Erakusketa: Egur heze, ke urdin, sail beltz
- Ekitaldia
Noiz eta non
Noiztik: 2024/12/04 Noiz arte: 2024/12/27
Kokapena
Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, ‘Egur heze, ke urdin, sail beltz’ erakusketa dago ikusgai. Hau 2018 eta 2024 urteen artean Haitzgibel egile gipuzkoarrak Kataluinan sorturiko lan ezberdinen hautaketa da. Erakusketa abenduaren 4tik 27era egongo da zabalik, 08:30etatik 20:30ak arte, astelehenetik ostiralera. Sarrera librea izango da.
Marrazkigintzan modu esperimentalean luzaroan aritu ondoren, Haitzgibelek Bartzelonan eman ditu bere azken formakuntza urteak, Joan Fercó margolariaren estudioan, Sant Lluc Zirkulu Artistikoan eta La Llotja arte eskolan, besteak beste. Bertan hainbat erakusketa eta proiektu kolektibotan parte hartu du, besteak beste Pol Bolibarren Maresia poesi-liburuaren ilustrazioan.
Erakusketa hau azken urteotan zeharkaturiko leku, motibu, teknika eta estiloen isla da. Bertan elkarlotu eta kontrajartzen dira naturalerako sorkuntza eta sorkuntza expresionista, inguruaren asimilazioa eta hustuketarako bulkada. Landa eta hiria, paisaia eta gorputza, jatorria eta noraeza, desira eta angustia. Margoa, marrazkia eta grabatua.
Aldi berean, egindako lanek kolore edo tonu jakin bat hartzen joan dira garai ezberdinekin batera, bere osotasunean hiru sail osatuz:
- Egur heze (2018-2020). Naturalerako margogintzan oinarrituriko landa inguruko oleo eta akrilikoen saila.
- Ke urdin (2020-2022). Tonalitate urdinean oinarrituriko arkatz eta guache bidezko marrazki eta konposaketa mixtoen saila.
- Sail beltz (2022-2024). Tonalitate beltzean oinarritutako guache bidezko marrazkiak, collage-ak eta xilografia zein litografia estanpak.