Errektorearen ebazpen guztiak

Ebazpena, EHUko errektorearena, 2020ko martxoaren 12koa, UPV/EHUn prebentzio neurriak hartzen dituena koronabirus COVID-19 (SARS-COV-2) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideak betez, eta Hezkuntza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien hezkuntza-jarduera presentziala aldi baterako eteteko hartutako erabakiaren aurrean, UPV/EHUko errektoreak, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartutako UPV/EHUren Estatutuek eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak ematen dizkioten eskumenak baliatuz, , eta COVID-19 (SARS-CoV-2) birusaren osasun alertarako Euskal Herriko Unibertsitateko protokoloarekin bat etorriz, honako hau ebazten du.

EBAZPENA

LEHENENGOA. – UPV/EHUko Arabako campusean, Bizkaiko campusean eta Gipuzkoako campusean aurrez aurreko jarduera akademikoak etetea.

BIGARRENA. – Adierazitako espazio-eremuan jarduera akademikoak eteteak, instalazio eta zerbitzu hauek ixtea ekarriko du:

• Irakaskuntza-jarduerak egiten diren ikasgelak eta laborategiak, landa-irteerak eta doktorego-ikasketei dagozkienak barne;

• Ikasketa-gelak eta informatika-gelak;

• UPV/EHUren lankidetza-bekak eta UPV/EHUren instalazioetan egiten diren praktikak;

• UPV/EHUko espazioetan programatutako ikastaroak eta jarduerak;

• Hitzarmen bidez adostutako jarduerak, UPV/EHUko espazioetan garatu beharrekoak eta UPV/EHUko espazioak aldi baterako okupatzeko edo alokatzeko baimenak, betiere agintari eskudunen gomendioekin bat etorriz.

UPV/EHUko instalazioetatik kanpo egiten diren praktikak kanpoko erakundearen arabera mantenduko dira.

Eten egiten da UPV/EHUko liburutegietako ikasketa-aretoen zerbitzua eta mailegu-zerbitzua, irakasle-ikertzaileentzat eta AZPkoentzat izan ezik.

Ikasketa-gelak eta informatika-gelak guztiak itxi arren, irakaskuntza-materialak modalitate birtualean prestatu ahal izateko irakasle-ikertzaileen eskaerak erantzungo dira, baldin eta horrek ez badakar ikasleen presentzia.

HIRUGARRENA. – UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen eta AZPkoen betebeharrei eustea, hargatik eragotzi gabe Irakasleen eta Ikertzaileen errektoreordeak eta gerenteak, hurrenez hurren, antolamendu-arloan eta aldi baterako ematen dituzten jarraibideak. Jarraibide horiek COVID-19 (SARS-CoV-2) birusaren osasun alertarako UPV/EHUko protokoloan jasotako irizpide eta printzipioei eta eskuduntza duten osasun-agintarien xedapenei jarraituko diote.

Jarraibide horiek irisgarria den webgunean  argitaratuko dira, https://www.ehu.eus/es/covid-19 helbidean, eta argitaratzen diren egunetik bertatik izango dituzte ondorioak.

LAUGARRENA. – Era berean, ebazpen honen bidez ezarritako ikasketa- eta irakaskuntza-jarduera eteteko orduan, COVID-19 (SARS-CoV-2) birusaren osasun alertarako UPV/EHUko protokoloaren bosgarren eta seigarren ataletan aurreikusitako neurriak aplikatuko dira. Eskuragarri helbide honetan: https://www.ehu.eus/es/covid-19.

BOSGARRENA. – Ebazpen honetan xedatutako neurriek 2020ko martxoaren 13tik aurrera izango dute eragina, eta 15 egun naturaleko indarraldia izango dute (martxoaren 27ra arte, egun hori barne). Nolanahi ere, luzapenak adostu ahal izango dira, beharrezko lirateken beste neurri batzuk hartuta edo hartu gabe.

SEIGARRENA. – Ebazpen hau irisgarria den webgunean argitaratzea helbide honetan  https://www.ehu.eus/es/covid-19 eta jakinaraztea:

  • Eskumena duten osasun-agintariei;
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari;
  • UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuari;
  • UPV/EHUko ikastetxeetako dekanoei, zuzendariei eta zerbitzuburuei;
  • Ikasle Kontseiluari;
  • Irakasleen eta ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariei;
  • Gizarte Kontseiluari;
  • UPV/EHUko instalazioetan irakasten duten ikastetxe atxikiei;
  • UPV/EHUn ikasleen mugikortasunerako hitzarmena duten unibertsitateei;
  • Eragina jasan dezaketen EHUtaldea erakundeetako zuzendariei, eta
  • Ebaluazio-agentziei.

 

Leioa, 2020ko martxoaren 12a.

 

Nekane Balluerka Lasa

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEko ERREKTOREA