euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikusle berriengana iristeko EITBk egindako eraldaketa digitala aztertu du ikerketa batek

Gazteen kontsumo ohituren aldaketa azkarrari aurre egiteko estrategiak jarri dira abian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/09/12

Ane Mendieta
Ana Mendieta, UPV/EHUko Kazetaritzako Graduko irakaslea. | Argazkia: Fernando Casabella. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

2004tik ikusleen ia erdiak galdu dituzte Espainiako zerbitzu publikoko komunikabideek, hala nola ETBk. UPV/EHUko Kazetaritzako Graduko Ana Mendieta irakasleak 'The Future of Television and Video Industry' (Telebistaren eta bideoaren industriaren etorkizuna) liburuan parte hartu du. Liburu horren arabera, EITBren gisako korporazioek plataforma anitzeko eta hedapeneko hainbat estrategia jarri behar izan dituzte martxan eta eduki digitaletan oinarritu behar izan dute, bizirauteko eta ikusle berriengana iristeko.

Telebistaren etorkizuna aztertzen du liburuak, eta ‘The Digital Transformation of the Basque Public Television: New Audiences and OTTs’ (Euskal Telebista Publikoaren eraldaketa digitala: Audientzia Berriak eta OTTak) izeneko kapitulua idatzi du Ana Mendietak. Bertan, ikusle kopuruaren murrizketari eta streaming plataformen lehiakortasunari aurreko egiteko Euskal Irrati Telebista Publikoak (EITB) egindako eraldaketa digitala aztertu du Mendietak.

Over-The-Top plataformak iritsi zirenetik (OTT plataformak, hala nola Netflix, HBOMax edo Disney+), telebista tradizionalak protagonismoa nola galdu duen ikusi du EITBk. Zein dira Euskal Irrati Telebistak martxan jarri dituen berrikuntzak? Gai izan al dira ikusleen ihesa gelditzeko? Zer emaitza lortu dituzte plataforma anitzeko eta hedapeneko egitasmo berriek?

“Proiekturik berrienen artean honakoak daude: ‘Primeran’ streaming plataforma, 100.000 erabiltzaile dituena; WhatsAppen bidezko ‘Orain’ informazio zerbitzua; haurrentzako edukien ‘Makusi’ marka, ‘3Kluba’ ordezkatzen duena; eta ‘Guau’ audio plataforma, gazteak soinu edukietara gerturatzeko”, esan du Mendietak.

Azterlanaren arabera, EITBk hainbat formatu digital berritzaile jarri ditu martxan, gazteen kontsumo ohituren aldaketa azkarrari aurre egiteko eta, aldi berean, euskarazko online edukien eta euskal ekoizpenen kontsumoa handitzeko.

Lehenengo emaitzak

“EITBk ezarritako aldaketen ondorioz, hala nola gazteen kontsumo ohitura berrietara egokitzeko formatu digitalak txertatu izanaren ondorioz, haurrentzako eta gazteentzako telesailek, hala nola ‘Irabazi Arte’ edo ‘Go!azen’ telesailek, inpaktu handia izan dute telebista tradizionalean zein plataforma digitaletan”, adierazi du Mendietak.

Horren adibide argia da honakoa: EITBren azken telesaila, ‘Irabazi Arte’ izenekoa eta gazteei zuzendua, lehen denboraldian liderra izan zen 4 eta 12 urte arteko ikusleen tartean, telebista linearean % 51eko ikusle kuotarekin. Halaber, ‘Go!azen’ telesailaren zortzigarren denboraldia da beste adibide bat. Katearen gazteei zuzendutako telesailik zaharrena da, hamar urtez baino gehiagoz emititu baitute, eta aipatutako denboraldian % 35eko ikusle kuota lortu zuen gazteenen artean.

“EITB txikienengana iritsi da ETB1en eta eitb.eus-en aldi berean emititutako bi telesail horiekin, eta milaka bistaratze izan dituzte YouTuben. Gainera, ‘Go!azen’-en kontzertuek eta aurrestreinaldiek 160 agertoki baino gehiago bete dituzte EAEn eta Nafarroan 2015etik”, esan du Mendietak.

Gainera, Instagramen zein WhatsAppen hedatutako EITBren albiste zerbitzu berriak, ‘Orain’ izenekoak, 4.500 jarraitzaile lortu ditu Instagramen sei hilabetetan. Plataforma digitalek gazteen artean sortzen duten interesa gero eta handiagoa dela erakusten du horrek eta, hortaz, horien garrantzia ere gero eta handiagoa dela.

“Uste dut EITB apustu handia egiten ari dela ikusle gazteengana iristeko, gazteei interesatzen zaizkien edukiak hainbat pantailatan erakutsita. Apustu berria da, eta arrakasta nabariak izan ditu, hala nola Irabazi Arte telesailarena. Gizartean ere izan du inpaktua telesail horrek. Oraindik goiz da gainerako egitasmoen emaitzak ikusteko”, esan du Mendietak.

Erreferentzia bibliografikoa