euskaraespañol

Martxan da Etorkizuna Eraikiz Gunea, Sinnergiak zentroarekin elkarlanean

Estatuko lehenengo politika publikoen laborategia da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/29

Alfonso Unceta, Markel Olano eta Imanol Lasa (ezk-esk). Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Etorkizuna Eraikiz Gunea, Estatuan administrazio publiko batek martxan jartzen duen lehen politika publikoen laborategia, abian da. Hub-a Gipuzkoako Foru Aldundiko beheko solairuan dago, 200 metro karratuko lokalean, eta herritarrentzako irekita dago. Funtsa Gunea aurkeztu eta gizarteratzea izan da. Espazioa Aldundiaren beheko solairuan dago, kale mailan, Gipuzkoako Plaza eta Peñaflorida kaleen artean. Espazio berriaren ekitaldian parte hartu dute: Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olano, foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu den Imanol Lasa eta Alfonso Unceta Sinnergiak-UPV/EHUk sustatutako Berrikuntza Sozialeko zentroko arduraduna eta gune berriaren garatzaileetako bat. 

Etorkizuna Eraikiz Guneak hiru espazio ezberdin ditu, hiruak ere irekiak, bisitagarriak eta kaletik ikus daitezkeenak. Alde batetik, bilera gela bat dago, Gipuzkoako Foru Aldundiko zein Etorkizuna Eraikiz proiektuko pertsonal tekniko eta politikoarentzat erabilgarri dagoena. Bigarren eremuaren helburua bisitariei Etorkizuna Eraikiz zer den azaltzea da. 85 metro karratu ditu, eta esposizio panelak, video-walla, proiektu ezberdinak azaltzen dituzten eskuorri ezberdinak dituen murala eta tabletak eta eserlekuak dituen mahai zentrala ditu, azken hau informazio bilaketa aurreratuagoak egiteko. Hirugarren gela erabilera anitzeko eremua da. Video-wall bat du, eta era ezberdinetako jarduerak aurreikusten dira: aurkezpenak, elkarrizketak, proiekzioak, mintegiak, erakusketak… 60 pertsona sartu daitezke espazio honetan, baina badago aukera 100 pertsona ere sartzeko, bigarren eremuarekin lotzen bada. Etorkizuna Eraikiz Gunea publiko orokorrarentzako irekita egongo da.

'Bizirik' dagoen proiektua

Etorkizuna Eraikiz Guneak agenda nabarmena du jada, 40 ekitaldi inguru programatuta baititu hemendik urte amaierara: mintegiak, topaketak, konferentziak… Horrela, esaterako, Etorkizuna Eraikizeko herritarren proposamenetatik irten diren proiektuetako bultzatzaileek egiten ari diren lana plazaratuko dute, arratsaldez eta herritarrei irekita egongo diren ekitaldietan. Gainera, Aldundiak bultzatutako baina Etorkizuna Eraikizen testuinguruan kokatzen diren ekitaldiak egingo dira, eta baita herritarren arteko topaketak ere, lurraldearen etorkizunerako garrantzitsuak diren gaien inguruan.