euskaraespañol

Gaurko irudia

‘Ehiza’, Bego Vicario-k koordinatutako film laburra, Kimuak-ek promoziorako aukeratutakoen artean

‘Hauazkena’ sormen taldearen hirugarren film laburra da, eta mota horretako ekoizpenak zabaltzen dituen erakundearen aintzatespena lortu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/08/04

Begoña Vicario irakaslea eta 'Ehiza' laburmetraiaren koordinatzailea
Begoña Vicario UPV/EHUko irakaslea eta 'Ehiza' laburmetraiaren koordinatzailea. Argazkia: Mikel Mtz de Trespuentes. UPV/EHU.

Kimuak-ek ‘Ehiza’ film laburra aukeratu du nazioko eta nazioarteko jaialdietan zabaltzea sustatzeko.  Hirugarren aldia da antolaketa honek Bego Vicario UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasle eta ikertzaileak koordinatzen duen ‘Hauazkena taldea’ ikerketa-taldearen ekoizpena saritzen duena.

‘Ehiza’ animazio filma da, eta Rafa Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969an egindako "Homenaje a Tarzán" film laburraren jarraipena izan nahi du, lan hori izanik lehenengotariko euskal animazio filmetako bat. Bertan, gure errealitatearen gordintasuna islatzen da: jazarpena, indarkeria, suntsipena. 'Film labur' honetan, Bego Vicarioren taldeak Balerdiren proposamen estetikoa erreproduzitu nahi izan du, baina lan hura inspiratu zuen begirada kolonialistatik urrunduta.

Vicariok azaltzen duenez, proiektu honetan "Rafa Ruiz Balerdik bere filmaren amaieran utzi zigun mezua jaso dugu, zeluloidearen gainean “continuará” idatzi zuenekoa, eta hurrengo kapitulua bere teknika grafiko berberekin edo egungo baliokideekin egiteko erronka onartu dugu".

"Euskal Herriko eta Europako animazio zinemaren historiaren parte sentitzen gara, eta, haren oinordeko gisa, aurreko belaunaldietako artistek erdi abandonatutako kontzeptuak, teknikak eta proiektuak erreskatatu ditugu, eta aplikatu, birziklatu edo jarraitu ditugu, egungo paradigma sozialetik eta sortzaile gisa ditugun ikuspegietatik", adierazi du artistak.

Film hau “jarraituko du' hitzekin bukatzen da, eta Vicariok, ironieraz dio, "beharbada 50 urte barru geureak bezalako beste 'frikipanda' batek proiektuari jarraipena eman diezaion", Balerdik bere garaian proposatu zuen bezala.

Hauzakena taldea, lagun zaharrak

Hauazkena taldea artista eta animatzaile talde bat da, eta izen desberdinekin (Ageda Kopla Taldea, Atxur Taldea, Armintxe Taldea), 2016az geroztik dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean. Talde lana da, eta proiektu bakoitzean hainbat artistak parte hartzen dute (irakasleek, ikasleek eta ikasle ohiek). Bosgarren film laburra da hau, eta, gaur egun, seigarrenean ari dira lanean, atariko izenburu honekin: "Hiria".

Oraingoan, hauek dira taldeko kideak: Ruth Escobar (animatzaile nagusia), Jugatx Aztorkia, Arrate López Arratibel, Naiara Mallabia, Andere Molinuevo, Angela Jurado, Miriam Inza, Uxue Reinoso, Roberto Zabarte (taldeko aholkulari teknikoa ere izan da), Oihana Leunda (diseinu lanak ere egin ditu) eta Bego Vicario (proiektua koordinatu du. Ekoizpen exekutiboa Patxi Azpillaga Ikus-entzunezko Komunikazio irakasleak egin du, Xabier Erkiziak soinu banda eta Eduardo Elosegik hartu du bere gain postprodukzioa.

Proiektuak Arte Ederren Fakultatearen , Eusko Jaurlaritzaren eta Mikel Laboa Katedraren laguntza izan du.

Kimuak-en bost tituluetatik hiru

Lortu berri duten sari honekin, Hauazkenak bere bost tituluetatik hiru Kimuaren urteroko katalogoetan egotea lortzen du.  Hauek dira taldeak ekoitzitako tituluak:

- 2016: Beti bezperako koplak. 05:53. Animazioa

- 2017: Areka. 06:35. Animazioa

- 2019: Miraila. 05:19. Animazioa

- 2019: En la luna. 06:00. Animazioa

- 2020: Ehiza. 04:58. Animazioa

Zer da Kimuak?

Kimuak-ek urtero zazpi film labur aukeratzen ditu Euskadin azken urtean egindako proposamen guztien artean, nazioko eta nazioarteko jaialdien bidez banatu eta zabaltzeko. Hautaketa irizpide nagusia lanaren kalitatea eta ahalik eta publiko zabalenera iristeko duen gaitasuna da. Lanaren originaltasuna eta ausardia baloratzen dira, bai eta euskaraz filmatuta egotea eta Euskal Autonomia Erkidegoko teknikarien eta aktoreen parte hartzea izatea ere.

Hautatutako film laburrak sustatzeko eta banatzeko, Kimuak-ek edizio bakoitzerako katalogo bat argitaratzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesarekin, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin. Katalogoa zinemaldi garrantzitsuenetara bidaltzen da film laburren aukeraketa berria nazioarteko publikoari helarazteko.