euskaraespañol

Euskal polizia-nobelagintzari buruzko azkerketa aurkeztu du UPV/EHUko argitalpen-zerbitzuak

Azken hamarkadetan euskal autore nabarmenenek argitaratutako polizia-literaturaren azterketa zabala biltzen du liburuak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/25

Jose Manuel López Gaseni eta Jon Kortazar. Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko LAIDA ikerketa-taldeak, Jon Kortazarrek zuzenduak, 'Egungo euskal krimen-literatura' izeneko lana plazaratu berri du, 'Egungo Euskal Literatura' bildumaren baitan. Azken hamarkadetan euskal autore nabarmenenek argitaratutako polizia-literaturaren azterketa zabala biltzen da liburura, Jose Manuel López Gaseniren koordinazioaren pean.

Azterlanak polizia-generoa era batera edo bestera baliatu duten dozena bat euskal egileren idazlanak aztertzen ditu, haien artean Itxaro Borda, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Ramon Saizarbitoria, Jon Alonso edo Jon Arretxe. Gainera, gaztelaniaz idatzi duten bi euskal idazle ere hizpide ditu: Ramiro Pinilla eta Dolores Redondo.

Saiakera-bilduma “Polizia- eta krimen-literaturaren sistema deskribatzeko oharrak” izeneko sarrerarekin zabaltzen da, López Gasenirena. Jarraian, zenbait egile eta obraren azterketak datoz, kronologikoki paratuak, haur eta gazteentzat idatzitako polizia-literaturari buruzko estudio orokorrago batekin batera. Hurrena, Pinilla eta Redondori buruzkoak datoz, eta baita obra batzuen azalei buruzko analisi artistiko-funtzionala eta polizia-literaturaren ahalmen didaktikoaren erakusgarri bat ere. Liburua ixteko, Steward King australiar akademikoaren epilogo bat dator, non nazioarteko aditu ospetsuak aztertzen duen euskal polizia-literaturaren ikerketaren egoera munduko estudioen testuinguruan.

Liburuan parte hartzen dute LAIDA taldeko Asier Barandiaran, Mari Mar Boillos, Xabier Etxaniz, Karla Fernández de Gamboa, Susana Jodra, Jon Martin, José Antonio Morlesín eta Javier Rojo ikertzaileek; haiekin batera, Ur Apalategi (Paueko Unibertsitatea), Maite Aperribay (UPV/EHU), Miren Billelabeitia, Santiago Pérez Isasi (Lisboako Unibertsitatea) y Aiora Sampedro (Salamancako Unibertsitatea) irakasleek ere bai.

“Euskal polizia-literatura, agerpen berantekoa izan arren, sasoi betean dago gaur egun, hein batean generoa mundu osoan jasotzen ari den harrera gero eta sutsuagoari esker. Izan ere, XIX. mendearen hondarrean sortu zenetik, generoak jakin du bere burua berritzen eta tokian tokiko beharretara egokitzen denboran zehar. Euskal Herrian, 1955ean “Hamabost egun Urgainen” lehen polizia-nobela argitaratu zenetik, euskal polizia-literaturak zenbait mugarri zeharkatu ditu beste zenbait egileren bitartez, hala nola Txomin Peillen, Gotzon Garate, Iñaki Zabaleta, Itxaro Borda edo Jon Arretxe, eta haietan bilakaera garbia antzematen da planteamenduetan, bilbeetan eta detektibe-ereduetan, belaunaldi bakoitzeko irakurleen gozamenerako”, adierazi du Jose Manuel López Gaseni liburuaren koordinatzaileak.