euskaraespañol

Europako Parlamentuko hizkuntza gutxituen taldeartekoan aurkeztu da streaming plataformen gaineko ikerketa

Josu Amezagak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta NOR Ikerketa Taldeko kidea, "Hizkuntz dibertsitatea eta irisgarritasuna streaming plataformetan Europako Batasunean" azterlana aurkeztu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/28

Josu Amezagak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta NOR Ikerketa Taldeko kidea | Argazkia: Fernando Casabella. UPV/EHU.

Josu Amezaga UPV/EHUko irakasleak streaming plataformetan hizkuntza desberdinek duten presentziari buruzko ikerketa aurkeztu du Europako Parlamentuko hizkuntza gutxituen taldeartean. Azterlanak ikus-entzunezko produkzioetan duten nagusitasun anglosaxoia nabarmentzen du, baita hizkuntza gutxituen presentzia eskasa eta eduki horietarako irisgarritasunean duten eragina ere. Txostenaren arabera, 5 hizkuntza gutxitu baino ez daude plataforma erraldoi horietan: katalana, galiziera, euskara, galesa eta luxenburgera.

Lana, Europako Parlamentuko Berdeak / EAA taldeko Diana Ribak eurodiptutatuaren mandatuz egin da, NOR Ikerketa Taldeko kide Katixa Agirreren zuzendaritzapean. Harekin batera, NORreko Josu Amezaga, Marijo Deogracias, Naroa Burreso eta Ane Martínez aritu dira txostena egiten, bai eta Pompeu Fabra Unibertsitateko Blanca Arias, Santiago de Compostelako Unibertsitateko Antia Lopez, eta Pertsona Gorren elkarteen Euskal Federazioko Naiara Larrakoetxea.

Estrasburgon aurkeztutako ikerketa lehen hurbilketa bat da Europan hedatuen dauden streaming plataforma handien eskaintzan hizkuntzaren eta irisgarritasunaren auzia aztertzeko. Lehen hurbilketa honek agerian uzten du plataformetako audio-kanal, azpidatzi eta audio-deskribapenetan ingelesaren erabateko nagusitasuna eta europar hizkuntza gutxiagotuen presentzia txikia; 5 hizkuntza gutxiagotuk baino ez dute lekurik plataforma erraldoi hauetan (katalana, galiziera, euskara, galesa eta luxenburgera).

Josu Amezagak dio “ikus-entzunezkoen arloan ekoizpen anglosaxoiek duten hegemoniaren aurrean, hamarkadetako politika argia dute Europako erakundeek, kontinenteko ekoizpenak programa ezberdinekin lagunduz eta zenbait arau (kuotak, adibidez) ezarriz, besteak beste. Politika horien jarraipena egiteko, Europako Ikus-entzunezkoen Behategiak datuak bildu eta argitaratu egiten ditu, gerora datu horien argitan egoerak ebaluatzeko eta politikak birdefinitzeko”.

Ingelesaren nagusitasuna

Ikus-entzunezkoen ekoizpenean industria anglosaxoiak duen hegemonia errepikatzen da ingelesarekin hizkuntzaren eremuan. Ingelesa da lehen hizkuntza aztertutako 17 herrialdeetan, hiru plataformetan (Netflix, Disney+ eta Prime Video), eta euskarri guztietan (audioa, azpidatziak, eta audio-deskripzioa). Zenbait kasutan, ingelesezko eskaintza herrialdeko hizkuntza nagusiaren oso gainetik dago.

Europan zabaltzen diren ikus-entzunezkoen ekoizpenaren jatorriaren monitoreoa egiten den moduan (horrek Europa mailako politikak ezartzea ahalbidetzen baitu), ekoizpen horien hizkuntzen eta irisgarritasun baliabideen monitoreoa ere egin beharko litzateke, kultur aniztasuna sustatzeko politikak ezartzeko.

“Plataforma globaletan hizkuntza gutxituek hain presentzia txikia izatea ez da merkatu auzia soilik. Espazio horretara iritsi diren bostek atzetik egitura politiko sendoak izatea eta, kasu gehienetan, herri mugimendu sendoak ere, ez da ausazkoa. Areago, euskal kasua adibidetzat hartuz, bertan hedatzen diren plataforma txikiagoek (Primeran eta Filmin) plataforma erraldoiek baino askoz eskaintza handiagoa dute euskaraz; txikiek hori egin ahal badute, handiek erraztasun gehiago eduki beharko lukete”, bermatzen du ikerketa-taldeak txostenean.

Bestalde, Amezagak mahai gainean jartzen du Behatokiaren lanak ez diola ekoizpen hizkuntzari erreparatzen: “Kultur aniztasuna bermatzeko pentsatu den ikus-entzunezkoen politika Europako industriaren defentsara mugatzen da, benetako kultur aniztasuna itzalean utzita. Hala, hurrengo urratsak, Europako Parlamentuaren bitartez Europako Batzordean eta Ikus-entzunezkoen Behategian eragitera zuzenduko dira, streaming plataformen ingurukoen informazio zehatza lortu eta kultur aniztasun politiken diseinua ahalbidetzeko”.

Ingelesaren hegemoniak irisgarritasuna ere ukitzen du. Zeinu hizkuntzazko ikus-entzunezko eskaintzarik ezean, irisgarritasunerako baliabideak ahozko hizkuntzen menpekoak dira. Eta ingelesak euskarri guztietan duen hegemonia dela medio, baliabide horiek gabe uzten ditu ingelesa menderatzen ez dituzten pertsonak.

NOR taldea

NOR ikerketa-taldea talde finkatua da, eta urteetan zehar proiektu eta jardueren inguruan bildutako ikertzaileak biltzen ditu.. Taldearen jarduera ildo nagusiak hiru dira: Euskal Herriko ikus-entzunezkoen egitura eta tokiko telebistak; Europako hizkuntza gutxituetako telebistagintza (hala hizkuntza erregionalei nola etorkinen hizkuntzei dagokienez); eta komunikazioa eta talde nortasunak.

Informazio gehiago hemen:

https://www.dianariba.com/2024/02/01/quina-es-la-situacio-del-catala-a-les-grans-plataformes-streaming-tho-expliquem/