euskaraespañol

Elikagaien aurrealdeko etiketak erosteko asmoa aldatzen du

UPV/EHUko tesi batek Nutri-Score zigiluek eta ohartarazpen zigiluek kontsumitzaileengan duten eragina alderatzen du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/28

Patricio Pérez Armijo
Patricio Pérez Armijo | Argazkia: Antonio Blanco Otero

Elikagaien aurrealdean etiketak ezartzen dira; gero eta hedatuago dago hori. Patricio Pérez Armijok gai horretan oinarritu du bere doktorego tesia: ‘Etiquetado frontal de alimentos: percepción, comprensión y cambios en la intención de compra en población española con y sin enfermedades crónicas’. Ikerketaren helburua izan da Nutri-Score etiketak (NS) eta ohartarazpen zigiluek (SdA) kontsumitzaileengan, bai nutrizio kalitatea ulertzeko bai pertsonen erosteko asmoa aldatzeko gaitasunean, duten eragina alderatzea, kontsumitzaileek gaixotasun kroniko kutsakorrak izan ala ez.

Gaixotasun kroniko ez kutsakorren (ENT) igoera dela-eta, osasun publikoa dieten kalitatea hobetzen laguntzeko estrategiak garatzera bideratzen ari da bere ahaleginak, hala, gaixotasun horiek prebenitu, kontrolatu eta tratatu ahal izateko. Horren adibide dugu, esaterako, elikagaien aurrealdeko etiketa (FOPL), nutrizio adierazpenaren logotipo osagarria. Etiketa hori modu argian eta sinplean agertzen da elikagaien eta edarien ontzien aurreko aldean, kontsumitzaileek elikadura erabakiak behar bezala informatuta har ditzaten.

Gaur egungo ebidentziak iradokitzen duenez, FOPL sistemek abantaila ugari dituzte, baina, hala ere, oso azterlan gutxik ikertu dute objektiboki horiek zer-nolako eragina duten elikagai osasungarriak identifikatzeko orduan eta gaixotasun kroniko ez kutsakorren bat duten herritarren artean erosteko asmoa aldatzeko orduan. Tesia egiteko, zeharkako azterlan bat egin zen; gaixotasun kronikoak zituzten eta gaixotasun kronikorik ez zuten 5.140 pertsonak parte hartu zuten: % 38,2 eta % 61,8, hurrenez hurren. Adituek balioztatutako online galdeketa baten bidez (3 ataletan banatuta), honako informazio hau eskatu zitzaien: datu soziodemografikoak eta osasun arlokoak; NS etiketari buruzko ezaguerak, jarrerak eta pertzepzioa; nutrizio kalitatearekin zer ulertzen duten; eta horren arabera erosteko asmoa aldatzen duten.

“Nutri-Score sistemarekiko pertzepzioa positiboa zen. Parte hartzaileen % 55ek baino gehiagok uste zuten sistema hori erabilgarria zela nutrizio informazioa helarazteko, % 44,2k erosketa osasungarriagoa egiteko aukera ematen ziela, eta % 24,8k, berriz, etiketaturik gabeko produktuekiko mesfidantza sentituko luketela”, nabarmendu du Patricio Pérez Armijok.

Pertzepzioa positiboa izan arren, azterlanean parte hartu zuten pertsonen ia % 60k adierazi zuten sistema hori ez litzatekeela oso edo batere lagungarria izango obesitatearen pandemia eta gaixotasun kronikoak kontrolatzeko estrategian.

Hobe ohartarazpen zigiluak

Bestalde, inkestatu gehienen ustez ohartarazpen zigiluak dira etiketatze sistemarik onena, eta ez NS zigiluak, errazago helarazten baitute nutrizio informazioa. “Proba esperimentalei dagokienez, elikagai kategoria bakoitzaren nutrizio kalitatearen ulermen objektiboa nabarmen handiagoa izan zen ohartarazpen zigiluen kasuan, kontrolatzeko eta NS zigiluekin alderatuta. Horrek erakusten du sistema hori dela herritarrek hobekien ulertzen dutena, herritar horiek gaixotasun kronikoak izan ala ez”, adierazi du ikertzaileak.

Gainera, bi etiketatze sistemen eraginpean egon izanak nabarmen aldatu zuen erosteko asmoa bi azterketa taldeetan; dena den, ohartarazpen zigiluek eragin handiagoa izan zuten, horiei esker, herritarrek elikadura produktu ez osasungarriak erosteari uko egin eta osasungarriagoen alde egin baitzuten.

Nutrizio kalitatearen pertzepzioari dagokionez, ikusi da NS zigiluak osasun haloaren efektua duela nutrizio kalitate handiko kalifikazioa duten produktuetan (A eta B letrak, kolore berdekoak), baina horien nutrizio profila nutriente kritikoren bat gehiegi duten produktuei dagokiela.

Bestalde, ohartarazpen zigiluen presentziak areagotu egiten du gizarteak osasuntsutzat jotzen dituen elikagaiak nutrizio kalitate txarrekoak direla jasotzen duen pertzepzioa; horrela, bada, osasun haloak edo elikagai horiei buruzko pertzepzio okerrak modu positiboan aldatzeko gaitasuna erakutsi du, eta bi ikerketa taldeetan elikadura erabaki hobeak hartzeko aukera eman du.

Informazio gehigarria

Patricio Pérez Armijok defendatutako ‘Etiquetado frontal de alimentos: percepción, comprensión y cambios en la intención de compra en población española con y sin enfermedades crónicas. Un estudio comparativo entre Nutri-Score y Sellos de Advertencia’ doktorego tesian, Enrique Echevarría Orella eta Samuel Durán Agüero izan dira tesiaren zuzendariak, UPV/EHUko Fisiologia Departamentuko Osasun Publikoko doktorego programaren barruan.

Tesiak cum laude bikaina lortu zuen. Honako hauek izan ziren defentsa epaimahaiko kideak: Fernando Rodríguez Artalejo, Carlos Aibar Remón eta Itziar Churruca Ortega.

Parte hartzaileak ikertaldeak berak bildu zituen, pazienteen Estatuko hainbat erakunderen laguntzarekin: Cardioalianza, Bihotzeko Pazienteen Espainiako Elkartea, Giltzurruneko Gaixotasunen kontra Borrokatzeko Elkarteen Espainiako Federazioa (ALCER) eta Kataluniako Diabetesaren Elkartea (ADC).