euskaraespañol

Eguneko irudia

Denboraren balioa

Pasa den udan, Arte Ederren Fakultatean zaharberritzen ikasten ari diren ikasleen talde batek borondatezko praktikak egin zituen Quintanilla del Monte en Riojako (Burgos) parrokiako erretaula berreskuratzeko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/24

Uda honetan Burgosko praktiketan egon den boluntarioen taldea. | Argazkia: UPV/EHU

Ondoz ondoko 37 urtez, Burgoseko elizbarrutian zaharberritze praktikak egiteko aukera eman die ikasleei UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak. Aurten ere bai: ikasle talde batek Quintanilla del Monte en Riojako (Burgos) elizako erretaula zaharberritzen parte hartu zuen. Hala, finkatu egin zuten teoria praktikarekin lotzen duen eta ondare kulturala kontserbatzea bermatzen duen tradizioa.

Carlos Venegas, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduko irakaslea, da programaren bultzatzailea. 1987az geroztik, zaharberritzearen arloko teoria eta praktika lotzen ditu programak. Arte Ederretako ikasle talde baten egitasmo gisa hasi zen, Burgoseko elizbarrutian, eta ordutik ez du etenik izan, ezta zoritxarreko 2020. urtean ere. Programa honi esker, zaharberritzaileen hainbat belaunaldik esperientzia praktikoa lortu dute eta gure ondarea kontserbatzen lagundu dute.

“Praktika hauei esker, ikasleek zaharberritzeari buruzko ezagutza teorikoak aplikatu ahal izan dituzte, eta zaharberritu dituzten obren testuinguru historikoan eta artistikoan sakondu ahal izan dute. Elizbarrutiak antolatutako bisita kulturalei esker, ondare kulturalari buruzko ikuspegi osoagoa eskuratu dute”, azaldu du Carlos Venegas irakasleak, pozez.

Ia lau hamarkada hauetan zehar, 350 ikaslek beren denbora eta ahalegina eskaini diote egitasmo honi

Ia lau hamarkada hauetan zehar, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean zaharberritzea ikasten duten 350 ikaslek baino gehiagok beren denbora eta ahalegina eskaini diote egitasmo honi, boluntario gisa. Hala, memoria kolektiboaren parte diren piezak kontserbatzen lagundu dute.

Halaber, lan munduarekin lotzeko balio dute praktika horiek, bestela, sarritan, hutsera jauzi egitearen gisakoa izaten baita prozesu hori. Ikasleek ikusten dute unibertsitatean eskuratutako tresnak baliagarriak direla erronka profesionalei aurre egiteko eta ibilbide bat eraikitzeko.

Zaharberritzaile baten errealitatea ezagutzeko nahiak bultzatuta, Alicia Garcíak, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduko laugarren mailako ikasleak, lehen eskutik bizi izan du erretaula bat berreskuratzeko esperientzia. “Hutsetik zaharberritzea esperientzia eraldatzailea izan da. Nire kideekin taldean lan eginda eta gure koordinatzaileen tutoretzapean, ezagutza praktikoak lortu ditut eta zaharberritzearen lan munduaren gaineko ikuspegi errealista garatu dut”, esan du.

«Belaunaldi berriek ondare kulturala baloratzen eta babesten jarraitzea ziurtatzen du»

Funtsean, unibertsitatearen eta Burgoseko elizbarrutiaren arteko lankidetzari esker, zaharberritzearen arloko ikasleei ezagutza teorikoak benetako proiektuetan aplikatzeko aukera ematen dien praktika programa bat jaio da. “Belaunaldi berriek ondare kulturala baloratzen eta babesten jarraitzea ziurtatzen du ahaleginen bateratze horrek”, adierazi du Venegasek.

Ikaskuntza aktiboa

Karla Villaverdek, Alicia Garcíaren graduko ikaskideak, benetako obretan lan egiteko aukera nabarmendu du. Elizaren suntsipenetik onik irten zen erretaula bat zaharberritzeaz arduratu ziren ikasleak. Ezin hobeto polikromatutako egurrezko lau erliebez eta bi eskulturaz osatutako multzo hori erronka handia izan zen: “Eskura genituen baliabideekin lan egiten eta prozesu bakoitzak behar duen denbora kudeatzen ikasi genuen. Hau da, guk bagenekien zer pauso eman behar genituen, baina ez genekien benetan zenbat denbora eskatuko zigun bakoitzak”, gogoratzen du Karla Villaverdek.

Hala, adituekin orpoz-orpo lan egiteko aukera ematen du boluntariotzak, eta horrek ikaskuntza aktiboa eta aberasgarria sustatzen du. “Zaharberritzean parte hartzea ez da lan fisikoa edo teknikoa bakarrik; ondare kulturalarekiko ardura eta errespetu handia eskatzen du, eta hori ezinbestekoa da gure etorkizun profesionalerako”, nabarmendu du Ibon Domínguezek, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduko 3. mailako ikasleak.

Alicia Garcíaren arabera, zaharberritze lanbideari buruz zituen espektatibak errealitatearekin bat zetozen egiaztatzeko balio izan dio benetako proiektu batean lan egiteko aukerak. “Esperientzia praktiko hori giltzarria izan da nire etorkizuneko helburu profesionalak definitzeko”, laburtu du.

Burgoseko elizbarrutian egindako praktika profesionalak unibertsitateko prestakuntzan zehar lortutako esperientzien jarraipen naturala zirela ikusi zuten ikasleek. Unibertsitatean garatutako trebetasunak eta ezagutzak funtsezkoak izan ziren benetako zaharberritze proiektu baten erronkei aurre egiteko. “Prestakuntza akademikoan zehar eskuratzen ditugun bizipenek uste baino gehiago prestatzen gaituzte, bai ezagutzei dagokienez, bai egokitzeko, ikasteko eta erronka berriei aurre egiteko gaitasunari dagokionez”, nabarmendu du Domínguezek.

Ondarea hobeto ulertzea

Lan egiteko eta bizitzeko espazio bat eskaintzeaz gain, ikasleen esperientzia kulturala aberastu zuen Burgoseko elizbarrutiak. Antonio García Ibeasek, Burgoseko Erretaularen museoko eta Zaharberritze tailer diozesiarreko zuzendariak, bisita kulturalak antolatu zituen, ikasleek hobeto uler zezaten zaharberritzen ari ziren ondarea. “Ondare kulturalaren kontserbazioan parte hartzea aukera paregabea da gure inguruko munduan inpaktu positiboa sortzeko eta, aldi berean, profesional gisa hazteko”, esan du Domínguezek.

Ibilbide luze horrekin, Burgoseko praktikak egin zituzten ikasleak zaharberritze arloko profesionalak dira orain

Ibilbide luze horrekin, Burgoseko praktikak egin zituzten ikasleak zaharberritze arloko profesionalak dira orain. Era berean, hainbat ikasle ohi zaharberritzeko espezialitateko irakasleak dira gaur egun UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean. “Asko pozten nau praktika hauek zaletasunak finkatzeak eta, gainera, esperientzia pertsonal ahaztezina izateak, bizi izan zituztenek sarritan esan didaten moduan. Hainbeste urtez ondarearen zaharberritze arloan lan egin ondoren, esan dezaket ondare kultural bat sentikortasunez zaharberritzea ez dela soilik ondarearen materialtasuna berreskuratzea, haren historia ere berreskuratzen baita, iraganeko jakinduria, denboraren balioa... Ondare hori belaunaldi berriei transmititzea funtsezkoa da; ondarea ez da iragana bakarrik, etorkizuna ere izan behar du”, hausnartu du Venegas irakasleak.