euskaraespañol

Eguneko irudia

Esklerosi anizkoitzak jotako pertsonen mugikortasuna hobetzeko proiektu aitzindaria

BBKk finantzatzen du eta ekimenean UPV/EHU, ADEMBI, BioCruces y Achucarroko ikertzaileek osatutako jakintza arlo askotako taldea arituko da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/02

Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteak (ADEMBI) jakintza-arlo askotako taldea osatzea lortu du UPV/EHU, ADEMBI, Biocruces eta Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko ikertzaileekin. BBKk finantzaturiko ikerketa-proiektuak urtebete iraungo du eta esklerosi anizkoitza duten 50 pertsona baino gehiagoren mugikortasunean hobekuntza neurtzea ahalbidetuko du. Lehenengo aldiz aztertuko da mundu-mailan hain sakon exoeskeleto baten laguntzak izan dezakeen eragina nerbio-sistema zentralaren gaixotasun progresibo honen errehabilitazio-prozesuetan.

(Bilbo, 2018ko urriaren 29a). “Ekso” da exoeskeletoaren izena esklerosi anizkoitza duten 50 eta 75 pertsona arteko kolektibo batekin egunero bizitzen hasiko dena; Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteak (ADEMBI) gidatu eta BBK-k finantzaturiko azterketa kliniko baten esparruan egingo da hori.

Azterketa kliniko honek ez du parekorik munduan, zeren eta proiektuan parte hartuko duten EHU, Biocruces, Adembi eta Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko ikertzaileek lehen aldiz neurtuko baitute esklerosi anizkoitza duten gaixoengan exoeskeleto eramangarri bat erabiltzearen eraginkortasuna. Adituak baikor daude, eta beraiek aurreikusten dutenez, hasierako pronostikoak berresten badira, errehabilitazio-programa honek nabarmen hobetuko ditu gaitz hau duten pertsonen ibiltze-abiadura eta oreka. Erorikoen kopurua eta nekea murriztu ahal izango dira, eta osasunaren egoeran eta bizi-kalitatean hobekuntza kliniko nabarmenak lortuko dira itxaropen hauek betetzen badira.

 

Fisioterapia konbentzionaleko terapiekin konbinaturik exoeskeleto bat erabiltzearen eraginkortasuna ebaluatzea da proiektu honen helburu nagusia, zehazteko ea onura gehigarririk ematen duen. Hipotesi hau berresten bada, ADEMBIk baieztatu du bere errehabilitazio-zerbitzuen erabiltzaileen % 75, gaur egun 200 pertsona inguru, errehabilitazio-praxi berri honetaz baliatu ahal izango direla. Emaitzak mundu-mailan estrapolatu ahal izango dira eta esklerosi anizkoitzaren errehabilitazio-prozedura planteatzeko forma aldatu.

Exoeskeletoarekin lan egitearen onurak agerikoak eta nabarmenak izatea espero dute adituek, hobekuntza kliniko esanguratsua eragin baitezake gaixoen ibiltze-abiaduran eta orekan. Honek eroriko kopurua nabarmen murriztuko du, eta osasunari loturiko bizi-kalitatea hobetu.

Ikerketak urtebete iraungo du eta, hasteko, 50 eta 75 pertsona arteko kolektibo bat hautatu da, trebakuntza espezifikoko programa bat jarraitzeko, hiru fasetan zatitua, parte-hartzaileen gaitasun funtzional eta kognitiboaren bilakaera neurtzeko, beste aldagai batzuen artean. Hain zuzen ere, hauxe da proiektuari aitzindari-kutsua ematen diona, orain arte sekula ez baita teknologia honen eragina ikertu hain kolektibo zabalean eta hain denbora luzean.

Eksobionics exoeskeleto eramangarri bat da, hainbat patologiatan ibiltzearen trebakuntzarako programak egiteko helburuarekin merkaturatua. Horren ondorioak positiboki ebaluatu dira hezur-muineko lesioa eta garun-hodietako istripuak diagnostikaturiko gaixoengan, nahiz eta bere eraginkortasunaren ebidentzia esklerosi anizkoitzean oso mugatua izan gaur egun.

Saiakuntza klinikoa hasi aurretik, ADEMBIk jada egin du proba bat ikusteko ea exoeskeleto hau gai zen bere tratamendu-zentrora joaten diren pertsonen martxa edo ibilera trebatzeko. Lehen harreman hau oso esperientzia atsegingarria izan da hasierako proba pilotuan parte hartu duten pertsona guztientzat.