euskaraespañol

Eguneko irudia

Erakusketa: Xabier Erkiziaren ‘Aire errea’

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2024/05/16 Noiz arte: 2024/07/07

Kokapena

Bizkaia

Deskribapena

Gernikako Bakearen Museoa

Foru plaza, 1. Gernika.

Gernikako Bakearen Museoaren eta UPV/EHUko MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) ikertaldearen arteko elkarlanean antolatutako erakusketa honetan, Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) artistaren Aire errea izeneko soinu instalazioa aurkezten da. Esposizioa "Gernika(k) / Guernica(s)": Trauma historikoaren birsemantizazioak Nazioarteko Kongresuaren harira antolatu da.

Erakusketa maiatzaren 16tik uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai Gernikako Bakearen Museoan. Sarrera doan.

“Gerraren zarata kontzeptuaren gaineko hausnarketa da, mendebaldeko gizartean gerrari buruz daukagun iruditeria zabal eta konplexuaren harira, irudiez gain, soinuaren bitartez ere eraiki den heinean”, azaldu dute erakusketaren komisarioek.

“Guda baten soinuen gaineko hurbilketa gutxi egin dira, nahiz eta jakin gerrak zentzu guztiak blaitzen dituela eta bereziki entzumenetik datorrena”, gehitu dute.

Gernikako bonbardaketatik bizirik irten zen lekuko batek emandako deskribapenean oinarrituta, Erkiziak aire errea nozioa bere egin du, bonbardaketaren ondoren etorri zen suteari erreferentzia eginez.

Erakusketa hiru ataletan banatua dago. Lehendabizikoan dokumentazio gunea dago; bigarrenean ikus-entzunezko baten bidez hain ezaguna den sirena hotsari buruzko ikerketa bat aurkezten da; azkenik, arriskuaz ohartarazten duen sirena hotsak sortzeko erabiltzen diren tramankuluz betetako instalazioa topatuko dugu hirugarren aretoan.

Erakusketaren komisarioak: Ismael Manterola, Andere Larrinaga eta Mikel Onandia