euskaraespañol

Eguneko irudia

Errelatoaren garrantzia: «Nik sinesten zaitut»

UPV/EHUk Azaroaren 25a ospatu du Norma Vázquez psikologo eta genero indarkerietan adituaren hitzaldiarekin salaketen sinesgarritasunaren inguruan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/11/28

Hitzaldian parte hartu zutenen talde-argazkia
Ekitaldian parte hartu zutenen talde-argazkia | Argazkia: UPV/EHU.

Asteazkenean, azaroaren 27an, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko) Norma Vázquez psikologo eta genero indarkerietako espezialistarekin hitzaldia izan zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasunerako Zuzendaritzak antolatuta, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta. Ekitaldiaren helburua ikasleak sentsibilizatzea zen, baita UPV/EHUk unibertsitate-komunitate osoarentzako espazio segurua bermatzeko duen konpromisoa transmititzea ere.

Norma Vázquez psikologoa eta psikoterapeuta feminista da. Bere interes nagusia emakumeen aurkako indarkeria da, eta horren inguruan ikerkuntza, trebakuntza eta aholkularitza lan zabala egin du erakunde ezberdinetan. Hainbat masterretan irakasten du, genero-ikasketen, emakumeen aurkako indarkeriaren eta lankidetzaren arloetan, ahalduntze-eskoletan ere irakasle aritzen da. Indarkeria matxistari buruzko ikastaro, mintegi eta jardunaldietan ere laguntzen du, hainbat erakundetako langile tekniko eta politikoentzat.

Emakumeek ez dute ia salaketarik jartzen

Vázquezek kontakizunaren garrantziaz hitz egin zuen, baita salatzen duten emakumeen sinesgarritasunean duen eraginaz ere. “Muturreko indarkeria errez aitortzen da, hilketak adibidez, baina indarkeria mota batzuk oraindik ez daude onartuta. Emakumeen hitzean ez sinestea eraikuntza politikoa da” argudiatu zuen. Biktimen sinesgarritasun faltan eragina duten ideiak azaldu zituen, batez ere erasotzailea gertuko norbait denean.

Norma Vázquez: «Emakumeen hitzean ez sinestea eraikuntza politikoa da»

Haren hitzetan, salaketen gorakada aurrerapenaren zantzua da; izan ere, bere estimazioen arabera, sexu erasoen %92 inguru eta genero indarkeria kasuen %80 inguru ez dira salatzen. Bere ustez, “nik bai sinesten zaitut” eta #cuéntalo bezalako leloak aldarrikapen gisa sortu dira, sistema judizialaren babes eskasaren aurrean. Bere esanetan Iruñean gertatutako bortxaketa anizkoitzaren kasuak eta Gisèle Pelicotek Frantzian egindako salaketak, esaterako, argi utzi dute fokua erasotzaileengan jarri behar dela, eta ez biktimengan, eta “lotsak bandoz aldatu behar duela”.

Aurrerapenekiko erreakzioa

Hizlariak ohartarazi zuenez, aurrerapen horien aurrean, hainbat lerrotatik eta polarizazio testuiguru batean sortutako kontrako errelatoa zabaltzen ari da. Atzerapauso horri aurre egiteko  datuen, argudioen eta eztabaidaren beharra adierazi zuen. Hala ere, onartu zuen aldaketak egon direla eta hauek agerikoak direla. Bere ustez, lanean jarraitu behar da, salaketa publikoa baita sistema judiziala hobetzeko bide bakarra. “NBEren arabera, 300 urte beharko dira emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko. Ni baikorragoa naiz”, adierazi zuen. “Kultura alda daiteke, baina ez da hatza lerrotik kendu behar. Beharrezkoa da ekintzarekin, borrokarekin, hezkuntzarekin, aldarrikapenarekin eta lege aldaketarekin jarraitzea”.

Elena Leiñena: «Inpunitatearekin amaitzeko konpromisoa berritu nahi du unibertsitateak»

Ekitaldian izan ziren Elena Leiñena Mendizabal, UPV/EHUko Berdintasunerako zuzendaria, Jon Barrutia Guenaga UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa, eta Aitor Zurimendi Isla UPV/EHUko idazkari nagusia. Elena Leiñenaren hitzetan, "Inpunitatearekin amaitzeko konpromisoa berritu nahi du unibertsitateak, emakume eta neska guztien eskubideak sustatuz, eta espazio seguruak bermatuz”. Jon Barrutiak, berriz, kontakizunaren garrantzia azpimarratu zuen, eta Virgina Acebes Ekonomia eta Enpresa fakultateko ikaslea gogoratu nahi izan zuen, gizartea hunkitu zuen haren hilketa matxistak hogeita hamar urte bete dituenean. Aitor Zurimendik amaiera eman zion jardunaldiari, UPV/EHUk genero-indarkeria ezabatzeko konpromisoa berretsiz, eta erakundeak eskaintzen dituen baliabideak aipatuz.

Ekitaldiari amaiera emateko, SASTRAKA kolektiboak “Aurre egingo dizueten emakumeak” abestiarekin egindako bideoa proiektatu zen.

UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzak INDARTU eta ERALDATZEN prebentzio-programak eskaintzen ditu eta genero-indarkerien aurkako PROTOKOLOA du.