Ikasleen III. Biltzarrak garapen jasangarriko helburuekin konprometituta dauden ikasleen ikerketa saritu du
76 proposamen aurkeztu ziren hiru campusetako lau egoitzatan, Blackboard Collaborate plataformaren bidez
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/11/19
Bizkaia Aretoan egin zen UPV/EHUren Jasangarritasun Zuzendaritzak antolatzen duen Ikasleen III. Biltzarraren sari emate birtuala. Hirugarren urtez jarraian, topaketan aintzatetsi egin dira 2019-2020ko ikasturteko gradu amaierako lan (GRAL) onenak, zeinek Nazio Batuen Erakundearen Agenda 2030ean proposatutako garapen jasangarriko helburuak jorratu dituzten. Helburuok UPV/EHUren estrategian txertatu ziren garapen jasangarriaren aldeko EHUagenda 2030aren bitartez.
«Gure gradu amaierako lanek mundua eraldatzeko balio dute» lelopean, biltzarrak nahi izan du ikasleek garapen jasangarrian egindako ikerketa, hain zuzen ere, proposatutako lau ardatzetako bati buruzkoa: pertsonak, planeta, oparotasuna eta bakea eta aliantzak. Berritasun bat izan da edizio honetan; hots, sari berezi bat COVID-19aren ondoko egoerari ekarpen esanguratsuena egin dionarentzat. Kategoria bakoitzean 300 eta 150 euroko sariak eman dira.
86 proposamen iritsi ziren biltzarrera, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzita, eta horietatik 76 lan aurkeztu ziren, jakintza arlo guztietakoak: Arteak eta Giza Zientziak; Zientziak; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Ingeniaritzak eta Arkitektura. Batzorde zientifikoak –44 irakaslek osatzen dute– nabarmendu duenez, kalitatezkoak izan dira proposamenak, bai eta berritzaileak ere. Beste berritasunik ere izan da III. edizioan; alegia, publikoaren balorazioa aintzat hartu da aurkeztutako lanen kalitatea eta ikasleen azalpenak puntuatzeko.
Kongresua eta sari emate birtuala
Edizio honetan, Jasangarritasun Zuzendaritzako taldea moldatu egin behar izan da, COVID-19ak ezarritako trabak gainditzeko eta ikasleek baldintza tekniko sanitarioak betez aurkezpenak egin ahal izateko.
Hori horrela, Ikasleen III. Biltzarraren antolakuntzak lau agertoki prestatu zituen, denak ere BlackBoard Collaborate plataformaren bidez birtualki konektatuak, eta horietatik zuzenean eman ziren ikasleen aurkezpenak eta ondorengo eztabaidak.
Bizkaiko campusean, 26 ikaslek areto nagusian egin zituzten aurkezpenak, eta 19k, Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan; Gipuzkoako campusean, 15 ikaslek Carlos Santamaría eraikineko auditoriumean egin zituzten; eta Arabako campusean, 16 ikaslek, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ekitaldi aretoan.
Jasangarritasuneko zuzendari Estibaliz Saez de Camara Oleagak azaldu duenez, ekimen hau aitzindaria izan zen 2018an abian jarri zenean, eta sendotzen ari da. Programa askok babesten dute (Campus Bizia Lab, Gaztenpatia, Ocean i3, Justizia sozialaren aldeko Klinika Juridikoa eta Student i3 formula, besteak beste) eta irakasleek gero eta prestakuntza eta ikerketa gehiago egiten dituzte arlo honetan. Horregatik, irakasgaiak eta gradu amaierako lanak GJHekin lerrokatzen jarraituko dute.
Garapen jasangarria lortzeko ikerketa
Parte hartzaile ugari izan ditu hirugarren edizioak, eta hain momentu zailean horrela izateak erakusten du proiektua finkatuta dagoela. Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak orain dela hiru urte abiarazi zuen jasangarritasunaren aldeko proiektu hau.
Ildo beretik eta IKD i3 estrategiaren barruan, ikasturte honetan hirugarren urtez egin da doako online ikastaroa, non jakintza, eztabaida eta gogoetarako abaguneak eskaintzen dituen, gradu amaierako lanetan 2030 Agenda sartzen laguntzeko helburuarekin.
Sari ematea
Jasangarritasuneko zuzendari Estibaliz Saez de Camara Oleaga eta Bizkaiko campuseko Unibertsitate Proiekzioko zuzendari Nerea San Martín Albizuri arduratu ziren sariak emateaz; Bizkaia Aretotik birtualki eman zen ekitaldi batean iragarri zituzten irabazleak.
Hona hemen sariak, ardatzen arabera:
«Pertsonak» ardatza
1. Saria
- Tindaketa naturala baliatuz azal sentikorreko erabiltzaileei zuzendutako zapien garapena
- Anne Fernandez Diez
- Sorkuntza eta Diseinuko Gradua
2. Saria
- Matematikan eta problemetan oinarritutako ikaskuntza errefuxiatuen gaia lantzeko lehen hezkuntzan
- Lorea Larrea Basterra
- Lehen Hezkuntzako Gradua
«Planeta» ardatza
1. Saria
- Aldaketa klimatikoari aurre egiteko etorkizuneko elikadura jasangarria: Intsektuak
- Imanol Aguinaco Anuncibay
- Ingurumen Zientzietako Gradu
2. Saria
- Ajuste de los parámetros del modelo integral de una biojardinera con trampa de grasas bioactiva
- Onintze Parra Ipiña
- Ingeniaritza Kimikoko Gradua
«Oparotasuna» ardatza
1. Saria
El impacto del Big Data sobre la estrategia proactiva sostenible y el efecto de ésta sobre la responsabilidad social corporativa
Xabier Torres Ugarte
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua
2. Saria
Accesibilidad en la publicidad audiovisual: el caso de los spots televisivos en España
Garazi Ocerin Urquijo
Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua
«Bakea eta aliantzak» ardatza
1. Saria
Los conflictos entre socios en los procesos de emprendimiento: una mirada colaborativa
Miguel Fernández Montaña
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza
2. Saria
Mapuche (lurreko jendea): jatorrizko indigenen identitate-eraldaketa
Jone Aldalur Gandiaga
Sorkuntza eta Diseinuko Gradua
COVID-19aren ONDORENGO sari berezia.
1. Saria
Capitalismo, mercantilización del otro y escenarios sociales derivados
Carla Rial Saborido
Psikologiako Gradua