euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk beste batzuekin batera zuzendutako proiektu batek “Atlantic Project Awards 2024” saria irabazi du

"Blueskilling Innovation" ontzigintzan eta itsas teknologian lehiakortasuna sustatzeko ekimena da, eta Euskal Herriko Itsas Foroa du buru.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/11/25

Blueskilling Innovation proiektuko partaideak Atlantic Project Awards 2024 saria jasotzen | Argazkia: Atlantic Project Awards

Euskal Herriko Unibertsitatea izan da Blueskilling Innovation proiektuko partaideetako bat, eta "Atlantic Project Awards 2024" saria lortu du, Blue Skills and Ocean Literacy kategorian. Proiektua urte honen hasieran onartu zen ontzigintzan eta itsas teknologian lehiakortasuna bultzatzeko, eta estrategia, Euskal Herriko Itsas Foroak gidatua, exijentzia handiko industria honetan langileek izan behar dituzten gaitasunak hobetzeko asmoz abiarazi zen.

Atlantikoko Proiektuan ("Atlantic Project Awards 2024") lortutako saria ekimen hori aintzatesteko bidea da. "Atlantic Project Awards 2024" sarietako irabazleak jendaurrean iragarri ziren Atlantic Stakeholders Platform Conference (ASPC 2024) delakoaren hamaikagarren edizioan, azaroaren 22an Bordelen (Frantzia) egindako jardunaldian, hain zuzen ere.

"Atlantic Project Awards" sariak laneko gaitasunak eta trebetasunak, enplegu urdinak, kalitatezko hezkuntza, prestakuntza eta etengabeko ikaskuntza bultzatzen dituzten eta ozeano alfabetizazioa sustatzen duten proiektuei, ekimenei eta ekintzei ematen zaizkie.

Blueskilling Innovationi buruz

Joan den urtarrilean jarri zen abian Bilbon Blueskilling Innovation ekimena, eta helburu dauka langileen trebakuntza hobetzea industria-lehiakortasunarena arloan, jasangarritasunaren arloan eta berrikuntza urdinaren arloan ikuspegi nagusia teknologia ekologikoak eta "offshore"ak izanik. Ekimenaren lurralde eremua Esparru Atlantikoaren Europako eremua da. 

Blueskilling Innovation proiektuak berrikuntza urdina bultzatzeko, industria lehiakortasuna indartzeko eta itsas energia berriztagarrien eta itsas garraio ekologikoko teknologiaren hedapena bizkortzeko beharrezkoak diren gaitasunak emango ditu eremu atlantikoan. Proiektuaren helburu nagusia ontzigintzaren industriako eta itsas teknologiaren balio-kateko langile eta ikertzaileei prestakuntza eta trebetasun berritzaileak eskaintzea da, digitalizazioa, trantsizio ekologikoa, konektibitate jasangarria eta abangoardiako teknologiak direla ardatz, eta hartara, enpresentzat balioa sortzeko egiten duten ekarpena handitzeko eta industria garbiago baterako bidean azkar ezartzeko.

Blueskilling Innovation ekimenean zortzi bazkide dira, Espainia, Frantzia, Irlanda eta Portugalgoak, eta hiru urtez aritu izan dira elkarlanean proiektu honetan. Bazkideetako bat Euskal Herriko Unibertsitatea dugu. 

Proiektuko zuzendarietako bat Jesús María Blanco da, UPV/EHUko Energiaren Ingeniaritza Saileko katedraduna, eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus masterreko arduradunetako bat.