euskaraespañol

UPV/EHUko talde bat Sopelako hondartzan hildako balearen erretinan aurkitutako zelula biziak hazten ari da

Elena Vecino buru duen taldeak espero du glaukomaren inguruko ezagutza zabaldu ahal izatea, begi globoa babesten duen egituraren azterlanari esker

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/15

(Beste leiho bat zabalduko du)
bideoaren esteka
Balearen begia. (Bideoa: Laura López. UPV/EHU)

Oso zaila eta arraroa da balea heldu baten nerbio sistema aztertzeko aukera izatea, eta orain aukera dago, Sopelako hondartzan (Bizkaia) balea bat lehorreratu baitzen. Gertakari hori ustekabea izan zen, erabat; hala ere, hainbat aukera ekarri ditu, izan ere, Elena Vecino UPV/EHUko ikertzaileak begi bat atera zion itsas ugaztunari, hil ondoren, eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko laborategietara eraman zuen. Bertan jakin zuten balearen begiak, zorionez, oraindik zelula biziak zituela.

Elena Vecino UPV/EHUko Zelulen Biologia eta Histologiako katedradunak zuzentzen duen taldeak erretinako neurona biziak erreskatatu ditu, nerbio sistema zentraleko zati batekoak, eta horiek hazten ari da eta hazkuntzari behatzen. “Aukera paregabea da. Gaur egun arte –azaldu du Elena Vecinok–, azterlan anatomiko orokorrak egin dira, baina ezin izan dira arretaz aztertu erretina eta bere zelula neuronalak, nerbio optikoa edo balearen betazala”. Hazten ari diren neuronak birsortzen ari dira. “Erretina helduko gongoil zelula horiek hazten ari dira eta axoiak emititzen ari dira gure laborategian, zeina zelula mota hori hazten esperientzia handikoa baita”.

Neuronen hazkuntzari behatzeaz gainera, balearen begiak hainbat aukera dakartza beste espezie batzuetako funtzionamenduari, begi barneko presioaren kontrolari –glaukomaren kausetako bat da–, nerbio optikoaren funtzionamenduari eta betazalari buruz gehiago ezagutzeko. Eta, gainera, zenbait gaixotasun neurodegeneratiborekin, besteak beste Alzheimerrarekin edo Parkinsonarekin zerikusia duten biomarkagailuei buruzko zantzuak eskuratu daitezke.

Disekzioa

Hamar bat minutu behar izan zituen Elena Vecinok Sopelako hondartzan baleari begia ateratzeko eta, hala ere, ordubete behar izan zuen disekzionatzeko, Noelia Rurafa, Xandra Pereiro eta Miguel de la Fuente ikertaldeko kideek lagunduta. “Sorpresa bat izan zen. Ez genuen espero kartilago-hezur masa begi globoa babesten aurkitzea”, esan du Elena Vecinok. Beharbada, hori da begiak ia kilo bateko pisua izateko motiboetako bat.

Nolanahi ere, ikertaldeak susmoa du begi globoaren egitura babeslea pixkanaka sakontasunetara egokitu beharraren araberakoa dela. “Berezitasun horren motiboa izan daiteke baleak, itsasoan 300 metro behera egitean, presio handia jasaten duela eta hori begia eta, ondorioz, erretina babesteko modua dela. Horregatik uste dugu hura aztertzeak glaukomarekin zerikusia duten alderdi gehiago ezagutzeko aukera emango digula. Azken batean, gaixotasun hori begi barneko presioaren gorakadak eragiten du”, esan du Elena Vecinok.

Glaukoma da taldeak garatutako ikerketa ildo nagusia, baina kasualitateak balearen nerbio optikoa xehetasunez aztertzeko atea irekitzea ekarri du. Elena Vecinok azaltzen duenez, “arrainek beren nerbio optikoa birsotu dezakete kaltetzen denean. Prozesu ebolutiboan, ugaztunek birsortzeko gaitasun hori galdu dute.  Eta, orain, itsasoan bizi diren ugaztun horiekin zer gertatzen den jakiteko aukera dugu". Gainera, barneko eta kanpoko betazala, bere anatomia eta guruinak aztertzeko aukera dugu.

