euskaraespañol

Eguneko irudia

EHUazoka, UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azoka, interesa duten guztiengana hurbiltzen da online

Formatu birtualeko lehen edizio hau urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra bisitatu ahal izango da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/27

EHUazoka, UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azoka

Badator EHUazoka, UPV/EHUren Unibertsitate Orientaziorako Azoka! Aurten formatu birtualean izango da, eta 400 zuzeneko saio baino gehiago izango dira eskuragarri, etorkizuneko ikasleek gradu eta sarbideari buruzko zalantza guztiak argitzeko. Urtarrilaren 30ean irekiko ditu ateak, eta otsailaren 17an itxi.

Urtarrileko azken larunbatean hasi ohi da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Unibertsitate Orientaziorako Azoka, eta 2021ean, pandemia egonda ere, ez da salbuespena izango. Larunbat honetan, hilak 30, 2021eko Unibertsitate Orientaziorako Azokak ateak irekiko ditu, eta izena, EHUazoka eta formatua estreinatuko ditu, osorik online egingo baita. Helburua, berriz, betikoa izango da: unibertsitate aurreko ikasleei aukera akademikoari buruzko zalantza guztiak argitzen laguntzea.

Datorren ikasturtean unibertsitate-ikasketak egin nahi dituzten guztiek izena eman dezakete dagoeneko  EHUazokan. Azoka urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra egongo da irekita. Azoka birtual honetan Euskal Herriko Unibertsitatearen 2021-2022 ikasturterako eskaintza akademikoari buruzko informazio guztia aurkituko dute, baita unibertsitaterako sarbideari, UPV/EHUko matrikula prozesuari, tasa eta bekei buruzkoa ere.

Horrela, EHUazokara sartzean bi pabiloi aurkituko dituzte. Lehenengoan, unibertsitatean sartzeko prozesuari, bekei eta tasei buruzko informazio zehatza aurkituko dute, baita UPV/EHUk bere ikasleei eskaintzen dien beste zerbitzu batzuei buruzkoa. Bigarren pabiloian UPV/EHUko 19 eskola eta fakultateetako standak daude, eta horietako bakoitzean, hainbat formatutan (liburuxkak, bideoak, webguneak, etab.) eskaintzen dituzten graduei buruzko informazioa aurkituko dute. Guztira, 103 graduk osatzen dute datorren ikasturterako prestatutako eskaintza.

Standetan zabaldutako informazio horretaz gain (edozein unetan ikusi ahal izango da), zuzeneko informazio-saioak antolatu dira larunbatean, urtarrilaren 30ean, otsailaren 6an eta otsailaren 13an. Saio horietan, interesdunek zuzenean parte hartu ahal izango dute UPV/EHUko irakasleekin (ikastegiek ematen dituzten graduen xehetasunak azalduko dituzte) eta sarbide-zerbitzuko langileekin (unibertsitatean sartzeko prozedura azalduko dute). Larunbatetako saioez gain, fakultate eta eskolek beste jardunaldi batzuk antolatu dituzte zuzeneko saioekin. Guztira, EHUazokaren irekiera aldian 400 saio baino gehiago egingo dira zuzenean.

Eva Ferreira errektoreak EHUazoka modu birtualean ospatzeak dakarren apustu sendoa azpimarratu du: "Pertsonen mugikortasunerako eta aurrez aurreko jarduerak garatzeko zailtasun-uneak bizi ditugu – adierazi du –, baina UPV/EHUk bere horretan jarraitzen du euskal gizartearekin eta, bereziki, hautu pertsonal baten bila eskaintza akademikoa aztertzen duten ikasleekin duen konpromisoarekin. Aurten, gure orientazio-azoka birtuala izango da: ahalegin handia egin da, baina merezi izan du, betiko zabaltasunez eta xehetasunez informatu ahal izango dugulako, mintzaldi gehiagotara modu birtualean joateko abantaila erantsita. Bereziki azpimarratuko nuke irakasleekin eta sarbide-zerbitzuko langileekin harreman zuzena izateko aukera kanpaina honetako hiru larunbatetan egingo diren informazio-saioetan. Ziur nago 2021eko EHUazoka aurreko urteetako azokak bezain arrakastatsua izango dela".

Ehun gradu inguru

UPV/EHUko 2021-2022 ikasturterako graduen eskaintza akademikoak 103 gradu ditu, arlo guztietako ikasketak barne, batzuk historia luzekoak (Medikuntza, Artea, Zuzenbidea, Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritza edo Biologia), beste batzuk oraintsuago ezarriak (Adimen Artifiziala, Lehen Hezkuntza hirueleduna edo Energia Berriztagarrien Ingeniaritza). Eskaintzan 12 gradu bikoitz ere daude, eta horietako bat, Business + Economics, osorik ingelesez irakasten da. Izan ere, beste hizkuntzetako eskaintza handituz joan da eta dagoeneko 700 irakasgai daude ingelesez ikasteko, baita 180 beste hizkuntza batzuetan ere. Hiru graduk Unibasq Kalitatearen Euskal Agentziak bere ikasleen nazioartekotzea sustatzeagatik ematen duen nazioarteko aipamena dute.

Gainera, hamaika graduk prestakuntza duala (unibertsitateko eta enpresako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak uztartzen dituen eredua) ematen dute , eta Unibasq-en aipamen duala jaso dute. Prestakuntza duala alde batera utzita, ia ikasle guztiek dute euskal sareko enpresa, erakunde, GKE edo elkarteetan kanpoko praktikak egiteko aukera, urtero 12.000 praktika inguru egiten baitira, eta horietatik % 40 boluntarioak dira.

UPV/EHUk konpromiso sendoa du inklusioarekin, ekitatearekin eta iraunkortasunarekin. Adibidez, hezkuntza-premia bereziak dituzten unibertsitateko ikasleei laguntza-neurriak eta baliabideak eskaintzen zaizkie aukera-berdintasuna bermatzeko. Ikasturte honetan, unibertsitate-ikasketak egiten dituzten 425 ikasleri ematen zaie laguntza; eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan, unibertsitate aurreko 439 ikasleri eman zitzaien arreta, eta horietatik 407k proba egokitzeko eskatu zuten.

Era berean, UPV/EHUk, ebaluazio independente baten ondoren, Hezkuntza Ministerioak emandako Nazioarteko Bikaintasun Campusaren kalifikazioa lortu zuen. Horretaz gain, Europa mailako bi ekimen interesgarritan parte hartzen du: Bordeleko Unibertsitatearekin mugaz gaindiko campus paregabea bultzatu du Europan, eta 2020tik Enlight-en parte da, Europako Batzordeak onartu eta finantzatutako bederatzi unibertsitate europarren partzuergoa, zeinak aukera emango baitie ikasleei egonaldiak egiteko elkartutako erakunde guztietan, prestakuntza-programa berritzaileetan parte hartuz eta gizarte-arazoei irtenbidea emanez. Horretaz gain, munduko unibertsitateekin dituen 2.000 mugikortasun hitzarmenei esker nazioartean egonaldiak egiteko aukera ugari eskaintzen ditu.

2020-2021 ikasturtean, 8.100 ikasle matrikulatu dira lehen mailan Euskal Herriko Unibertsitatean.