euskaraespañol

Egunerokoaren zientziak Garain du lehen geltokia, 'Zientzia kalean' erakusketari esker

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2022/06/27 Noiz arte: 2022/07/17

Kokapena

Bizkaia

Deskribapena

Normalean erabiltzen edo kontsumitzen ditugun elementuen atzetik, iturriko ura, ogia edo telefono mugikorra barne, ezaguera zientifikoz betetako unibertso zabala dago. Bestela esanda, zientziaz inguratuta gaude eta zientziaren presentzia hori begi hutsez iruditzen zaiguna baino askoz ere zabalagoa da.

Horrexen froga dugu “Zientzia kalean” hiri-erakusketa ibiltaria. Dibulgazio-jarduera hau UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak bultzatutako ekimena da, eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartean_Zabaltzeko Zuzendaritzaren eta Euskampus Fundazioaren laguntzari esker izango da ikusgai, eta euskaraz eta gaztelaniaz egindako 11 infografiak osatzen dute.

Lehen geltokia, Garai

Infografiak joan-etorrian ibiliko dira datozen hilabeteotan Euskadiko hainbat herritan zehar eta Garai da lehen geralekua. Garain egongo da erakusketa ikusgai ekainaren 27tik uztailaren 17ra, Iruñean eta EHUko Leioako Campusean inauguratu ondoren. Ekimen honen bitartez, modu enpirikoan frogatu nahi diete tokian tokiko oinezkoei eta ibiltariei zientzia eguneroko bizimoduan inguratzen gaituzten gauza guztietan txertatuta dagoela.

“Zientzia kalean” erakusketa herritarrengana irten eta jendea ibiltzen edo elkartzen den lekuetan agertzea xede duen dibulgazio-ekimena da. Horrela, zientziak ohiko jokabidea aldatu eta jendearengana iritsiko da, zientzia-dibulgaziorako jardueren ohiko joerari buelta emanez; izan ere, horrelako jardueretan jendea da ekitaldietara, hitzaldietara, museoetara, azoketara eta bestelako gertaeretara gerturatzen dena.

Iturriko ura, telefono mugikorra, jogurta, zuhaitzen hostoak, garagardoa edo barra kodea, besteak beste, eguneroko elementuak dira guztiontzat eta horiek izango dira zientzia egunerokotasunean ere badagoela erakutsiko duten elementuak.

Zientzia espaloietan eta poltsikoan

Infografien erakusketa NorArte ilustrazio zientifikoko estudioak egin du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileen aholkularitza zientifikoa izan du. Irudi guztiak eskura ditzake interesa duen orok panel bakoitzean dagoen QR kodearen bitartez deskargatuz. Horrela irudiak kontsultatu daitezke une oro eta baita erabili ere.