Itsas ugaztuna hil izana –ustekabekoa, erabat–, Elena Vecino UPV/EHUko ikertzailearen jakin mina eta UPV/EHUko laborategien hurbiltasuna direla eta, azterlanerako aukera ugari zabaldu da. Gainera, Ambar Elkartea – itsas fauna aztertzeko eta kontserbatzeko sozietatea hondartzan egon izana ere Sopelako baleari geratzen zitzaion begi bakarra eskuratzen lagundu zuen beste faktore bat izan zen.

Ikerketa otsailaren 21ean aurkeztuko da, Bizkaia Aretoan, 15:30ean izango den ‘Glaucoma and Optic Nerve Regeneration’ topaketan. Bilera Oftalmo-Biología Experiemental (GOBE) taldeak antolatu du eta, bertan, mundu osoko adituak izango dira. Bileran Sansar C. Sharma irakaslea izango da, eta honoris causa doktore izendatuko dute hurrengo egunean, ostiralean, otsailaren 22an, 11:30ean, Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan (Sarriena auzoa, zk.g., Leioa). Sharma doktorea, oftalmologiako aditu nagusietako bat izateaz gainera, aitzindaria ere bada arrainen nerbio optikoaren birsorkuntzan, plastikotasun neuronalean, eta glaukoma esperimentaleko eredua ezartzen lehen ikertzailea.

Bilera zientifikoan izena ematea

Oftalmo-Biología Experimental taldea

Oftalmo-Biología Experiemental (GOBE) taldea diziplina anitzeko taldea da; biologiako, biokimikako, oftalmologiako eta albaitaritzako profesionalek eratzen dute. Helburu du ikus sistemako arazoak ebaztea. Honako bi ikerketa ildo nagusi hauek ditu: glaukoma eta malkoaren biomarkatzaileak.

Malkoaren biomarkatzaileak direla eta, une hauetan, gaixotasun neurodegeneratiboen detekzio ez inbaditzailean ari da lanean, biomarkatzaileen identifikazioaren bidez. Glaukomaren inguruko kausak, egon daitezkeen tratamendu neurobabesleak eta orbaintzeko mekanismoak ikertzen ditu, kirurgia aldetik porrotik egon  ez dadin.  Taldeak begi barneko presioaren gorakadak begiaren mezua garunera bidaltzeko ardura duten neuronak zergatik hiltzen dituen azaltzeko arrazoi molekularrak detektatu nahi ditu. Helburu nagusia da erretinako kaltea sasoiz detektatzea eta erretinako neuronak neurobabestea, ikusmena ez galtzeko.

Glaukoma itsutasun itzulezinaren lehen kausa da; munduko biztanle guztien % 2k baino gehiagok du eta sintomarik gabeko gaixotasuna da. Munduan 67 milioi pertsonak baino gehiagok glaukoma duela kalkulatzen da, eta 4,5 milioik erabateko itsutasuna. Gainera, biztanleria pixkanaka zahartzen doanez, 2020an ia 80 milioi pertsonak glaukoma izango dutela aurreikusten da. Gaixotasuna begi barneko presioaren gorakadak eragiten du, eta horrek erretinako gongoil zelulen heriotza dakar, aintzat hartuta horiek direla begiak ikusteko mezua garunera bidaltzeko arduradunak. Itsutasuna ikuseremuaren gune periferikotik hasten da; beraz, ez da erraz antzematekoa lehen etapetan.

Eusko Jaurlaritzak aitortutako talde finkatua da hau, eta duela 23 urte hasi zen lanean; begietako patologien RETICS Carlos III.a Institutuko Zentroen sarean dago.

Erlazionatutako edukiak

Elena Vecinok eskuratu du THEA-SEG lehen saria

Glaukomari buruzko ikerketa bikainerako Alcon Saria lortu dute UPV/EHUko ikerlariek