UPV/EHUko AgeingOn taldea Bizkaiko Aldundiarekin elkarlanean, egoitzetako pertsonen gaitasun funtzionala sustatzeko
Birjinetxe erreferentziazko eskualdeko zentroak koordinatzen du proiektua, eta 12 egoitzek parte hartzen dute
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/05/03
Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera egin du joan den irailean aurkeztu zen Iraupen Luzeko Zainketen Trantsiziorako Plana hedatzeko prozesuan. Iraupen luzeko zainketen eraldaketa bultzatzera bideratutako planaren lau ardatz eragileetako bat guztira eskualdeko erreferentziazko 4 zentro abiaraztea da. Lehenengoa Birjinetxekoa Laguntza Zentroa da eta aurrera egiten ari da bere pilotaje-fasean Bilbo inguruari estaldura eskaintzeko.
Birjinetxeko laguntza-talde espezializatuak berariazko bi proiektu jarri ditu abian eta proiektu horietan Bilboko Gizarte Zerbitzuen sektoreko 26 egoitza-zentrok parte hartzen dute. Ekimen horietariko bat Euskal Herriko Unibertsitateko AgeingOn taldearekin elkarlanean garatzen ari da.
Proiektu horrek, ‘Gaitasun funtzionala lehengoratzea eta mantentzea, egoitza-zentroetan bizi diren pertsonentzako eguneroko jarduera esanguratsuetatik abiatuta’ izena duenak, prestakuntza-ekintza fasea hasi berri du Birjinetxen, diagnostikoaren hasierako fasea osatu ondoren. Fase horri esker etorkizuneko lana bideratu ahal izan da, egoitzako eguneroko jardueretan gaitasun funtzionala sustatzeko ekintzak txertatzeko. Proiektuan, Birjinetxeko eta AgeingOn taldearekin batera, Bilbo inguruko beste 12 egoitza-zentrok parte hartzen ari dira.
Bigarren proiektua, ‘Erabakien eta Zainketen plangintza’, Osasun Sailarekin lankidetzan egiten ari da, eta 14 egoitzak parte hartzen dute.
Bi jarduera-ildo horiek 2022ko uztailera arte garatuko dira eta orduan zehaztuko da 2022ko irailetik aurrera Bilboko egoitza-zentro guztietara hedatzeko eta zabaltzeko plana.
Iraupen luzeko zainketen trantsizioa bultzatzeko foru planaren Erreferentziazko Eskualde Zentroen proiektu traktorea Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen gainerako Sektoreetan -Enkarterri-Ezkerraldea, Uribe eta Barrualdea- laguntza-taldeak sortuz zabalduko da. Horiek guztiak, eremu horietako unitate soziosanitarioekin batera, zonako egoitzetarako erreferentziazko eskualde-zentro gisa egituratuko dira.