euskaraespañol

«Ehun urte bete nituen, eta nire familia ezin izan zen etorri»

UPV/EHUko Arte Ederretako bi ikaslek fanzine batean islatu dute adinekoek ikusitako pandemiaren errealitatea.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/01

Ikasle, egoiliar eta erresidentziako langileak fanzinearen aurkezpenean. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

“100 urte bete nituen konfinamenduan. Nire familia ezin izan zen ni ikustera etorri, hegaldia bertan behera utzi zutelako”. “Ile zuria jarri zait”. Horiek dira ‘En la habitación’ fanzineak biltzen dituen bi testigantzetako bat. Aldizkaria gaur aurkeztu da Arte Ederren Fakultatean. Egileak dira Arteko graduko bi ikasle, Jara Roset eta Marta Lorenzana, eta IMQ Igurco Unbeko adineko pertsona egoiliarrak. Ikasleek erabili eta botatzeko argazki-kamerak eman zizkieten egoiliarrei, eguneroko irudiak modu pertsonalagoan jasotzeko. Fanzineak pertsona nagusien hausnarketak eta iruzkinak ere jasotzen ditu.

Arte Ederren Fakultateko ikasle Jara Roset eta Marta Lorenzanak esan bezala, fanzineak "egoitzetan pandemian izandako bizipenekin lotutako esperientzia grafiko-plastikoa" jasotzen du. "Pandemiaren konfinamenduan bizi izan diren egoiliarren esperientziei ahotsa eman nahi izan diegu proposamen honekin. Fanzine formatua aukeratu dugu sarri estigmatizatuta izan den errealitatea kontatzeko eta protagonistengandik hurbilago dagoen ikuspegia emateko. Fanzinearen testuan bere hitzak jasotzen dira eta hauek ere beraiek ateratako argazkiekin batera agertzen dira, gehienbat".

Azken lau hilabeteetan, Jara Rosetek eta Marta Lorenzanak kolektibo artistiko gisa lan egin dute ‘Logelan’ proiektu grafikoan. Proiektu hori hirugarren mailako "Grafika teknologikoa" irakasgaitik abiatuta sortu zen, eta borondatezko praktika gisa egituratzen da, IMQ Igurco Unberekin lankidetzan, Arte Ederren Fakultateak Bizkaiko egoitza soziosanitario horrekin sinatutako hezkuntza-lankidetzarako hitzarmenaren pean.

Nahia Zamanillo egoitzako terapeuta okupazionalak azaldu duenez, "Beharrezkoak diren murrizketak eta segurtasun-neurriak gorabehera, hainbat topaketa izan ditugu ikasleen eta adinekoen artean gure zentroan martxoan eta apirilean. Batez ere, pandemiaren garaiko esperientziak, emozioak, sentimenduak eta egoitzako profesionalek eskainitako zainketak jorratu ditugu. Fanzinea emozio eta esperientzia horien erregistro artistikoa eta belaunaldien artekoa da. Protagonistek, adinekoek, oso positiboki baloratu dute ekimen hau, ikasleen sentsibilitatea eta unibertsitatetik ireki dieten sorkuntzaren munduarekiko leihoa ".

Bestalde, Izaskun Álvarez Gainza UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Irudigintza Saileko irakasleak aitortu duenez, ikasleek elkarrekin egindako lana "oso handia izan da; egoiliarrekin oso ikuspegi hurbiletik edo intimotik lan egin dute, adineko pertsona horiek adierazteko eta irekitzeko espazio bat ezarriz. Ekimenaren barruan, erabili eta botatzeko kamerak eman zizkieten, beren eguneroko irudiak modu pertsonalagoan jaso ahal izateko, eta, horrela, egoiliarren adierazpen pertsonal horren bitartekotzarako eta laguntzarako espazio batean jarri ziren ikasleak". Irakasleak goraipatu ditu "ikasleek adineko pertsonekin izan duten sentsibilitatea eta errespetua", "Baita prozesu osoan zehar izan duten maitasuna ere".

Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatea eta Erandioko (Bizkaia) IMQ Igurco Unbe egoitza soziosanitarioa elkarlanean ari dira 2018. urtearen amaieratik, ikasle eta egoiliarren belaunaldien arteko topaketarako eta sorkuntza komunerako proiektu batean. Fanzine hau 2019an egin zen belaunaldien arteko proiektuaren jarraipena da.