UPV/EHUk errektorea aukeratzeko hauteskundeak egingo ditu
- Ekitaldia
Noiz eta non
2024/11/26, 09:00 - 18:00
Deskribapena
50.590 pertsona daude deituta botoa ematera, irakasleen, ikasleen eta Kudeaketa eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikarien artean. Datozen sei urteetan euskal unibertsitate publikoa zuzenduko duena hautatuko dute.
Bozketaren behin-behineko emaitzak 20:30ean jakinaraziko dira Bizkaia Aretoan.
Asteartean, azaroak 26, Euskal Herriko Unibertsitateak Errektoretzarako hauteskundeetako bozketak egingo ditu. Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa aplikatuz (44.3 artikulua), agintaldiak, lehen aldiz, sei urteko iraupena izango du, luzaezinak eta berriztaezinak.
Errektorea unibertsitateko autoritate akademiko gorena da. Unibertsitate-komunitateak aukeratzen du, zuzeneko hautaketaren eta sufragio unibertsal aske, sekretu eta haztatuaren bidez. Hau da, unibertsitateko kolektibo bakoitzari boto-ehuneko bat esleitzen zaio, eta, beraz, hautagai-zerrenda bakoitzak jasotako babesak ere ehunekotan adierazten dira. Ehuneko horiek honako hauek dira: 1) Lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak: % 56,25; 2) Lotura iraunkorra duten irakasle ez-doktoreak eta lotura iraunkorra ez duten irakasle eta ikertzaile doktoreak: % 8; 3) Beste irakasle eta ikertzaileak: % 1,59; 4) Ikasleak: % 22,08; eta 5) Kudeaketa eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikariak: % 12,08.
Hauteskunde hauetan, deitutako 50.590 pertsonak honela banatzen dira: 2.326 lotura iraunkorra duten irakasle doktoreenak dira; 1.649 lotura iraunkorra duten irakasle ez-doktoreenak eta lotura iraunkorra ez duten irakasle eta ikertzaile doktoreenak; 1.801 beste irakasle eta ikertzaileenak; 42.837 ikasleenak; eta 1.977 Kudeaketa eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikarienak.
Botoa 9:00etatik 18:00etara eman ahal izango da. Irakasleek eta ikasleek beren ikastetxeetan emango dute botoa, eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikariek campuseko hiru errektoreordetzetan eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko).
Guztira 99 hauteskunde-mahai osatuko dira, eta eskuzko 1.000 hautestontzi baino gehiago izango dituzte. 242.000 boto-paper eta 65.000 gutun-azal inprimatu dira. Horiek guztiak birziklatzeko jasoko dira.
Gainera, UPV/EHUko hainbat fakultatek eta eskolek Ikastegiko Batzarrerako hauteskundeak egiten dituzte: Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Hezkuntza eta Kirol Fakultateak (Egoitzaren Batzordea eta Atalaren Batzordea ere aukeratuko dituzte), Farmazia Fakultateak, Letren Fakultateak, Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultateak (Egoitzaren Batzordea eta Atalaren Batzordea ere aukeratuko dituzte), Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Gasteizko Ingeniaritza Eskolak.
Hauteskundeen emaitzak
Aurreikuspenen arabera, 20:30ean, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan, UPV/EHUko idazkari nagusi Aitor Zurimendik, Hauteskunde Batzordeko idazkari gisa, errektorearen hautaketaren behin-behineko emaitzak emango ditu, jendaurreko agerraldian. Harekin batera, Joxerramon Bengoetxea eta Eva Ferreira hautagaiak egongo dira, eta adierazpenak egingo dituzte.
Ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da: http://ehutb.ehu.eus/bizkaia-aretoa-mitxelena
Hauteskunde-egunean zehar ez da aurreikusi horren garapenari buruzko inolako daturik aurreratzea.