Bilboko Ingeniaritza Eskolako Bisky Team taldeak eta Cosmic Research-ek Bondar kohetea jaurtitzeko lankidetza akordioa sinatu dute
Ikasleek misioaren sistema elektronikoen garapenarekin lagunduko dute Bondar misioan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/08/06
Cosmic Research elkarteak eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako BiSKY Team taldeak lankidetza kontratua sinatu dute, Bondar kohete azpi-orbitala garatzen laguntzeko. Proiektuak estratosferara heldu gura du, unibertsitateko ikasleek osorik diseinatutako kohete bat jaurtiz. Proiektuak, gainera, INTA (Instituto Nacional de la Técnica Aeroespacial) erakundearen laguntza du. Akordio horrek ez du aurrekari historikorik Espainian unibertsitateetako koheteen garapenaren arloan.
Cosmic Research, proiektuaren sustatzaile nagusia denez, misioaren sistema mekanikoak garatzen ari da, eta proiektuaren kudeaketaren buru da. Era berean, BiSKY Teamek misioaren sistema elektronikoak (abionikoa) egingo ditu.
Bondar Misioa
Bondar misioaren jarduera nagusia izen bereko kohete azpi-orbitala diseinatzea, eraikitzea eta jaurtitzea da. Misio horrek kohetearen teknologien funtzionamendua balioztatu gura du, espaziora joan-etorriko hegaldi batean kargak garraiatzeko gai izango litzatekeen kohete indartsuago baten prototipo gisa erabiliz.
Hegatsekin modu pasiboan egonkortutako eta ikasleek sortutako telekomunikazio sistema bati esker berreskuratutako propergol solido nahasketarekin propultsatua izateko dago diseinatuta Bondar.
Misioaren amaiera, kohetea lurretik 10 km-ko altuerara heltzean gertatuko da. Jaurtiketa 2021eko otsailerako dago aurreikusita Arenosilloko Esperimentazio Zentrotik, INTAk Huelvako probintzian duen egoitzatik, hain zuzen ere.
Hegaldi proba
Koheteko ordenagailuaren funtzionamendua eta BiSKY Team-ek sortutako lurreko telekomunikazio-estazioa balioztatzeko asmoz, hegaldi-proba egin da Dimako aireportuan (Bizkaia).
Cosmic Research-en Christa kohete bat erabili da hegazkin-prototipoa lurretik 700 metrora jaurtitzeko. Prototipoaren funtzioa kohetearen aireratzea eta goraldia detektatzea, eta GPS posizioko datuak lurreko telekomunikazio-estaziora transmititzea zen.
Jaurtiketa ezin hobea izan da, eta datuak behar bezala jaso dira hegaldiak iraun duen denbora guztian. Kohetea 675 metroraino heldu da. Probak izan duen arrakastaren ondorioz, taldeak hurrengo entsegu bat egin beharko du, bertan, abionikak Bondarren azken jaurtiketarako aurreikusten diren funtzio guztiak probatuko ditu.
Proba ENAIRErekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinatu da, eta Dimako Udaleko langileen laguntza izan dute lurrean.
BiSKY Team-i buruz
BiSKY Team Bilboko Ingeniaritza Eskolako (EIB) diziplina anitzeko irakaskuntza-proiektua da, eta jaurtitzaile azpi-orbitalak sortzea (diseinua, eraikuntza eta saiakera) du helburu. Proiektuan, gaur egun, Eskolako 4 irakaslek eta UPV/EHUko fakultate desberdinetako 42 ikaslek hartzen dute parte.
Orain arte, BISKY Teamek bi jaurtiketa egin ditu guztira: Alpha eta Bravo, biak arrakastatsuak. Gainera, motor hibrido bat diseinatu du zerotik, M1, eta horren proba ere arrakastatsua izan zen. Orain taldea probako Arima eta Saiakera koheteen jaurtiketak prestatzen ari da, eta, horrez gain, Charlie izeneko 4 metroko kohetea sortzen ari da, eta baita ondorengo motor hibridoa ere, M2.
Cosmic Research elkarteari buruz
Cosmic Research, Terrassako Escuela Superior de Ingenierías Industrial, Aeroespacial y Audiovisual (ESEIAAT) izenekoko eta Universitat Politècnica de Catalunyako (UPC) ikasleek osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. 2016ko ekainean sortua, elkartearen xedea kohete azpi-orbitalak sortzea da, gizartearentzat erabilgarriak izango diren aplikazio baketsuekin, kostu txikiarekin.