euskaraespañol

Gaur egungo euskal emakumezko idazleei buruzko lehen azterlana Italian argitaratu da

Veneziako Ca’Foscari Unibertsitateko Rassegna Iberistica aldizkariaren azken zenbakiak UPV/EHUko LAIDA taldearen azterlana jaso du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/02

Jon Kortazar
Jon Kortazar. Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

UPV/EHUko LAIDA Ikerketa Taldeak, Jon Kortazarrek zuzenduak, Veneziako Ca’Foscari Unibertsitatearen Rassegna Iberistica aldizkari ospetsuan argitaratu berri du egungo euskal emakumezko idazle nagusien lanari buruzko lehen azterlana. Ikerketaren izenburua 'Escrituras vascas de mujer' da eta bost euskal emakumezko idazleren lana deskribatzen du: Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Karmele Jaio, Leire Bilbao eta Maixa Zugastirena.

Jon Kortazar Bilboko Hezkuntza Fakultateko Euskal Literaturako katedradunak azaldu duenez, hauek dira bost egile horiek aukeratzeko arrazoietako batzuk: "Euskal literaturaren une honetan, emakume idazleak ahots desberdinak erakusten ari dira eta literatur sistemaren erdigunean daude. Egungo euskal literaturan giro berri batez hitz egin daiteke". Gainera, horietako lauk, Agirrek, Rodriguezek, Jaiok eta Bilbaok, euren eleberri eta olerkiak gaztelaniara itzulita ikusi dituzte 2019an eta 2020an, eta kritikaren eta irakurleen artean arrakasta nabarmena lortu dute; hain zuzen ere, eleberri batzuen kasuan, hainbat edizio saldu dira. Jasotako sariei dagokienez, Eider Rodriguezek eta Karmele Jaiok Euskal Literaturako Euskadi Saria eskuratu dute. Leire Bilbaok Haur eta Gazte Literaturaren atalean jaso zuen, eta ‘Bichopoemas’ poema liburuak ('Piztipoemak’, jatorriz) Kirico sari ospetsua jaso zuen 2019an, Espainiako Liburu Saltzaileen Gremio eta Elkarteen Konfederazioak emana. Bestetik, Maixa Zugastik genero indarkeria hartu du ardatz benetako gertaeretan oinarritutako L.A.A. eleberrian. Horrekin Kutxa-Irun Hiria Saria irabazi zuen 2017an. "Beren lana ezagutzera ematean argitaletxeen babes zabala eta harrera orokor ona izan duten emakume idazleen kontzentrazio handi baten aurrean gaudela esan daiteke", gaineratu du Laida taldeko zuzendariak.

‘Emakumeen euskal idazlanak’ azterlanean barne hartutako lanak hainbat irakasle garrantzitsuk sinatu dituzte, bai Europako unibertsitateetakoek, hala nola Santiago Pérez Isasik (Lisboako Unibertsitatea) eta Aiora Sampedrok (Salamancako Unibertsitatea) bai Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitateetakoek, David Colbert-Goicoaren kasuan (The University of the South, Sewanee, Tennessee, AEB). EHUko egileak honako hauek dira: Xabier Etxaniz, Jon Martin Etxebeste, Karla Fernández de Gamboa, Itxaro González Guridi, Paloma Rodriguez-Miñambres eta Jon Kortazar.

Ez da LAIDAko ikertzaileek hedabide horretan argitaratzen duten lehen lana. Egiaz, LAIDA ikerketa taldearen eta Veneziako Ca’Foscari Unibertsitatearen arteko harremana sendotu egin da, aldizkari horren zuzendari Enric Bou irakasle katalanaren laguntzari esker. Aldizkariaren helburuetako bat Iberiar penintsulako kulturak zabaltzea da, hain zuzen ere, eta, bereziki, euskal kultura.

"Bost emakumezko idazleren lanari buruzko azterlan hau euskal literaturak Europako hainbat esparru eta geografiatan sortzen duen interesaren froga da. Horrela, euskal literaturaren errealitatea gure mugetatik kanpo ezagutzera emateko interes horren mugarri gisa agertu da ", gaineratu du Kortazarrek.