euskaraespañol

Eraikinen zaharberritze energetikoak planifikatzeko lehen tresna garatu dute

Europar Batasunaren deskarbonizazio-betekizunei erantzuteko bizitokien berriztatze-politikak garatzen lagunduko du UPV/EHUko CAVIAR taldearen tresnak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/09

Markel Arbulu Dudagoitia
Markel Arbulu Dudagoitia, doktoregoa egiten ari da UPV/EHUn. | Argazkia: Jorge Navarro, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Etxebizitzen zaharberritze energetikoak bideratzeko estrategiak ingurumen- eta ekonomia-ikuspegitik jasangarriak diren ebaluatzeko baliabide bat sortu du Markel Arbuluk. Bizi-zikloaren, erabiltzaileen portaeraren eta ziurgabetasun ekonomikoaren ikuspegiak txertatu ditu simulazio-tresnan, eta aukera emango du Europar Batasunaren deskarbonizazio-helburuak lortzeko bizitoki-parkean egin beharreko trantsizio energetikoaren inguruko lurralde-planen gabeziari erantzuteko.

Europar Batasunaren araudiaren arabera, eraikin-parkeen trantsizio energetikoa lortzeko epe luzeko birgaitze-estrategiak jarri behar dira martxan. Markel Arbulu Dudagoitia UPV/EHUko ikertzaileak kezkaz ikusten du “zaharberritze-lanak aliritzira egiten direla; ez EAEn ez Espainian ez dagoela inolako plan, estrategia edo metodologia orokorrik etxebizitzetan egin behar diren energia-berriztatzeekin lotuta, Europak karbono-emisioak murrizteko ezartzen dituen betebeharrak era ordenatu batean betetzeko”.

CAVIAR taldeko ikertzaileak tresna bat garatu du lagungarri izango dena Europar Batasunaren betekizunei erantzungo dieten eraikin-birgaitzeko politikak eta planak garatzeko. Simulazio-tresna horrekin, bizitokien berriztatze energetikoen estrategiak ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik ebalua daitezke, hainbat parametro kontuan hartuz: bizi-zikloaren ikuspegia, berritze-lanen efizientzia, erabiltzaileen portaerak eta etengabe aldatuz doan agertoki ekonomikoa.

Parametrikoki eszenatoki posible asko hartzen dira kontuan aldi berean: “Lurralde edo hiri batean izan daitezkeen eszenatoki posible guztiak aztertzeko balio du”, adierazi du Arbuluk.  Izan ere, birgaitze-lanak mota askotakoak izan daitezke, hala nola isolamendu termikoa ezartzea, leihoak edo berokuntza-sistemak aldatzea, eguzki-plakak jartzea eta abar. Bestalde, eraikin-mota desberdinak hartzen dira kontuan (familia bakarrekoak, familia ugaritakoak…); erabiltzaileen portaera-profil asko (adibidez, erabiltzaile batzuk neguan 22 °C-an bizi dira; beste batzuk, 16 °C-an, etab.), eta askotariko egoera ekonomikoak (inflazio-tasaren araberakoak). Gainera, bizi-zikloaren ikuspegiarekin, kontuan hartu dute urteek aurrera egin ahala zer gertatuko den zaharberritze-lanetarako erabilitako materialekin, adibidez.

EAEko bizitokiak energetikoki birgaitzeko plana

“Orain arte ez da izan lurralde edo hiri batean karbono-emisioak murrizteko arlo honetan zer egin beharko litzatekeen esaten duen tresna metodologiko efektiborik. Sortu dugun tresna honekin lortzen diren emaitzek esaten dute zer bide hartu daitekeen toki bateko egoera posible guztiak kontuan hartuz deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko”, dio UPV/EHUko ikertzaileak. Tresna honek, beraz, ez du balio etxebizitza bakar batean azterketa egiteko. “Europar Batasuneko edozein lekutan aplikatzeko balio du, Europar Batasuneko irizpideen arabera egin baitugu”, azaldu du Arbuluk.

Euskal Autonomia Erkidegoko bizitoki-parkerako deskarbonizazio-prozesuaren plan bat prestatu dute tresna erabiliz: “EAEko deskarbonizazio-prozesua hiru etapatan egitea proposatzen dugu. Eraikin-mota bakoitzerako zer estrategiari jarraitu beharko litzaiokeen ebaluatu dugu, noiz egitea komeni den, zaharberritze-lanek zer errentagarritasun ekonomiko izango duten, inpaktua zenbatean murriztuko duten eta abar. Eta horren guztiaren arabera zer deskarbonizazio-mailatara helduko garen kalkulatu dugu”, adierazi du Arbuluk.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak adierazi duenez, “tresnak potentzialitate handia dauka. Oraingoz, eredu energetikoak eskuz egin behar ditugu, baina hurrengo pauso batean georreferentziazio-datu publikoak erabili nahi ditugu horretarako (alegia, Lurraren gainazaleko kokagune zehatzak ematen dituzten datuak). Eta orduan bai, ebaluazio hori dena kasik klik bakar batean egiteko moduko tresna bat izango da. Azken lan horiek gauzatutakoan, kode publikoa zabaltzeko moduan izango gara”.

Informazio osagarria

Markel Arbulu Dudagoitiak UPV/EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ikasi du arkitektura; Industria, Garraio, Eraikuntza eta Hirigintzako Energia Eraginkortasun eta Iraunkortasuneko Ikerketa Masterra egin du, eta Ingeniaritza eta Arkitekturako Energia Eraginkortasun eta Jasangarritasuneko doktoregoa egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean.

Simulazio-tresna hau Xabat Oregi CAVIAReko ikertzailearen tesiaren emaitzetan oinarrituta dago.

Erreferentzia bibliografikoa