euskaraespañol

Annick Laruelle

Triajearen ataka: medikuek nor ezin duten salbatu erabaki behar dutenean

Ekonomia Analisiaren Oinarriak I irakasgaiko Ikerbasque irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/10

Annick Laruelle. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

COVID-19aren pandemiak ezinean dauzka herrialde askotako sistema sanitarioak. Mediku askok erabaki latzak hartu behar izan dituzte, baliabide murritzak dituztenez, horiek zein pazienteri bideratu aukeratu behar izan dutelako.

The New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratutako artikulu batean, Lisa Rosenbaum-ek medikuen larritasun morala eta pazienteen hautaketan erabilitako irizpideek eragiten dien lotsa deskribatu ditu. Medikuei halako egoeretan laguntzeko, Italiako Anestesia, Analgesia, Bizkorketa eta Zainketa Intentsiboen Elkargoak (SIAARTT) agiri bat egin du, non pazienteak hautatzeko lehentasun irizpideak zehazten dituen.

Beste herrialde batzuetako elkargoak (Frantziakoa, Erresuma Batukoa, Estatu Batuetakoa) prestatzen ari dira edo prest daude sistema sanitarioak gainezka eta ezinean daudenerako.

Esaterako, Medikuntza Intentsibo Kritikoko eta Unitate Koronarioen Espainiako Elkarteak (Semicyuc) argitara eman ditu COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak zainketa intentsiboen unitateetan ekarri duen salbuespeneko egoeran erabakiak hartzeko gomendio etikoak.

Erabaki mingarria

Mota horretako agiri bat argitaratu behar izatea mingarria da: agerian jarri du arazo batzuetarako konponbiderik ez dagoela, eta hartu nahi ez diren erabakiak hartu behar direla. Alabaina, ezin ditugu medikuak bakarrik utzi ataka estu horretan. Bizitzak salbatzeko prestakuntza jaso dute, ez mota horretako erabakiak hartzeko. Ondo ezagutzen eta erabiltzen dute larrialdiko triajea: paziente larrienei ematea lehentasuna.

Kontrara, baliabide sanitarioak eskasak badira, triaje militarretik hurbil dagoen triaje mota bat baliatzera behartuta daude. Hala, kontua ez da pazienteak modu indibidualizatuan salbatzea, baizik eta biztanleria osoaren osasuna babestea. Horrelakoetan, interes partikularra interes kolektiboak baldintzatuta egon liteke.

Triajearen printzipioak eta irizpideak

Bi printzipio nagusi erabil daitezke triajean: utilitarismoa eta igualitarismoa. Oro har, esan liteke utilitarismoaren xedea ahalik eta paziente kopuru handiena edo urte kopuru handiena salbatzea dela, eta igualitarismoarena, aldiz, paziente guztiei tratu bera ematea.

Igualitarismoaren printzipioari helduz gero, triaje irizpide hauek aplika daitezke:

  • Aurrena iristen dena izatea ospitaleratzen aurrena (ilarak).
  • Zozketaz lehenestea pazienteak.
  • Okerren dagoenari ematea lehentasuna: egoera txarrenean dagoenari edo bizi ziklo guztiak igaro ez dituenari (gazteenei).

Utilitarismoan, beste batzuk dira irizpideak:

  • Tratamenduak ekarriko dien onura kontuan hartuta, baliabide gutxi behar dituzten pazienteei ematea lehentasuna.
  • Tratamenduaren onurak urte gehiagoz izango dituztenei lehentasuna ematea.
  • Egoera horretan ezinbestekoak diren pertsonei lehentasuna ematea (sanitarioak, garbitzaileak, etab.).
  • Baliagarritasun sozial handieneko norbanakoei ematea lehentasuna.

Egoera normaletan, igualitarismoari jarraikiz egiten da triajea, irizpide hau aplikatuta: «iristen den aurrena da ospitaleratzen den aurrena», edo egoera txarrenean dagoenari ematea lehentasuna. Baliabide sanitarioak ez badira nahikoak paziente guztiak artatzeko, irizpideok aldatu egin daitezke. Lehentasuna egoera txarrenean dagoenari ematea onik ateratzeko aukera gehiago dituenaren kaltetan izan daiteke. Egoera horretan, printzipio utilitarista hobets daiteke.

Bibliografia eta gomendioak

Medikuntzako triajeari buruzko saiakera baten arabera, lehen eztabaida etiko nagusiak 1970-1980ko urteetan piztu ziren Estatu Batuetan. 1960an, Seattle hirian giltzurrun dialisirako lehen zentroa ireki zen. Hautaketa batzorde bat arduratu zen tratamendu berritzaile eta garesti berriaren onurak jasoko zituzten lehen hamar pazienteak aukeratzeaz. Gizartearen zazpi ordezkariz osatu zen batzordea. Medikuek ez zuten beraiek bakarrik egin nahi izan “Jainkoarena”. Shana Alexander kazetariak batzordekideen argudioak deskribatu zituen 1962. urteko artikulu batean.

Etikan espezializatutako mediku zenbaitek, esaterako, Douglas B. White eta Elizabeth Lee Daugherty Biddison sendagileek, larrialdi sanitariorako triaje prozedurak proposatu dituzte. Gomendio funtsezkoetako bat da triajeaz arduratzen den mediku taldea ez izatea tratamenduaz arduratzen dena. Hala, medikuen larritasun morala arindu daiteke. Eta inpartzialtasuna ere bermatzen da.

Baliabide sanitarioak errazionatzeko, ez dago irtenbide onik. Irtenbide oro da txarra heriotzaren bat badakar. Dena dela, batzuk besteak baino okerragoak dira. Auzi etiko horiei erantzutearen erantzukizuna ez da medikuena bakarrik, baizik eta gizarte osoarena. Horiek kontuan hartuta, osasun publikora zenbat baliabide bideratu nahi ditugun erabaki ahalko dugu. Eta horren arabera jokatu, hala hauteskundeetan boza emateko garaian, nola errenta aitorpena egiteko garaian.

The Conversation