euskaraespañol

Eguneko irudia

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak FSB2021 monoplaza berria aurkeztu du

Ibilgailu elektrikoak 220 kilogramo ditu, eta 3 segundoko 0-100 km/h-ko azelerazioa eta 110 km/h-ko puntako abiadura ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/12

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak aurkeztu ditu 2020/2021 denboraldian egindako lana eta FSUKen (Formula Student United Kingdom) modu birtualean eta FSSn (Formula Student Spain) Montmeloko zirkuituan modu presentzialean lehiatuko den FSB2021 monoplaza berria.

Formula Student Bizkaia UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolak babestutako irabazi-asmorik gabeko irakaskuntza-proiektua da. Helburua ikasleen prestakuntza, talentua eta enplegagarritasuna sustatzea da, metodologia berritzailea erabiliz, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (Project Based Learning), besteak beste. Diziplina anitzeko proiektua da, eta mekanika, elektronika, kontrola eta materialak bezalako arloetako ezagutzak uztartzen ditu. Erronka monoplaza elektriko bat diseinatzea, eraikitzea, balioztatzea eta harekin lehiatzea da.

Proiektuaren ebaluazioa kanpoan egiten da, Formula Student lehiaketetan, mundu osoko 100 unibertsitate baino gehiagorekin lehiatuz. Udan egiten dira, eta automobilgintzaren munduko profesionalek hainbat probatan epaitzen dituzte ikasleak. Uda honetan, FSB2021 monoplaza berria bi probatan lehiatuko da, FSUKen (Formula Student United Kingdom), modu birtualean, uztailaren 19tik 25era, eta FSSn (Formula Student Spain) Montmeloko zirkuituan modu presentzialean, abuztuaren 2tik 8ra.

2006an sortutako Formula Student Bizkaia irakaskuntza-proiektua Bilboko Ingeniaritza Eskolako 78 ikaslek eta 4 irakaslek (Charles Pinto, Javier Corral, Mikel Díez eta Asier Zubizarreta) osatzen dute.

Gaur aurkeztuko den Formula Student Bizkaia monoplaza Bilboko Ingeniaritza Eskolan eraikiko den hamabosgarrena da, unibertsitate mailako munduko lehiaketarik garrantzitsuenetako batean parte hartzeko. Formula Student ekitaldiak nazioarteko unibertsitateetako ikasleen arteko ingeniaritza-lehiaketa garrantzitsuenak dira, eta mundu osoko 100 taldetako 3.000 ikasle baino gehiago biltzen dituzte.

FSB2021 ibilgailua monoplaza elektriko bat da (80 kW); 22 kilometroko autonomia du potentzia osoan; atzeko trakzioa, motor elektriko bikoitzaren bidez; monokaskoa eta karbono-zuntzezko pack aerodinamikoa; 220 kilogramoko pisua; puntako abiadura, 110 kilometro ordukoa; azelerazioa, 3 segundokoa orduko 0 eta 100 kilometro hartzeko; eta wifi bidezko telemetria, 500 metrora arteko irismenarekin. Direkzioa diseinu propiokoa da, pilotuaren ergonomiari begira optimizatutako bolante batekin batera. Bateriak kudeatzeko sistema taldeak diseinatu du oso-osorik. Monoplazak, testak eta balidazioak egitera fokalizatuta dagoen eta mota guztietako sentsoreak irakurtzeko gai den txartel elektronikoa du.

Aurreko FSB2020ren teknologian oinarritzen da, nahiz eta hainbat arlotan hobekuntzak dituen: txasisa eta aerodinamika batera diseinatu dira kurbetan ondo heltzeko gaitasuna handitzeko; esekidura karbono-zuntzez egin da, pisua murrizteko eta gidatzeko erraztasunari eusteko; baterien packa optimizatu egin da, tamaina, pisua eta paketatzea trinkotuz; eta azkenik balaztatzean energia berreskuratzeko sistema bat txertatu da.

Antolakuntza egitura

Taldeak enpresa batekoa moduko antolakuntza egitura du, eta kide bakoitzak bere kargua eta erantzukizuna ditu, Faculty Advisors izenekoek (4 irakasle) gainbegiratuta. FSB2021en Team Leader izenekoa, ikasleen ordezkari nagusia, Borja Guillermo Díez Artime da, ibilgailuaren diseinua eta fabrikazioa gainbegiratzeaz arduratzen diren Technical Managers-en aholkularitza eta laguntzarekin, eta proiektuaren finantza- eta antolaketa-arloa kudeatzeaz arduratzen diren Financial eta Organization Manager banarekin.

Gainerako taldekideak 8 sailetan banatzen dira: Aerodynamics (aerodinamikaren fabrikazioaz arduratzen direnak); Chassis (monokaskoaren eta gainerako zati estrukturalen fabrikazioaz arduratzen direnak); 6 Driverless (aurtengo talde berria, ekipoaren lehen ibilgailu autonomoa garatzeko teknologia berriak garatzeaz arduratzen direnak); Dynamics (ibilgailuaren dinamikaz eta masa osatzen ez duten multzo mekanikoez arduratzen direnak); Powertrain (goi-tentsioko partearen diseinuaz eta fabrikazioaz arduratzen direnak; Electronics (ibilgailuaren behe-tentsioko sistemaz arduratzen direnak); Organization (logistikaz, irudiaz, sustapenaz, marketinaz eta baliabide pertsonal eta materialen kudeaketaz arduratzen direnak); eta Simulation & Control (ibilgailuaren simulagailua mantentzeaz, pistak baloratzeko probak egiteaz eta kontrol-sistemetan lan egiteaz arduratzen direnak).

2020/2021 denboraldian egindako lana ostiraleko arratsaldean aurkeztuko zaie unibertsitateko komunitateari, erakundeei eta enpresa babesleei, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea, 3) egin den ekitaldian. Ekitaldian egon dira Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria; Xabier Otxandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua; eta Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea.