euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Norvegiako 'Utdanning & Karriere' nazioarteko hezkuntza-azokan parte hartuko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/12

(Beste leiho bat zabalduko du)
Imported from 500px (archived version) by the Archive Team. (detail page), CC BY 3.0 | Argazkia: Christer Gundersen

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ‘UTDANNING & KARRIERE’ (Hezkuntza eta Karrera profesionala) nazioarteko hezkuntza-azokan izango da otsailaren 14an eta 15ean, Oslon (Norvegia). Euskal unibertsitate publikoak lehen aldiz parte hartzen du Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuarekin (SEPIE) lankidetzan, Erasmus+ programa europarra estatuan kudeatzen duen agentzia nazionala. UPV/EHUk bere pabiloia izango du, eta bertan graduondoko eskaintzaren berri emango da (masterrak eta doktoregoak), baita Erasmus+ mugikortasun-eskaintzaren berri ere. ‘Utdanning & Karriere’ hezkuntza-azoka aukera paregabea da ikasle potentzialekin harremanetan jartzeko eta etorkizuneko hezkuntzari buruzko erabaki informatuak hartzen laguntzeko behar duten informazioa emateko.

Junkal Gutierrez UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordearen hitzetan, "nazioarteko hezkuntza-azoketan parte hartzea estrategia eraginkorra da nazioartean graduondoko ikasleentzako unibertsitate lehiakor eta erakargarri gisa ezagutarazteko. Azokek gure ikusgaitasuna areagotzen dute nazioartean, eta ikasle potentzialekin elkarreragin zuzena izatea errazten dute, UPV/EHUn ikasteak dituen abantailei eta onurei eta gure programen eskaintza zabalari buruzko zuzeneko informazioa jaso baitezakete. Networkingerako aukerak ere badira, eta bide zuzenak irekitzen dizkigu talentua erakartzeko eta Estatu mailan zein Europa mailan unibertsitate erakargarri gisa abantailaz kokatzeko".

Norvegiako ‘Utdanning & Karriere’ azokak 14.000 pertsona inguru biltzea aurreikusten du. 2023an 20 herrialdetako 100 erakusketari izan ziren, horien artean, Alemania, Australia, Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua.