euskaraespañol

Eguneko irudia

Etxe zerbitzua Araban frankismo garaian

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/10

Aritza Saenz del Castillo Velasco
Aritza Saenz del Castillo Velasco. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Bartzelonako Unibertsitateak ‘Sin descanso. El servicio doméstico durante el franquismo’ liburua argitaratu berri du, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan. Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Zientzien Didaktika Departamentuko irakasle Aritza Saenz del Castillo Velascoren lan horrek genero ikerketei buruzko UPV/EHUko tesi onenaren Micaela Portilla saria lortu zuen 2014an.

Etxe zerbitzua oso sektore feminizatua, etxe barrukoa eta familientzat emana izateak oztopatu egin du hura ulertzea, baita lanbidetzat eta epe luzerako lan merkatutzat hartzea ere.

Liburu horretan aztertzen da etxe zerbitzuaren lan merkatua diktadura frankistan. Tokiaren analisitik abiatuta, estrukturalismo garaiko Gasteizena, Espainiako gainerakora hedatzen den egoera konplexuagoa eta zabalagoa jorratzen du. Hala, etxe zerbitzuaren bilakaera eta eraldaketa aztertzen du ikuspuntu kuantitatibotik eta kualitatibotik, eta, protagonisten bizipenetan oinarrituta, testuinguruan kokatzen du eta esanahia ematen dio.

Pilar Pérez-Fuentes Hernándezen hitzaurrean aipatzen denez: “Irismen teoriko eta metodologiko luzeko ikerlanak bikain uztartzen ditu sektorearen bilakaerarekiko hurbilketa kuantitatibo makroanalitikoa eta mikroanalitikoa, jardueraren izaerari eta eraldaketei buruzko prentsako eta erregelamenduetako diskurtsoak eta langileen esperientziak beren bizipenen bitartez”.

Aritza Saenz del Castilloren ikerketa alderdi garrantzitsuetan oinarritzen da, hala nola: etxe zerbitzuaren iritzi soziala, lan baldintzak, langileen elkartze mundua, eskulanaren eskaintzak eta eskaerak ekarritako estrategiak, instituzioen politikak (adib. Estatua eta Eliza) eta jarduera horrek frankismoan izandako bilakaeraren beste arlo batzuk. Hori guztia hainbat kapitulutan banatuta, esaterako, etxe zerbitzuaren bilakaera estrukturalismo frankistan, lan baldintza eta esparru juridikoa eta horren aurreikuspen soziala. Beste batzuetan, ordea, etxe zerbitzuaren hezkuntza eta prestakuntza instituzioak edota Arabako etxeko langileen elkarteak lantzen dira.

Liburuak iradokitzen du Araban, garai horretan, zer garrantzitsuak eta baliotsuak ziren etxe zerbitzua eta zainketen ekonomia. Izan ere, langile klaseen aurrekontuak orekatzen lagundu zuten, baita klase ertainen eta burgesen zainketetan ere, ongizatearen estatua sortzear zegoenean. Era berean, agerian uzten du sektoreak izan zuen eraldaketa: barnekoa izatetik kanpokoa eta ordukakoa izatera, etxeko laguntzaileek egiten dutena. Hala, estrukturalismoaren baldintza kulturalei eta ikuspuntu teknokratikoari hobeto egokitu zitzaien. Hala ere, laneko legeek gutxi babestutako sektorea izaten jarraitu zuen, ezkutuko ekonomiarekin lotura handia zuena.