Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Masterrak Europako Hezkuntza Agentziaren aitortza jaso du
Ehundik 90 puntu emanda, txostenak maila teknikoa eta enplegagarritasuna goretsi ditu, baita ikasleen herritartasun aniztasuna, ikasle kopurua eta ikasleen balorazio positiboa ere
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/10/31
Hezkuntza, Ikus-entzunezko eta Kulturaren arloko Agentzia Exekutiboak (EACEA) bikain puntuazioa eman dio UPV/EHUren Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean masterrari: 100etik 90 puntu. Hala, Europako erakunde horrek ematen duen Good Practice Flag bermea berritu du bigarren urtez jarraian, eta masterrak bikaintasun maila gorenari eutsi dio.
Erasmus Mundus masterren kalitate bereizgarriaren arduradun nagusiek aipatu graduondokoaren jardueren ezarpen kuantitatibo eta kualitatiboa goraipatu dute.
Halaber, irakasleen maila teknikoa nabarmendu dute, baita graduondokoak ikasleei ematen dien enplegagarritasuna ere. Gainera, irakaskuntza-programaren kalitatea ere azpimarratu dute, jaso diren ikasteko eskaera kopuruari (400dik gora) eta eskatzaileen jatorri aniztasunari (67 herrialde) balioa emanda.
Ikuspegi ekonomikoaren arabera, ikastaroak ikasleei eskaintzen dizkien finantzaketa aukerak nabarmendu dituzte, baita proiektuaren jarraitutasuna ziurtatzen duten berme ekonomikoak ere.
Azkenik, agentziak oso balorazio positiboa egiten du masterraren hedapen eta sustapenean teknologia berriak erabiltzearen gainean.
Erasmus Mundus, bikaintasuna goi hezkuntzan
Energia Berriztagarrien Itsas Inguruneko masterra (REM) Erasmus Mundus baterako proiektuaren (EMJMD) kalitate zigilua duen graduondokoa da, eta Europako lau unibertsitatek batera eskaintzen dute: UPV/EHUk, Strathclyde-ko Unibertsitatea (Eskozia), Norvegiako Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatea (Norvegia) eta Nantesko Eskola Zentrala (Frantzia).
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Jesús María Blanco irakasleak koordinatzen du masterra, UPV/EHU 2017an eskaintzen hasi zena berezko titulu gisa. Blanco irakaslearen hitzetan, «sortu zenetik, Erasmus Mundusen kalifikazioa lortzea izan genuen helburu, ondo genekien-eta zein zaila den». Irakasleak aitortzen du oso zaila izan dela «lehen saiakeran» lortzea.
Europako Batzordeak sustatuta, Erasmus Mundus Hezkuntza, Ikus-entzunezko eta Kulturaren arloko Agentzia Exekutiboaren (EACEA) programa bat da; goi hezkuntzaren kalitatea areagotu nahi du Europan. Ekinbide nagusietako bat da garrantzi eta hezkuntza kalitate bikainarengatik hautatutako master eta doktoregoko baterako programak laguntzea, eta horietako batzuk finantzatzea ere bai. UPV/EHUk sei Erasmus Mundus masterretan parte hartzen du (horietatik bitan koordinatzailea izanda); hala, mota horretako masterrak eskaintzen dituen bigarren unibertsitate espainiarra da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren atzetik.
Graduondokoari buruzko informazio gehiago:
https://www.ehu.eus/es/web/master/master-energias-renovables-medio-marino