euskaraespañol

Eguneko irudia

Bertan behera Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Bilboko eraikin berriaren obra-kontratuaren esleipena

Aldi baterako enpresa-elkarte esleipendunak uko egin dio proiektuari kostuen igoeragatik

Lehenengo argitaratze data: 2022/08/12

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) amaitutzat eman du Bilboko Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen ondoan dagoen Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren obra-kontratua esleitzeko prozedura, abuztuaren 8an, astelehenarekin, argitaratutako ebazpenean.

Jakina denez, euskal unibertsitate publikoak iazko urrian onartu zuen, zegokion prozeduraren ondoren, aipatutako eraikina eraikitzeko kontratazio-espedientea. Aldi baterako enpresa-elkarte bat (ABEE) eratzeko konpromisoa hartu zuten hiru enpresari egokitu zitzaien. Horrela, 2022ko martxoaren 4an, “Medikuntza ABEE “eratu zen, eta hari esleitu zitzaion kontratua.

Prozesu hori guztia garatu ondoren, uztailaren 28an enpresa-elkarte esleipendunari ezarritako kontratua formalizatzeko eskatu zitzaion. Egun berean, enpresak argudiatzen du ez dagoela kontratua hitzartutako baldintzen arabera betetzeko moduan. Horretarako, justifikatzen du egungo egoera ekonomikoak, eskaintza aurkeztu zutenetik % 20ko eragin orokorra duten eraikuntza-kostuen ezohiko eta neurriz kanpoko igoerarekin, kontratuari itundutako baldintzetan aurre egitea eragozten diela eta ez formalizatzea eskatzen dutela.

Egoera horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateak deitoratu egiten du enpresa-elkarteak hartutako erabakia, eta ahal bezain laster obra berriro lizitatzeko borondate irmoa adierazten du.