euskaraespañol

Eguneko irudia

Energia berriztagarrien kooperatibak, aukera egokiak trantsizio energetikorako

Energia berriztagarriek elektrizitatearen prezioa garestitzen dutelako uste zabaldua gezurtatu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/02

Álvaro Campos Celador eta Jon Terés. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Energia berriztagarrien kooperatibek izandako eboluzioa aztertu dute UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Valladolideko Unibertsitateko hiru ikertzailek.

Egiaztatu dutenez, kooperatiba horiek bizirik irauteko eta egokitzeko gaitasun handia garatu dute, erregimen ekonomiko-politikotik jasotako kontrako jarrerari erantzuteko. Eta haienganako interesa handitzen ari bada ere, pisu mugatua dute, oraindik orain, Espainiako energia-sisteman.

Gizarteen jasangarritasuna lortzeko, ezinbestekoa izango da energia iturri fosiletatik sortzetik iturri berriztagarrietatik sortzera iragatea. Gizarte-eragile batzuek lortu nahi dute trantsizio hori “teknologikoa baino gehiago izatea, eta gizartea eraldatzeko duten gaitasuna ustiatu nahi dute. Izan ere, iturri berriztagarriak moduluka erabil daitezke, eta maila lokalean sor dezakete energia”, dio Álvaro Campos Celador UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Makina eta  Motor Termikoak Saileko ikertzaileak. Azterketaren egileetako bat izan da, sail bereko Jon Terés Zubiagarekin eta Valladolideko Unibertsitateko Iñigo Capellán Pérezekin batera.

Energia berriztagarrien kooperatibak hautagai onak dira trantsizio horretarako; herritar-taldeek eratzen dituzte, eta beren gain hartzen dituzte energia berriztagarria sortu eta merkaturatzea. “Halako ereduak egokiak izan daitezke gaur egungo energia-eredua ordezkatzeko, zeina bost enpresa handiren esku baitago, eta demokratikoagoa eta irabazi-asmorik gabekoa bihurtzeko. Hala, herritarrek zeregin aktiboa izan dezakete energian, alegia, beren bizitzan hain erdigunean dagoen eta hain garrantzitsua den zerbaitetan”, adierazi du Jon Terések.

Alabaina, “energia berriztagarriak ez daude beren onenean: 2004. urtetik aurrera babes instituzional handia izan bazuten ere, 2011. urtearen inguruan gertatu ziren araudi-aldaketek ia ezinezko bihurtu zuten berriztagarriak ekonomikoki bideragarriak izatea, eta hainbat enpresak eta inbertitzaile txikik porrot egin zuten”, azaldu du Camposek.

Ikertzailearen arabera, arrazoi konplexuak egon ziren aldaketa horren atzean: “Krisi ekonomikoaren aurretik, gizartearen kontsumoa zenbat handituko zen iragarri zuten, eta era guztietako zentraletan egin zituzten inbertsioak, bai berriztagarrietan, bai fosiletan. 2008. urtetik aurrera, ordea, igotzen jarraitu beharrean, kontsumoa jaisten hasi zen, eta inbertsio asko arriskuan jarri ziren, bereziki merkatu libreko egoeran”, argitu du Camposek.

Egindako ikerketan, aztertu zuten zer jabetza zuten, egoera horretan, estatuko energia-iturriek: “Energia fosilen jabetzaren eta produkzioaren % 90 baino gehiago elektrizitate-enpresa handien esku dago, eta, esan dezagun enpresa horiek oso harreman ona dutela  egon diren gobernuekin. Energia berriztagarriak, aldiz, bestelako inbertitzaileenak dira hein handiagoan —zehaztu du ikertzaileak—. Gatazka hori egon daiteke gertatu zenaren atzean”.

Garai berean, gainera, “prentsan ideia bat zabaltzen hasi zen; esaten hasi ziren berriztagarriak garestiak zirela, argiaren prezioa garestitzen ari zirela eta denon artean ordaintzen ari ginela hori. Baina fenomeno hori aztertzen zuen jendearengana jo genuenean, erreferentzia bila, ikusi genuen kontrakoa frogatzera iritsi direla, hau da, berriztagarriek, berez, argiaren prezioa merkatu egiten zutela”, nabarmendu du.

Kontrako egoera horien guztien aurrean, “testuinguru berrira egokitu beste aukerarik ez zuten izan kooperatibek, eta proiektu berriak atera ahal izan dituzte aurrera finantziazio-bide berritzaileen bitartez”, arrazoitu du Terések. Adibidez “Recupera el Sol” (berreskuratu eguzkia) ekimenaren helburua da herritarren ekarpen txikien bidez, instalazio fotovoltaikoak sozializatzea, hainbat jabek halabeharrez atzean utzi baitituzte instalazioak, egindako inbertsioaren finantza-kostuak ordaintzeko adina itzulkin jaso ez dutelako.

Gaur-gaurkoz, 70.000 baino kontratu gehiago dituzte, guztira, Espainiako kooperatibek: “Estatuko elektrizitate-kontratu guztien % 0,3 baino ez bada ere, garrantzitsuena da kopurua nabarmen handitzen ari dela, azkeneko hiruzpalau urteetan, bereziki”, esan du Camposek.

“Nire ustez, kooperatiben oraingo zeregina da frogatzea energia berriztagarria eta energia kudeatzeko modu hori bideragarria dela, baita merkeagoa ere, elektrizitatearen prezioari dagokionez. Ez dago zalantzarik asko dagoela oraindik egiteko, baina potentziala oso handia da, zinez. Eta araudia aldekoagoa balitz, berriztagarriak hedatzea indartuko litzateke, ezbairik gabe”, dio Camposek, bukatzeko.

Informazio osagarria

Hiru ikertzailek egin dute ikerketa: Iñigo Capellán Pérez, Valladolideko Unibertsitateko Energia, Ekonomia eta Sistemen Dinamika taldeko kidea eta Álvaro Campos Celador eta Jon Terés Zubiaga, biak ere UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Makina eta Motor Termikoak Saileko ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa