibertsitateko ikertalderen batean txertatuko dira, beren ikerketa proiektuak lantzeko.  Admire programa Marie Sklodowska-Curie Ekintzetako (MSCA) Europako COFUND deialdian bilduta dago. Bertan, 25 erakunde baino gehiagok hartzen dute parte (ikerguneak eta enpresak), eta erakunde horiek egonaldiak eta trebakuntzarako aukerak eskainiko dizkiete hautatutako ikertzaileei, dagozkien proiektuak garatu ahal izan ditzaten, programaren sektoreartekotasuna eta diziplinartekotasuna bultzatuz.

UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreorde Inmaculada Arosteguiren iritzian, “Europako Batzordeak laguntza hau ematea arrakasta handia da gure unibertsitatearentzat, kontuan izanik Estatuan modalitate horretan lau proiektuk bakarrik jaso dituztela horrelako ekarpenak, eta hemeretzik Europan oro har. Gure proiektua hautatuen artean egotea proposamenaren kalitatearen erakusgarri da. Laguntza horren bidez, 1.655.100 €-ko zuzkidura etorriko zaigu Europatik, eta horri erantsi behar zaio bi unibertsitateen (UPV/EHU eta Bordele) kofinantzaketa, 1.737.162 € jarriko baititugu. Orotara, ia 3.400.000 € bideratuko ditugu Euskadiko eta Akitania Berriko eskualdeetako Espezializazio Adimentsurako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategietan (RIS3) Fabrikazio Aurreratuaren arloa sendotzera”.

Mugikortasuna indartu egingo du

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea dagoeneko ondo kokatuta dagoen arren Fabrikazio Aurreratuaren arloan, programa honek indartu egingo du Europan edozein nazionalitatekoak izanik Fabrikazio Aurreratuaren arloan bikainak diren ikertzaileen mugaz haraindiko eta nazioz haraindiko mugikortasuna. Horrez gain, sektorearteko eta nazioarteko esperientziak eskainiko ditu, unibertsitateen, ikerketako institutuen eta enpresen arteko elkarlan estuaren bidez, eta hautatutako pertsonek ikerketarako dituzten trebetasun indibidualak garatuko ditu, gertutik gainbegiratuz eta tutoretza lana eginez, esparru akademikoaren barruko eta kanpoko erakunde elkartuen bidez. Izango dituen bestelako onuren artean, aipatzekoa da, bestalde, Europar Batasunaren erronka sozialei ekarpena egingo diela, programak kontratatutako ikertzaile talentudunen karrerari bultzada emanez. Orobat mugaz gaindiko eta nazioarteko sareak hobetuko ditu, baita eskualdeen arteko lankidetzaren sareak ere, akademiaren esparruaren eta beste eragile batzuen artean, eta sendotu egingo du Europan Fabrikazio Aurreratuaren eremuko I+G arloan dagoen giza kapitala. Azkenik, berrikuntza ere indartuko du, Akitania Berria-Euskadi mugaz gaindiko merkatura ezagutza eta teknologia transferituz.