euskaraespañol

Errektorea aukeratzeko hauteskundeen egutegia onartu da

Hautagaitzak urriaren 9tik 31ra aurkeztu ahal izango dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/09/26

Argazkia: UPV/EHU.

Gaur Bizkaia Aretoan egin duen bilkuran, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio hurrengo sei urteetan euskal unibertsitate publikoa zuzenduko duen errektorearen izendapenarekin amaituko den hauteskunde prozesuari.

Gobernu Kontseiluak hauteskundeetarako deia egin eta hauteskunde egutegiaren mugarri nagusiak finkatu ditu: hautagaitzak aurkeztea (urriaren 9tik 31ra); hautagaitzak behin betiko onartzea (azaroaren 7an); hauteskunde kanpaina (azaroaren 8tik 24ra); eta bozketa (azaroaren 26an). Gainera, azaroaren 11n, Klaustroaren bilkura egingo da, hautagaitzak aurkezteko eta hautagaiek beren programak azaltzeko.

Hautagaitza bat edo bi egonez gero (edo hautagaitza gehiago, horietako batek lehen itzulian jada boto haztatuaren erdia lortzen badu), abenduaren 3an egingo da errektore hautatuaren behin betiko izendapena. Bi itzuli badaude, bigarrenera igaroko dira boto haztatu handiena lortu duten bi hautagaitzak. Bigarren bozketa hori egingo litzateke abenduaren 3an, errektorea behin betiko izendatzeko abenduaren 11n.

Errektorea da agintari akademiko gorena, eta unibertsitateko kideek aukeratzen dute, zuzeneko hautaketa eta sufragio unibertsal libre, sekretu eta haztatuaren bidez. Errektorea aukeratzen da lanaldi osoko irakasle-ikertzaile doktore iraunkorren artean, baldintza izanik gutxienez edukitzea hiru seiurteko ikerketan, hiru bosturteko irakasle lanetan eta lau urteko esperientzia unibertsitate kudeaketan, pertsona bakarreko kargu batean.  Hautagaitzek behar dute gutxienez klaustrokideen % 10en sinadura.

Errektoretzarako hauteskundeetan erabiltzen da boto sistema haztatua: unibertsitateko kolektibo bakoitzak boto ehuneko bat duenez, ehunekotan adierazten dira hautagai zerrenda bakoitzak jasotako babesak. Ehunekoak dira:

  • Lotura iraunkorreko irakasle doktoreak: % 56,25
  • Irakasle-ikertzaile ez-doktore iraunkorrak eta lotura iraunkorrik gabeko irakasle-ikertzaile doktoreak: % 8
  • Beste irakasle-ikertzaileak: % 1,59
  • Ikasleak: % 22,08
  • Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,08