euskaraespañol

Eguneko irudia

Zahartzean ariketa fisikoa egiteak garuneko osasuna babesten du

Alzheimerra prebenitzeko eta tratatzeko duen eragin onuragarriaren oinarri biologikoei buruzko ikerketa batean parte hartu du UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/03

Alfredo Ramos-Miguel UPV/EHUko Farmakologia Saileko Ramón y Cajal ikertzailea
Alfredo Ramos-Miguel UPV/EHUko Farmakologia Saileko Ramón y Cajal ikertzailea. Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

UPV/EHUko Farmakologia Saileko eta Osasun Mentaleko CIBER zentroko ikertzaileek Alzheimer’s & Dementia aldizkari ospetsuaren azken alean argitaratutako lan batean parte hartu dute. Ariketa fisikoak trebetasun kognitiboetan eta osasun mentalean duen eragin onuragarrian zer prozesu biologikok esku hartzen duten argitzen du lan horrek. Ikerketaren arabera, ariketak handitu egiten du proteina jakin batzuen maila, eta proteina horiek, jakina denez, garuneko zelulen arteko sinapsien bidezko komunikazioa hobetzen dute; horrenbestez, hori funtsezko faktore bat izan daiteke dementziari aurre egiteko orduan.

Hirugarren adinean garunaren zahartze osasuntsua sustatzeko, gure bizimoduan zenbait aldaketa egitea gomendatu ohi da, hala nola dieta orekatuagoa izatea, ohiko jarduera kognitiboak areagotzea eta, bereziki, ariketa fisikoari denbora gehiago eskaintzea. Latinezko mens sana in corpore sano esaera zaharretik haratago, behaketa epidemiologikoetan oinarritzen da gomendio hori; haien esanetan, izan ere, jarduera fisikoa Alzheimer gaixotasunaren eta beste dementzia batzuen intzidentzia txikiagoarekin lotuta dago. Sedentarismoa, urtero, lau milioi dementzia kasuren baino gehiagoren jatorrian dagoela uste da, halaber.

"Ariketa fisiko moderatua terapia gisa sartu dute zenbait saiakuntza klinikotan, eta haren eragin positiboa frogatu dute bai kognizioan, bai kortex lodieran", adierazi du Alfredo Ramos-Miguel Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Saileko ikertzaileak. ‘Alzheimer’s & Dementia’ aldizkari itzaltsuak argitaratu berri duen ‘Late-life physical activity relates to brain tissue synaptic integrity markers in older adults’ artikuluaren egileetako bat da ikertzaile hori.

Animalia ereduen azterketa aurreklinikoek iradoki dutenez, baliteke ariketa fisikoak trebetasun kognitiboak handitzea sinaptogenesia areagotuz, hau da, konexio neuronal berriak sortuz. Ikertzailearen esanetan, ordea, “giza burmuinean azterketa molekularrak egiteko zailtasunak mugatu egiten du ariketa fisikoak zahartzean osasun mentalean eta kognitiboan dituen ondorio onuragarrietan zer mekanismo biologikok esku hartzen duten aurkitzeko probabilitatea”.

Memoria eta Zahartzea proiektua

Gainbehera kognitiboaren eta psikomotorraren oinarri anatomiko patologikoak eta molekularrak finkatzeko, Chicagoko (AEB) Rush Alzheimer’s Disease Centerren Memoria eta Zahartzea Proiektua (MAP, ingelesezko sigletan), boluntarioen bitartez, luzetarako eta prospekziorako azterlan bat gidatzen ari da, 1997az geroztik. Boluntario horiek ebaluazio kognitiboak eta psikomotrizeak egiten dituzte aldian behin, eta beren organoak ere ematen dituzte hil ondoren. Azterlan horren diseinuak aukera ematen du eguneroko ohiturak eta osasun egoerak eta parte hartzaileen burmuinetan gertatzen diren egiturazko asaldurak eta alterazio funtzionalak zuzenean erlazionatzeko.

Proiektu horren azken argitalpenean 404 gizabanakoren emaitzak aurkeztu dituzte; erloju edo eskumuturrekoetan jarritako aktimetroen bidez monitorizatu zuten haien jarduera fisikoa, hil aurreko 3,5 urtez batez beste. Hil ondoren, gaitasun kognitibo eta psikomotorretarako funtsezkoak diren hamabi garun eremuren laginak jaso zituzten, eta zortzi proteina sinaptikoren azterketa kuantitatibo eta funtzionalak egin zituzten haietan, baita ebaluazio histopatologiko osoa ere, zeinak zahartzeari lotutako hamar neuropatologia aztertzen dituen.

Lortutako emaitzek berretsi zuten, halaber, eguneroko jarduera fisikoaren tasa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago eta funtzionalagoak direla, oro har, aztertutako proteina sinaptiko guztiak. Lotura hori are nabarmenagoa zen kontrol motorrarekin lotutako garuneko aldeetan, hala nola nukleo kaudatuan eta putamenean. Hala ere, ariketa fisikoaren eta dentsitate sinaptikoaren arteko erlazioak ez zuen zerikusirik ez garuneko area berberetan aurkitutako karga neuropatologikoarekin, ezta gaitasun motorrei eragiten dieten patologiak egotearekin ere; hau da, jarduera fisikoa adineko edozein pertsonarentzat izan daiteke onuragarria, osasun egoera edozein izanik ere.

Luzetara aztertuta, berriz, aktigrafiako datuek ariketa fisikoaren ondorio onuragarriak aise galtzen direla erakutsi zuten; izan ere, etapa goiztiarretan errutina fisiko handia bazuten ere bizitzako azken bi urteetan alde batera utzi zuten parte hartzaileek antzeko dentsitate sinaptikoak zituzten parte hartzaile sedentarioagoek baino.

Laburbilduz, “azterlan horrek agerian uzten du, gizakietan lehen aldiz, ariketa fisikoa egitea, baita adin aurreratuetan ere, lagungarri dela sinaptogenesi prozesuak sustatzeko edo lesio neuropatologikoen efektu hilgarrien aurreko erresilientzia sinaptikoa areagotzeko”, Ramos-Miguelek dioenez.

Horregatik, hain zuzen ere, osasun sistema publikoek ahalegin handiagoa egin beharko lukete hirugarren adinekoen artean sedentarismoa gutxitzeko estrategia prebentiboak eta terapeutikoak sustatzeko, azterlanak adierazten duen bezala.

Informazio gehigarria

Alfredo Ramos-Miguel UPV/EHUko Farmakologia Saileko Ramón y Cajal ikertzailea da. 2010ean doktoratu zen Balear Uharteetako Unibertsitatean, eta handik Vancouverreko (Kanada) Columbia Britainiarreko Unibertsitatera joan zen doktoratu osteko prestakuntza egitera. Bertan, zuzenean ezagutu du 6 urtez Memoria eta Zahartzea Proiektuaren funtzionamendua eta garapena. Bere lana lagungarria izan da Alzheimer gaixotasunean gertatzen diren komunikazio zelularreko alterazioak –narriadura kognitiboaren eragile diren horiek– xehetasun handiagoz ezagutzeko.

Erreferentzia bibliografikoa