euskaraespañol

Eguneko irudia

Argituta zergatik nanopartikula batzuek zeharka ditzaketen nanoporoak eta txikiago batzuek ez

UPV/EHUko ikerketa batek zehaztu du nanopartikula bigunen tamaina eta elastikotasunaren arteko zer erlaziok baimentzen duen translokazioa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/11

Josetxo Pomposo Polimeroak eta Materia Biguna taldeko kidea. Argazkia: UPV/EHU

Polymer aldizkariak berriki argitaratutako lan batean, nanopartikula sintetiko bigunen tamainaren eta elastikotasunaren arteko erlazioa definitzen duen lege baten eredua egin eta hura formulatu du UPV/EHUko Polimeroak eta Materia Biguna taldeak. Erlazio horrek egiten du posible, adibidez, nanopartikula handi batzuek haiek baino hamar aldiz txikiagoak diren poroak zeharkatzea, baina txikiago batzuek ezin halakorik egitea. Nanopartikulak karakterizatzeko aplikazioak gara daitezke azterketa horretatik.

UPV/EHUko Polimeroak eta Materia Biguna taldeak, Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU), Materialen Fisika Saileko eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikertzaileak biltzen dituenak, ikerketa bat argitaratu berri du Polymer aldizkarian, eta nanopartikula sintetiko bigunen translokazioa izan dute ikergai, zeintzuek haiek baino txikiagoak diren nanoporo edo nanozirrikituak zeharkatzen baitituzte.

“Gure ikerketa-taldearen ikergaietako batean polimero-kateak sintetizatu eta horiek nanopartikulak eratu arte tolesten ditugu; saiatzen gara proteinetan, naturan, gertatzen den tolestura imitatzen —azaldu du Josetxo Pomposo taldeko kide eta UPV/EHUko Ikerbasque ikerketa-irakasleak—. Nanopartikula horien aplikazio bat izan liteke sendagaien dosifikazioa egitea: kateak tolestean sortzen diren hutsuneetan garraiatuko lirateke sendagaiak, poltsikoetan sartuta bezala, eta nanopartikula tratatu beharreko eremura iristean askatuko lirateke”.

Funtzio hori izatera iristeko, ordea, nanopartikulek gai izan behar dute jomuga dituzten zelulen mintzak zeharkatzeko, eta “haiek baino txikiagoak diren poroak edo zirrikituak zeharkatzeko gaitasuna nanopartikulen tolestura-mailak eta elastikotasunak baldintzatzen dute”, zehaztu du ikertzaileak.

Ikerketan, nanopartikula-eredu batekin lan egin du taldeak, maila teorikoan, benetako nanopartikulek nanopororen edo nanozirrikituren bat zeharkatzerako orduan zer portaera izango duten iragartzeko. Pomposo doktoreak azaldu duenez, “nanopartikula handi samar batzuk gai dira poro txikietatik pasatzeko, oso elastikoak direlako, eta txikiago batzuek, baina zurrunagoak ere badirenek, berriz, ezin dituzte zeharkatu”.

Eskalatze-lege batzuk eman ditu lan horrek, zehazteko zenbatekoa den tamaina eta elastikotasun jakin bateko nanopartikula batek zeharkatu ahal izango duen diametro txikiena, edo zer fluxu-tasa kritiko den beharrezkoa nanoporoak zeharkatuz translokazioa gertatzeko, besteak beste. “Funtsean, halako azterketetan behatu izan denari oinarri teorikoa jarri dio ikerketak”, nabarmendu du.

Informazio horri esker, gaur egun existitzen ez diren karakterizazio-teknikak garatzera ere irits daitezke, hala nola nanopartikula bigunen elastikotasuna ezagutzea nanoporo batzuetatik pasaraziz, edo nanopartikulak banatzea elastikotasunaren edo barneko kohesio-mailaren arabera. Pomposo doktoreak azpimarratu du zer bereizmen-mailatara iristen ari diren karakterizazio-teknika berriei esker: “banako nanopartikulei buruzko informazioa ematen dute, tamaina nanometrikokoak”.

Erreferentzia bibliografikoa