euskaraespañol

Eguneko irudia

ENLIGHT Europako unibertsitatea aurrera doa ikerketa arloko aliantzari esker

RISE proiektuak ikerketa- eta berrikuntza-maila indartzeko asmoz sortu da, ekimenak elkartuz eta proiektuak bateratuz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/07

Enlight RISEk ikerkuntza-esparru eta -komunitateen arteko lankidetza indartuko du. Argazkia: Enlight

ENLIGHek, kalitate handiko bederatzi erakundek -tartean UPV/EHUk- osatutako unibertsitate-aliantzak, ikerketa-arloko proiektua abian jarri du, ENLIGHT RISE alegia. RISE, gizartearekiko eta gizartearentzako ikerketa- eta berrikuntza-agendaren akronimoa, unibertsitate bakoitzaren ikerketa- eta berrikuntza-maila indartzeko asmoz sortu da, ekimenak elkartuz eta proiektuak bateratuz. Azken helburua ekimen hau aliantzako kide diren unibertsitateen ikerketa-agendaren eraldaketa bat izatea da.

Koalizio horri esker, Laguntza-talde Aldeaniztun bat sortuko da, eta, horren ondorioz, ikerketa- eta berrikuntza-proiektu bateratu gehiago egingo dira. Laguntza-talde horrek sinergiak identifikatuko ditu, hasierako finantzaketa erraztuko du eta laguntza eskainiko du Europako proiektuen baterako proposamenak egiteko.

Era berean, hiru antolaketa-unitate berri sortuko dira, unibertsitateen eta haien gizarte- eta industria-ekosistemen artean bide zuzenagoak erraztuko dituztenak. Hiru unitate hauek dira: Berrikuntzaren Europako Barrutia, sektore ekonomiko eta industrialera hurbilduko dena; Ikerketa eta Berrikuntzaren Behatokia, lortutako ebidentzian oinarrituta sortutako politikei buruzko ebaluazio konparatiboen, inbentarioen eta gomendioen emaitzak jasoko dituen atari digitala; eta Berrikuntza Digitalaren eta Adimen Artifizialaren Sarea, proiektuaren eragin positiboa ebaluatu eta maximizatuko duena.

Aliantzak ahalegin handiak egingo ditu ikerketa- lanbidearen hasierako faseetan laguntzeko, potentzial handiko emakume ikertzaileei arreta berezia eskainiz eta sareak sortzeko, tutorizatzeko eta lidergoan prestatzeko aukerak eskainiz.

Fernando Tapia UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearen arabera, “ekimen honek ENLIGHT unibertsitate-aliantza behin betiko bultzatzen du eta, aldi berean, gure ikerketa-emaitzak hobetzen eta oro har, Euskadiren ingurunea aberasten lagunduko du, unibertsitate bazkideekiko, beren eskualdeekiko eta bederatzi enpresa-inguruneekin dituen lotura sendoei esker.

Europako ENLIGHT unibertsitatea

ENLIGHT europar unibertsitatea, EBko herrialde banatako bederatzi unibertsitatek osatzen dute: UPV/EHUz gain, ENLIGHTko kideak Bordeleko unibertsitatea (Frantzia), Gante (Belgika), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Comenius-Bratislava (Eslovakia), Tartu (Estonia), NUI Galway (Irlanda) eta Upsala (Suedia) dira.

Irakaskuntzaren aliantza 2021eko hasieran abiatu zen, eta bederatzi unibertsitateen artean hainbat ikaskuntza-ekimen abian jartzea aurreikusi du, ikasturte akademikoaren bigarren lauhilekoan. Unibertsitateen arteko beste ekimenak ere aurreikusita daude lineako prestakuntzaren arloan, mintegiak eta doktorego-topaketak adibidez. 2030erako helburua ikasleen ENLIGHT estatusa ezartzea da. Estatus hori esker, unibertsitate batean edo gehiagotan egindako ikasturte eta irakasgaiek, erabateko eta berehalako aintzatespena izango dute; eta bestalde, aliantzako erakundeen arteko trukerako eta mugikortasunerako aukerei lehentasuna egokituko zaie.