euskaraespañol

Eguneko irudia

Artea lagungarri da euskal memoria industriala biziberritzeko beharraz jabetzeko

Bilbo Metropolitarreko industria-ondarearen egoerari buruzko azterketa sakon batek agerian utzi ditu haren hauskortasuna eta hari balioa emateko beharra

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/13

Alberto Salcedo. | Argazkia: Teresa Ormazabal. UPV/EHU.

UPV/EHUko Eskultura eta Artea eta Teknologia Saileko ikertzaile batek Bilboko industria-ondareari buruzko azterketa dokumental sakona eta landa-lan zabala egin ditu. Era berean, diziplina anitzeko esperimentazio artistikoaren bidez egiaztatu du arteak eragina izan dezakeela ondasun horren kudeaketan, eta ekarpena egin dezakeela ondare horren zaharkitzearen arazoa gizarteratzeko, haren hauskortasunaz eta balioaz sentsibilizatzeko eta euskal industrializazioaren memoria kolektiboa biziberritzeko.

Bilboko metropoli-eremua Europako hegoaldeko industrializazioaren epizentroetako bat izan zen XIX. eta XX. mendeen artean. Industria-sarearen zati handi bat ixteak aro berri baterako trantsizioa abiarazi zuen, eraldaketa sozioekonomikoaz gain, eta lehen mailako hiri- eta paisaia-aldaketak ekarri zituen horrek. Alberto Salcedok UPV/EHUko Eskultura eta Artea eta Teknologia Sailaren ikerlanaren egileak adierazi duenez, “aro horien arteko trantsizioa azkarra izan zedin, masiboki eraitsi ziren industria-instalazio zaharkituak, tabula rasa erako politika publiko baten babespean”.

Salcedori kezka eragiten dio “industria-iraganaren aztarnak jasaten ari diren ezabatze sistematikoak, mota guztietako fabrika, azpiegitura eta abarren desagerpena eragin baitu”, bai eta “industrializazioaren memoria kolektiboa galtzeak” ere. Hori dela eta, “memoria eta ondare industriala biziberritu nahi ditu, praktika artistiko garaikideen bidez”.

Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko Udaleko artxiboetan industria-ondareari buruzko azterketa dokumental sakona egin ondoren, egileak landa-lan zabala egin du “datu teoriko horiek guztiak errealitatearekin alderatzeko eta industria-ondarea zein egoeratan dagoen ikusteko”, azaldu du Salcedok. Konparazio hori egitean, “eztabaida batzuk sortu dira, ez baitzetozen bat erakundeek erabiltzen zituzten datuak eta ondarearen benetako egoera, eta horrek motibazio gisa balio izan dit arte-lan batzuk sortzeko”, adierazi du.

Bere ikerlanean, Salcedok utzikeria-adibideak aurkitu ditu; hala, ikusi du “Zorrotza auzoko Grandes Molinos Vascos irin-fabrikako eta Talleres de Zorrotzako eraikinak, Euskal Kultura Ondarearen ondasun gisa katalogatuak, muturreko degradazio-egoeran eta benetako kolapso-arriskuan” daudela, eta, ondorioz, ondarearen aurkako delituengatiko salaketa bana aurkeztu du.

Industria-ondarea artearen bidez

Salcedok azpimarratu duenez, “ondarea kontserbatzeak guztiontzako onura dakar. Beste leku batzuetan ez bezalako aberastasun industriala dugu, zeinak, ondo ustiatuz gero, onura turistikoa edo ekonomikoa ekar baitezake”. Ildo horretan, Salcedok bederatzi proiektu artistikotan lan egin du, proposamen desberdinetan oinarrituta eta teknika desberdinak erabilita, hala nola argazki-erregistro soilak edo instalazio eta ekintza performatiboak. Diziplina anitzeko esperimentazio artistikoaren bidez, “egiaztatu dut ezen artearen bidez posible dela industria-ondarea biziberritzea, haren berrerabilpena erraztea eta haren balioa handitzea. Uste dut arteak industrializazioaren memoria horri eusten laguntzen duela —dio—. Industria-ondarea artearen bitartez aurkezten duzunean, ondareari begiratzeko beste modu bat sortzen duzu: jada ez da ikusten kontserbatu behar diren eta aberastasunik sortzen ez duten fabrika eta makina zahar gisa”.

Gaur egun, landa-lanean lortutako 15.000 fitxategietatik argazkiak eta bideoak aukeratzen ari da Salcedo. Dagoeneko desagertuta dauden industria-gune askotako grabazioak ditu. Gainera, zenbait fabrikaren eraispenak jasotzen dituzten bideo-irudien gordailu bat aurkitu du Lurralde Antolamendu Sailean; orain arte ez zegoen horren berririk. “Material hori guztia ikertzaileen eta erakunde eta museoen eskura jartzeko” lanean ari da.

Informazio osagarria

Ikerlan zabal hau eta esperimentazio artistikoa Alberto Salcedoren doktore-tesiaren esparruan egin dira, Juan Andrés Crego Morán UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak zuzenduta, Ikerketa eta Sorkuntza Arte Garaikidean doktorego-programaren barruan. Bikain Cum Laude nota lortu du aho batez.